BARRUAN DAUKAGUN UMEA

Felix Zubia

Felix Zubia

2019-11-04

Barruan daukagun umea – 

Barruan daukagun umeaDuela hilabeteko lanean bertsolaritzak eman dizkidan zeharkako ikasketez hitz egin genuen. Asko eta onak, berriz ere esateko. Norbaitek esan lezake gaur egungo bizimoduaren seinale dela hori, denari erabilgarritasuna bilatu beharra, azken finean bere izaera saltzea. Kapitalismo zitala. Gauza berria ez dela badakigu baina. Platonen Akademia ospetsuan, eskola ematen ari zela, ikasle batek galdetu omen zion: “Zertarako balio du horrek?”. Platonek bere laguntzaile bati esan omen zion: “Eman txanpon bat ikasle horri, eta bidali bere etxera”.

Bertsolaritza, batez ere, pasioa delako niretzat, emozioa. Gure etxean ez da bertsolaririk izan, baina kanturako afizioa, ikaragarria, Aitak bereziki. Eta ziur txikitatik ikasiko nituela lehen bertsoak, kantu moduan. Zortzi urterekin, Zarauzko Ikastolan, gogoan daukat nola irakurri nituen bertsoaren arauak: neurriak, silaba kopuruak eta oinak. Eta horrekin batera, lehen bertsoak. Denak buruz ikasi nituen, eta nago, oraindik ere, erdiak baino gehiago kantatuko nituzkeela: Markesaren alaba, Juana Bixenta Olabe, Ijito jende hoienak, Triste bizi naiz eta…  Neure bertsoak sortzen hasi nintzen orduan, erabat harrapatu ninduen buruko lanetan. Era berean, sormena eta matematika zelako hura. Arauek egiten zaituzte libre bertsotan, matematikek andamioa jarri, egitura horren gainean esanahia eraikitzeko. Puzzle bat egitearen modukoa, sudoku bat, gurutzegrama bat.

Eta oraindik ere pasioak hartzen nau bertsotan ari naizen bakoitzean. Sormena delako, jolasa eta matematika era berean. Gure barruko umea askatzeko aukera, dibertitzeko bidea. Horregatik diot ez dakidala jendaurrean noiz arte arituko naizen bertsotan, baina bai beti egingo dudala neure buruarekin, jolastearen plazeraz.  

Barruan daukagun umea