Guretik eta guretzat

Guretik eta guretzat –
Uda amaierak berarekin dakar tristura puntu bat. Oporraldiari agur esan eta ohikotasunera bueltatzen da bizitza, lantokira gustura joaten denari ere galbana sorrarazita. Esan daiteke urte berria hastea baino are aldaketa handiagoa dela abuztuaren 31tik irailaren 1erakoa, mahatsen zapore gozorik gabe irentsi behar izaten da gainera. Horregatik, garrantzitsua da trantsizio hori egiteko plan aproposak topatzea, udari amaiera ona eman eta, gutxienez, irailari oroitzapen politarekin ekiteko.
Udako hilabeteetan askotariko bertso saioak antolatzen dira, herrietako festek aukera paregabea eskaintzen baitute horretarako. Badira proposamen bereziak, formatu berritzaileak, libreko saioak, musikatuak, bertso poteoak… Bakoitzak bere ekarpena egiten dio festari, eta guztiek balio dute bertsoaren bueltan jendea elkartzeko.
Ideia horri tiraka, eta abuztuaren 31 larunbata zela baliatuta, osagai guzti horien nahasketa dastatzeko aukera izan zen Hernaniko Itxas Buru sagardotegian. Bertso munduaren bueltan dabilen jendea elkartzeko helburuarekin sortu zen Guretik eta Guretzat festa. Hirugarren edizioa izan da aurtengoa, eta mugarri berri bat gehitu zaio Zerainen hasi eta Deriotik igarotako bideari.
80 pertsona inguru elkartu ziren Itxas Burun, eta egun osoko bertso egitarauaz gozatzeko aukera izan zuten bertan. Goizean libreko saio labur batekin egin zuten ongietorria Libe Goenagak eta Xabier Narbartek; eguerdian Aizpea Garmendiaren gaiei erantzuten aritu ziren Xabier Silveira, Ekhiñe Zapiain, Nerea Elustondo eta Eneko Araiztegi Korta; bazkalostean Imanol Lazkanok eta Rosi Lazkanok bertso jarriak abestu zituzten; eta arratsaldean, eguneko saio handienean, abestu zuten Haira Aizpuruak, Maider Arregik, Unai Izagirrek, Arkaitz Estiballesek, Iñaki Muruak eta Kristina Mardarasek, Xalbat Alzugarairen eta Ainhoa Larretxearen gaiekin.
Ongietorria
11:30 alderako zegoen programatuta Libe Goenegaren eta Xabier Narbarteren libreko ongietorria, eta ordurako hasi zen jendea Itxas Buru gainean dagoen Arriatxuko eskolara igotzen. Saioa hasterako, ordea, ordubete zeraman bertan zain Narbartek, urduritasuna edo gogoa tarteko, etxetik behar baino lehenago atera eta 10:00etan iritsi baitzen Hernanira. Urte asko zeramatzan goierritarrak jendaurrean abestu gabe, baina garai bateko txispa mantentzen duela erakutsi zuen, eta berea izan zen eguneko lehenengo bertsoa kantatzeko ardura:
Ongi etorri besarkada bat
betiko gizalegean
A zer-nolako egun haundiya
tokatu zaigun parean
Jarri dezagun guztiya martxan
hasi gaitezen bidean
Ta ea egunak merezi duen
bezela portatzen gean
Erritmo bizian osatu zuten bi bertsolariek libreko saioa, eta gai askori buruz hitz egiteko tartea hartu zuten hogei minutuan. Libek ez zuen ordutegiaren anekdota pasatzen utzi, eta pare bat aldiz saiatu zen kantukidea zirikatzen “Edozein ezta saiotarako/ goizeko seitan jeikitzen; Hamarretan zu hemen zeunden ta/ ni oraindik lotan nintzen” gisako esaldiekin. Hala ere, ez zuen Narbarte hitzik gabe utzi, segituan topatu baitzituen diana berriak: “Lekua ezin bilatu eta/ ez naiz ibili dotore/ eta oraindik eztiate eman/ ezta zerbeza bat ere”.
Handitik txikira egin zuten salto jarraian. Orioko balearen doinuan iritsi ziren ongietorriko bertso bixienak. Bakoitzak bertsolaritzarekin duen harremana izan zen abiapuntua, eta berriro ez zutitzeko arriskuan geratu ziren azkenerako:
L. Goenaga:
Jende intelektuala degu parez pare Kantatzera ausartu gera gu halare Gure mikrofonoa ta gure aldare Zenbat denbora zoaz bertsotan in gabe? |
X. Narbarte
Etzazula mesedez horrela hitz egin Hala diozu baina nik sinistu ezin Zu ondo entrenatuta zabiltza Lizardin Ta ni kantatu gabe juan dan aspaldin |
Zu historia zera
ta ezagututa Oso ondo zabiltza hasi eta buka Nahiz nerekin irain bat nahi zenuken truka Nahi altzu kantatzea belaunikatuta? |
Hori esan didazu
ta gainera tinko Ez ote zenun behintzat gordean eukiko Ni hemen jartzen banaiz orain belauniko ez nauzu ez berriro zutik ikusiko |
Hasiera ederra izan zuen goizak, eta doinuari buruzko aitortzarekin bukatu zuen ongietorria Narbartek: “Lehen ez dizut esan ta/ orain datorrela/ Oriyoko balia/ gorroto nuela”.
Goizeko saioa
Izaera berezia duen lekua da Arriatxu. Garai batean eskola zena elkarte bilakatu da orain, eta festarako ezin eremu aproposagoa da. Goizeko lainoak uxatuta, eguzkiak bete-betean jotzen zuen eguerdirako, eta sagardoarekin freskatzeko hautua egin zuten gehienek. Ordurako lehenengo besarkada emanda zuten aspaldiko ezagun guztiek, eta kontu zaharrak berritzen aritu ziren bigarren saioa hasi bitartean.
Lau bertsolarik abestu zuten eguerdian: Xabier Silveirak, Ekhiñe Zapiainek, Nerea Elustondok eta Eneko Araiztegi Kortak. Gai-jartzaile lanetan bik aritu behar zuten berez, Aizpea Garmendiak eta Iker Iriartek, baina Iriartek ezin izan zuen bertan egon, eta Garmendia arduratu zen bien artean prestatutako gaiak jartzeaz.
Ofiziotan aritu ziren, batik bat, saio guztian zehar. Ordubete ingurukoa izan zen jaialditxoa, eta ariketa berezi batekin bukatu zen; memoria ariketa batekin. Ez dakigu ganbarara, kartzelara edo sagardotegira, baina norabait eraman zuten Silveira, eta ondorengo galdera egin zien Garmendiak gainontzeko hiru bertsolariei: “Non ezagutu zenuten Xabier?”. Elustondok Legazpiko gaztetxea aipatu zuen, Zapiainek haur garaiko anekdota bat, eta Kortak egun horretan bertan ezagutu zuela kantatu zuen. Hiruren testigantza amaituta, bueltan ekarri zuten Silveira bere bertsioari buruz galdetzeko. Lehenengo bietan asmatzetik urruti ibili zen, baina azkenekoan, Kortari emandako erantzunean, pare-parean jo zuen: “Errespetuarekin/ hauxe da egia;/ Sekula ikusi al dut/ zure aurpegia?”.
Bertso jarriak
Tripazorriak nabaritu orduko jaitsi zen jendea Arriatxutik Itxas Buru sagardotegira. Bapo bazkaltzeko menu berezia prestatu zuten etxekoek, eta mahaiaren bueltan kontu kontari aritzeko tartea izan zen ondoren. Jaki goxoekin ase arren, bertso gosez jarraitzen zuten gehienek, eta arratsaldeko 16:30 aldera altxa ziren Rosi Lazkano eta Imanol Lazkano jendeari bertso jarrien errazioa emateko.
Bertsoarekin duen harremana hamar bertsoz osatutako sortan laburbildu zuen Rosik. Berandu ezagutu zuten elkar, baina ezer gutxik gozarazten omen du etxeko sukaldean sortzeak baino gehiago:
Zarauzko gaztetxean
kopla batzuk bota Edo bertso egunez oholtzara igota Batzuek irriparrez aurrean txaloka Beste batzuen hitzak hobeto ez konta Askotan ibili naiz haizearen kontra
|
Nahiz sabela sentitu
urduri zurruna Deia hartzean ze poz baietz erantzuna Buruari lau buelta papera ta luma Berriro ere entzun txaloen leuna Plazer da sentitzea norbaitek entzuna |
Imanolek, berriz, buruz abestu zituen gertakari zehatzei buruzko zenbait ale. Horietako bat ia sortu berria zuen, Bilboko Aste Nagusiko pregoian Itziar Ituño aktorearen hitzartzeari buruzkoa:
Itziar Ituñoren
halako pregoia
Da nik nere berso hau
pizteko arrazoia
Bere mingain zorrotzak
urrun du erdoia
Esaldi bakoitzean
jotzen zuen goia
Aste Nagusiantzat
marka erraldoia
Arratsaldeko saioa
Bazkalosteko kopekin batera iritsi zen eguneko saiorik jendetsuena. Belaunaldi ezberdinetako sei bertsolari aritu ziren kantuan, jaiotze urteekin osatutako eskailera irudikatuta: Haira Aizpurua (2006), Maider Arregi (1996), Unai Izagirre (1995), Arkaitz Estiballes (1977), Iñaki Murua (1956) eta Kristina Mardaras (1948). Adin artekotasunari erreferentzia egin zioten gehienek hasierako agurretan, eta Arregik bikain kokatu zuen bakoitza, kantukide guztiak familia berean sartuta:
Bertso munduak ta familiak
antza handia daukate maiz
Kristina eta Iñaki dira
bi anfitrioi nekagaitz
Unai anaia ta Haira ahizpa
tio bizkaitarra Arkaitz
Eta ni berriz bazkalordura
ez dena iritsi garaiz
Erdi rebelde ta erdi lotsaz
etortzen den iloba naiz
Ainhoa Larretxeak eta Xalbat Alzugaraik gidatu zuten saioa, eta pisuzko zenbait auzi lantzeko tartea hartu zuten hasierako ofizioetan; Espainia eta Frantziaren artekoak, Gazako egoera edota lurraldetasuna, besteak beste. Saioak aurrera egin ahala tonu jolastiagoa hartu zuten ariketek eta bertsoek, eta ondo asmatu zuten bertsolari bakoitzari bere momentua eskaintzen.
Guztiek parte hartu zuten ariketen artean, ikasturte hasierarekin lotutakoa izan zen txinpartatsuena. Unai Izagirre jarri zuten irakasle paperean, eta bere bost ikasleak lehenengo egunera nola iritsi ziren kontatzeko eskatu zioten. Fin ibili zen Izagirre bakoitzaren ezaugarriak ikasgelara eramaten; esaterako, errepikatzailearen rola jarri zion Muruari, matoiarena Estiballesi eta gainontzekoengandik urrundu behar zuen ikasle onarena Mardarasi. Honela erantzun zioten ikasleek:
I. Murua
Iaz zeugatik suspenditu nun ta aurten berdin hor dago Ez dakit zenbatgarren aldian baina aurtengoan akabo Beti zabiltza nitaz kexuka hau esango dizut klaro Ez dakit ondo ala gaizki nagon lehenengo ilaran nago |
A. Estiballes
Fakultatetik atera berri iaz etorri zan guapo Eta Iñaki suspenditu zun denoi penkoak a sako Onean onak izan gaitezke ta txarto bazatoz txarto Seguramente zu bajan zaude bigarren trimestrerako |
K. Mardaras
Nik ikasten jarraitu nahia dut beraz ze erremediyo Arkaitzengana hurbiltzen naiz ni horixe baitut desiyo Jakitea da nere bizitza jakitea dut pasiyo Baina azterketak kendu itzazu eztu ezertako baliyo |
Puntuka librean saioaren errepasoa egin ondoren, amaierako agurrekin borobildu zuten eguna sei bertsolariek. Aizpuruak abestutakoa da ondorengoa:
Milesker oso pozik
banoa etxerat
Nahiz ta hartua dugun
bertso kontrastetzat
Hartuko dugu berriz
elkartze gunetzat
Opa dizut benetan
Guretik Guretzat
Ibilbide eder bat
ondoko urteentzat
Esker oneko hitz horiekin amaitu zen abuztuaren 31ko bertso maratoia, eta inor joan aurretik ziurtatuta geratu zen datorren urtean jarraipena izango duela Guretik eta Guretzat egunak. Izan ere, berritasun modura, lekuko fisiko bat sortu zuten aurtengo edizioan, datozen urteetan eskuz esku pasa eta festak bidea egiten jarrai dezan. Leitza inguruko taldeak eraman zuen lekukoa etxera, eta 2025eko urrian antolatzea da asmoa.
Itxas Buru atzean utzita, Hernaniko Portu auzoko festetan izan zuen jarraipena parrandak, abuztutik irailerako trantsizioa elkarrekin egiteko. Tamalez, bertako bertsoaldirik ez dago eskuragarri.