Lujanbioren belaunaldiari eskaera

Ainhoa Agirreazaldegi

Ainhoa Agirreazaldegi

2018-01-03

Lujanbioren belaunaldiari eskaera –

Laster beteko dira hogei urte, Joxerra Garziak bere doktore tesia, Gaur egungo bertsolaritzaren baliabide poetiko-erretorikoak (1999) argitaratu zuenetik. Lan hori, nagusiki, Andoni Egañaren bertsogintzaren azterketan oinarritzen zen, eta haren gaitasun eta joerak bistaratu zituen batez ere. Ur hartatik luzaroan edan genuen bertso-eskoletan, eta huraxe izan zen hurrengo bertso-belaunaldien prestaketa gehien markatu zuen proposamen teorikoa.

Joxerra Garziak idatzi zuen doktore-tesia, baina Andoni Egañak idatzi zuela esatea ere ez litzateke gezur osoa. Izan ere, Andoni, bertsolari gisa aparta izateaz gain, bere jardunaren gogoetatzaile nekaezina izan da. Eta ikaragarri eskuzabala. Gorde zitzakeen bere lan-moduak sekretu handienen pare, eta bertsolari berdindu ezinaren bideari bakarka segi. Baina ez du halakorik egin. Hitzaldi bat, bertso-eskoletarako ikasgairen bat… eskatu izan zaion guztietan agerian utzi ditu bere lan-erremintak, bere gogoetak, kezkagaien nondik norakoak, proposamenak… Horiek guztiak gabe nekez idatziko zuen Joxerrak bere lana.

Hogei urte beteko dira laster, eta lan hura eskas geratu da gaur egungo bertsolari zenbaiten bertsogintza aztertzeko. Azken urteotako plazako bertsolariek (Andoni bera barne) gainditu egin baitute orduko lan-modua. Proposamen estetiko, ideologiko, linguistiko, literario… berriak ekarri dituzte. Denboraren perspektiba horrek erakusten du zenbateraino berritu duten bertsolariek beren jarduna.

Lujanbioren belaunaldiari eskaeraDenbora aurrera doa, baina ikerketek ez dute bertsolarien berrikuntza horien berri jaso. Maialen Lujanbiok bi txapel jantzi ditu, bien bitarteko denboran bertsogintzan sekulako garapena eginda. Lehen txapel-aldiko bertsogintza aztertzeko dago oraindik, eta beldur naiz bigarrenarekin ere antzeko zerbait gertatzeko arriskuan ez ote gauden. Badira bere belaunaldi-kide gehiago ere beren bertsogintza aztertzea merezi luketenak (Unai Iturriaga eta Igor Elortza, bi aipatzearren). Belaunaldi horrek hogeita bost urte egin ditu plazan, lortu duten bertso-maila izugarria izan da, eta luxu handia litzateke horien azterketarik gabe geratzea.

Badakit bertsolariek, gainontzeko sortzaile guztiek bezalaxe, beren sorkuntza-lanaz haratago ez luketela zertan zabalpen-lanik egiten aritu behar. Baina bertsoaren ikerketak baditu bere mugak, eta beren autore-lanik aztertzera ikerlaririk iritsi ez bada, akaso inoiz ez da berandu belaunaldi horretako bertsolariak beren lanaz eta bertsogintzaren gainean duten ikuspegiaz dituzten gogoetak parteka ditzaten. Oraintxe daude beren mailarik gorenean, erretiratu ondorengo gogoetek ez lukete gaurkoek adinako baliorik izango.

Lotsa izango da, seguru asko, lan horiek ez egitearen arrazoi nagusia. Lotsa, ordea, kontzeptu burgesa omen da, hitz egin dezatela lasai…

Lujanbioren belaunaldiari eskaera