Oihana Bartra
Oihana Bartra

2019-06-28

Ez da Onintza

Ez da Onintza –

Ez da OnintzaKontua ez da Onintza. Izan zitekeen Onintza, izan zitekeen beste bat. Ez naiz Onintzaz ariko, beraz; izan ere, jazarpena ez diote Onintzari egin. Edo, hobeto esanda, berari egitearen arrazoia bera dena edo esan duena baino, berak ordezkatzen duena dela esango nuke. Nori egin diote ba? Proiekzio publiko handia duen emakume bati; egunero egunkarian idazten duen emakume bati; iritzi ausart eta batzuentzat ezerosoak ematen dituen emakume bati; emakume ez normatibo bati; Mariano Rajoyren aurrean bere moño eta guzti plantatu zen emakumeari; emakume txapeldun eta aginte-makiladun bati; batzuen pribilejioak kolokan jartzen dituen bati. Boikota arrakasta eta entzutea duen emakume arriskutsu bati egin diote, azken batean. Hitz batean esanda, feminista bati. Horrekin ez dut ezer esan, badakit, baina dena esan dut.

P.D. Onintzaz ez nintzela ariko esan dut, baina gezurra zen. Gauzatxo batekin amaitu nahi dut. Onintza pixka bat jarraitu duenak badaki non topa dezakeen: pentsionisten manifestazio baten amaieran bertsotan, Ongi Etorri Errefuxiatuak-en prentsaurrekoan hizketan, epaiketa politiko batean epaituko dituztenei babesa emanez grabatutako bideoan, gaztetxe batek antolatutako ekintza batean mozorro eta guzti, ekitaldi feminista bati umorea jartzen, jardunaldi internazionalistetan kantari.. Hori da Onintza.

Ez da Onintza