Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2021-05-13

Deskonfi(n)atzea

Deskonfi(n)atzea –

Hitz joko basikoa, bai, baina egoeraren adierazle ona dela iruditzen zait, deskonfinamenduak dakarren lausotasunean. Neurriak egun batetik bestera aleariotoki aldatzen diren honetan, nahiz eta berez maiatzaren 19tik aurrera Ipar Euskal Herriko ekimen kulturalak berriz hasten ahalko diren protokoloak jarraituz, ez dakit zerk itxoiten gaituen hain aldakorra eta inestablea dirudien ortzimuga honetan. Berriro ere gurean izango ditugu gel hidroalkoliko eta maskarillek babesturiko bertso saioak, kontzertuak, zein bestelako kultur emanaldiak. Berriro ere, distantziaz beteriko publikoen aurrean edo publikoen parte aurkitu beharko gara, ezagutu gabe ongi bere muxu-zapiaren atzetik salaren fondoan agurtu gaituen hura.

Ezer baino hobea dela esango didate batzuk, behintzat kulturak bizirik diharduela, eta ez diet ezekorik emango. Dena dela, ongi dakigu zergatik maiatzean deskonfinatzen gaituzten eta zergatik ez urtarrilean. Zergatik Xilaba eten behar izan dugun iazko larrazkenean eta zergatik orai berriro kantatzeko eskubidea oparitu diguten, txerto eta neurri arinen pack berean. Udaren jomugak kovidaren lasterraldia baldintzatu balu bezela, orai bapatean dena “normalera” bueltatu behar litzateke.

Hala ere, ongi dakigu normaltasun hori zeinentzako diseinatua izan den. Turismoak eta merkatua sustatu beharrak ematen diote erritmoa udari Euskal Herrian, eta ari naiz gu ere ez ari garen guretzat zizelkatu zuten kaiolan erortzen. Dagoeneko hasiak dira herriko etxeak zein kultur elkarteak bertsolarien, dantzarien, zein musikaren bila, herriko plazen alaitzeko udan, “animatzeko”. Jakin nahiko nuke zergatik bertsolari, dantzari eta musikari berdinen beharrik ez den negu betean, edo orohar, turismorik ez den sasoietan, “gureak” diren sasoi hoietan.

Noski poztu behar garela ekimen kulturalen bermatzeaz, baina konfinamenduan baino kultura itxiago bat izan daiteke deskonfinamenduak guretzako nahi duen hori. Deskonfiatzea eta deskonfinatzea Lapurdi kostako hiri zentro bateko plazan, artista batean aurrealdean lurrean emandako txapel batean botatako txanponaren ber aldeak ez ote diren pentsatzen ari naiz.

Deskonfi(n)atzea

Deskonfi(n)atzea