PENTSAMENDUAK VS SENTIMENDUAK

Aroa Arrizubieta

Aroa Arrizubieta

2020-01-14

PENTSAMENDUAK VS SENTIMENDUAK –

Doinua: Izarren hautsa

 

PENTSAMENDUAK VS SENTIMENDUAK

Arg: Jwvein (Pixabay)

 

Nahiz ta barrenak baietz diostan

ez dut egingo negarrik,

sobran baitakit gaur itsasoak

ez dakarrela aparrik…

Lehen zirenak oroitzapenak

dira oroitzen ditudan penak,

baina ez daukat indarrik.

Lehen hitz egiten zuten bihotzek,

orain, itxuraz, bi harrik;

atzoa oso presente daukat,

ez dut ikusten biharrik.

Lehen kafea daukat gogoan,

ni zure eta, zu nire alboan…

Itzultzeak ez du txarrik,

baina ez dut nahi bakarrik. 

 

Logiken baitan berez ez dakit

sentimenduak azaltzen,

koherentea izaten eta

barrenak azaleratzen.

Buruz naiz aske, bihotzez estu,

sentimenduak zentzurik ez du

eta ez naiz gai aldatzen.

Biok berdina sentituz gero 

printzipioz zerbait ona zen,

baina ilusioz hasi ote naiz

jada enparanoiatzen?

Lokartu aurreko ordu erdian

pentsatzen jartzen bainaiz (agian):

Zenbatetan oheratzen

zaren zu nigan pentsatzen. 

 

Badakit honek ez duela nik

emana beste garrantzi,

ekuazioan “x” sinple bat

behar nuela ebatzi;

baina nahastu egin zait gauza,

nahiz eta argi ez izan kausa.

-Nondik behar nuke hasi?-

Eta duela segundu erdi

egin nahi arren garraxi,

Whatsapp soinuak paranoia bat

zela dit ohartarazi:

Zeren mezuak malizi gabe

dio: “Txiki, gaur zer moduz zaude?”

Aurreko dena dut ahantzi

(e)ta ez dut nahi gehio idatzi.

PENTSAMENDUAK VS SENTIMENDUAK