Juanjo Uria, bertso-eskola sortzailea

2018-01-04

Juanjo Uria –

Junjo Uria Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi edota Unai Agirreren bertso irakaslea izan da, besteak beste. Edu Lartzagurenek elkarrizketatu zuen Berrian.


JUANJO URIA. BERTSO ESKOLEN SORTZAILEA

«Zaila zait sinestea gaurko bertsolariak benetan bat-batean ari direnik»

Hiltzaile parapolizialen baldarkeriari esker dago bizirik Uria. Franco hil osteko lehen alkatea izan zen Hernanin, eta han sortu zuen lehen bertso eskola. Haren ikasle izan dira Maialen Lujanbio, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze bertsolariak, besteak beste.
2017ko abenduak 24
 
Juanjo Uria

JON URBE / ARGAZKI PRESS



 
«Zorionak, Juanjo», «Zorionak igandekoarengatik». Egunak pasatu dira, baina Juanjo Uriak (Hernani, Gipuzkoa, 1951) ezin du herrian pausorik eman jendearen esker oneko hitzak entzun gabe —batek etxean eginiko marmelada poto bat oparitu dio—. Ez da harritzekoa: joan zen igandeko bertsolari finalean parte hartu zuten zortzi bertsolarietatik lau Uriak sorturiko Hernaniko bertso eskolan ikasitakoak ziren: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi.

Zorionak da egunotan gehien entzuten ari zaren hitza?

Nik egin nuen lan hura apur bat puzten ari dela uste dut. Beti bizi izan naiz bertsoaren bueltan, gaiak jartzen, esaterako. Lehen bertsopaper saria 1984. urtean irabazi nuen. Bertsorako joera izan dut beti, asko gozatzen dudalako. Paseatzera ere bolaluma eta paperarekin ateratzen naiz. Orain erretiroa hartu ondoren ere, agendarekin nabil. Nire bizitza bertsotan idazten ari naiz, tartean Hernaniko alkate gisa eginiko kudeaketaz.

Franco hil ondorengo lehen alkatea izan zinen. Udal kudeaketaren inguruko txostena bertsotan idazten ari zara?

Bai. «Jakina zen zaharrek bela/ Egoitza behar zutela/ ta ezin uka zorte pixka bat/ izan genuela/ zain ta urduri geundela/ Madrildik berri itzela:/ eskatutako diru guztia/ eman zigutela». Horrela egin genuen adinekoen egoitza.

Aitona hargina zenuen, eta Txirritaren lankide izandakoa. Bertsoaren ahozko transmisioaren lekuko zuzena zara, beraz?

Aitona oso kontalari ona zen, eta memoria pribilegiatua zuen. Dozenaka bertso zekizkien, eta kantatu egiten zizkigun. Ni ukuilura joaten nintzaion entzutera. Handik datorkit bertsozaletasuna. Auspoa argitaletxeko Antonio Zabalari kontatu nion, Txirritari buruzko lehen liburua 1960. urtean argitaratu zuenean, hango bertsoak kantatzen nizkiola aitonari. Amaitu eta gero, aitonak esaten zidan: «Bertso hori ez dago ondo, Txirritak ez zuen horrela kantatu, honela baizik…».

Hernanin 1975. urtean, gai jartzaile ibili zinen Lasarte eta Lazkao Txikirekin. Azken bertsolariak izango zirela uste zenuen?

Bai. Pentsa aurreko berrogei urteak nolakoak izan ziren: euskararen aurkako zapalketa, debekua… Bertsolari zaharrenak hiltzen ari ziren, eta berriak sortzeko formularik ez zen ezagutzen. Orduan jende guztiak esaten zuen: «Bertsolariak jaio egin behar du». Horrek esan nahi zuen ezin zitekeela bertsotan ikasi, eta guk hori oso barneratua genuen. Baina gero Amuriza etorri zen, eta esan zuen: «Zeinek esan du bertsotan ezin dela ikasi?». Hari zor diogu etena ez izatea.

Zuk ez zenion Amurizari sinetsi, orduan. Zertarako sortu zenuen Hernaniko bertso eskola?

Kostatu zitzaidan Langile ikastolak eginiko proposamena onartzea. Bertsoak idazten nituen, eta ezagutzen nuen mundu hori, baina hortik ikastaro serioa eta trinkoa prestatzera koska bat zegoen. Aurrena neure burua konbentzitu nuen: emaitzak espero gabe, hura ona izango zela pentsatu nuen; 10 urteko haurrek bertsoaren mundua ezagutuko zutela. Berehala konturatu nintzen umeek badutela gaitasuna. Esperientzia hura bertsoa baino gehiago izan zen: gela hartan oso giro goxoa sumatzen nuen, maitasuna. Beharbada, goxotasunarekin eta maitasunarekin ez zara helburuetara iritsiko, baina horiek gabe lortzen duzuna, agian, ez da horren polita. Laster konturatu ginen eskolak zeozer ekarriko zuela. Eta begira zer ekarri duen.

Ezagutzen zaituztenek esaten dute ez zarela inoiz alderdi gizona izan. Nolatan ekin zenion politikari?

Soldaduskatik etorri berritan, 1973-1974an, Mendi-Gain elkartean hasi nintzen. Ekitaldi asko antolatzen genituen. Gauza asko debekatuta zeudenez, mendi elkarteak ematen zigun lege babesarekin bestelako kontuak antolatzen genituen, era guztietako gaiak jorratzen. Herrigintzan aritu ginen, eta horrek herrian pertsona ezagunak izatea ekarri zuen. 1979an etorri ziren hauteskundeak. Ni ezker abertzalearen barruan nengoen ideologiaz, baina ez nintzen inongo alderditako kide. Batzar handi bat egin zen zerrenda egiteko. Nire izena atera zen, alde handiarekin, zerrendaburu izateko. Ezetz esan nien, eta ezetz esan nuen azken minutura arte. Baina ez zioten beste inori esan zerrendaburu joateko. 27 urterekin sartu nintzen udaletxean.

Hernani, orduan, Urnieta eta Andoainekin, heriotzaren triangelu bihurtu zuten indar parapolizialek. Bizirik zaude traketsak izan zirelako?

«Ia iritsi berria/ zain neukan nire herria/ ta laster zeinen gertaera latz/ eta mingarria/ bonba bat, izugarria/ kotxe azpian jarria/ horrela egin zidaten batzuk/ ongi etorria». Alkate bihurtu eta lau bat hilabetera saiatu ziren gu hiltzen. Hiru hilabeteko alaba saskitxoan sartu nuen autoan, haurtzaindegian uzteko. Autoa abiatzerakoan eztanda egiteko prestatuta zegoen lehergailua. Emazteak deitu zidan gero: «Juanjo, non eduki duzu autoa gauean? Hemen lurrean kableak dituen fardel bat dago». Bost kartutxo lehergai zituen bonbak, eta xingola isolatzailearekin itsatsi zuten autora. Erori egin zen, pisuarekin edo. Ez zen abisua, gauza serioa zen. Handik 30 egunera, Tomas Alba zinegotzia hil zuten Donostian. Neure laguna zen.

Zer sentitzen duzu Gabon Zahar egunean Espainiako telebistetan Madrilgo Puerta del Soleko erlojuaren eraikina ikusten duzunean?

Aurrealde ederra, eta gezur handia. 1982. urtean, Donostian 24 ordu izan ninduten Gobernu Zibilean. Gero beste bederatzi egun Madrilen, Puerta del Soleko zulo haietan [DGS Dirección General de Seguridad erakundearen egoitza zen. Han torturatu zuten Joxe Arregi bi urte lehenago, heriotza eragin arte]. Nire kasuan ez ziren izan tortura latza eta gogor horietakoak. Diktadura baten arrastoak daude hemen; Paco Etxeberriaren txostena ikustea besterik ez dago. Euskal Herrian ez dago inor sinesten duenik hemen ez dela torturatu, esango dutena esango dutela. Orain, ordea, elkarbizitzarako garaia da. Biolentzia guztien biktimen arteko eta gizarte osoaren bizikidetzaren eta elkartasunaren garaia. «Beren jarrera harrotik/ heldu zidaten lepotik/ gau eta egun sufriarazi/ ziguten gogotik/ nahiz sendiaren ondotik/ eten ninduten errotik/ nire barrena ikusi nahi dut/ libre gorrototik».

Sari asko irabazi dituzte zure bertsopaperek, eta bertsolariak sortu dituzu. Zergatik ez zara inoiz ibili plazako bat-bateko bertsolari?

Nire garaian ez zegoen girorik horretarako, eta ez zitzaidan inoiz bururatu plazan aritzea, esan bezala, bertsolariak orduan jaio egiten zirelako. Gainera, bertso jartzaile nahi ninduten, ordura arte horretan zebilenak beti apaizak izaten zirelako. Halere, Santiago Aizarna kazetariak idatzi zuen behin saio baten kronika, eta gai-jartzailea «zozo samar» aritu zela esan zuen, nigatik [barrez].

Joan zen igandeko finalisten erdiak, zure eskolakoak. Zer zara, bertsoaren Pep Guardiola antzeko bat?

Guardiola, inondik ere ez. Jende asko ibili da lan horretan, eta ni beste bat besterik ez naiz izan. Finaleko bertsolariak oholtzan ikusten ditudanean, orduko 9 urteko ume haiek etortzen zaizkit gogora. Aitor Mendiluzerekin aritu nintzen lehengoan, eta esan nion: «Baina noraino iritsi zarete, Aitor? Zer da hau? Hain gailurrera, hain ondo, hain landu… Zelako bertsolaritza betea eta ederra egiten ari zareten!». Eta Maialenez [Lujanbio], zer esan… beste galaxia batekoa da. Zaila zait sinestea gaurko bertsolariak benetan bat-batean ari direnik. Egiten dituzten bertso horiek, zeuk idazten hasi, eta buru argia baldin badaukazu, agian egin ditzakezu… baina bat-batean halakoak sortzeak ezinezkoa ematen du. Ezinezkorik ez dagoela erakusten ari dira hauek.

Gure Esku Dago dinamikan ibili zara azken boladan. Gaztetako askatasun eta herrigintza gose hura berriz pizteko modurik ikusten duzu Euskal Herriko populazio piramidea horren zahartuta dagoen honetan?

Ez da erraza. Ditugun helburuak aurrera eraman ahal izateko mugimendu indartsu bat behar da. Eta, horretarako, ideologia ezberdineko jendea behar du barruan. GEDen aldarrikapenak ez dira lortuko euskal gizartearen zati batek bakarrik bultzatzen baldin baditu.

Idatziak dituzu 400 orrialdeko memoria moduko batzuk. Esan duzu ez duzula argitaratuko. Zertarako idatzi, orduan?

Ez da liburua, lantxo bat baizik. Niretzat idazten dut, etxerako, oso ondo pasatzen dudalako idazten. Ez dakit, ordea, jende askoren arreta piztuko lukeen. Gainera, ez dakit kalitatearen langa pasatuko lukeen.

Ez duzu uste ekarpen are handiagoa egin zenezakeela horren diskretua eta apala ez bazina?

Joan Mari Torrealdaik esan zidan duela gutxi: «Juanjo, apaltasun hori harrotu ezazu pixka bat».