Bertso ibilbidea: Tolosa

Oria ibaiaren bi aldeetara eratutako herria da gurea, urte luzetan ibaiari bizkar emanda bizi izan bada ere, Europako zikinena omen zen garaitan, kiratsa eta aparra besterik ez baitzerion. Gipuzkoako hiriburua izan gineneko itzalak, Uzturre mendiarenak bezainbeste estaltzen du oraindik Tolosa, bertakooi maiz salatu izan zaigun xobinismoa elikatzen jarraitzen duela. Babarrunek, Inauteriek, gozo eta haragi feriek, edo euskarak famatutako gure herri xelebre eta ero xamar honetan bizi garenontzat, nekez aurkituko duzu bizileku hoberik.

Kike Amonarriz-(r)en argazkia Kike Amonarriz 2025-06-06

Bertso ibilbidea Tolosa –

Bertso ibilbidea Tolosa
Arg: EGIZU

Tolosa euskaltzalea bezain bertsozalea izan da betidanik… baina, neurrian. Euskara onaren fama izan du beti Tolosak, baina, gerra aurretik jada, euskarari bizkarra ematen hasia zegoen. Euskal Pizkundearen zabalgune nagusietakoa izan zen, hain justu ere, Gipuzkoan, euskaldunen artean, euskararen galerarik handiena zuen herria zelako, seguruenik. Bertsozalea ere izan da, baina ez bertsolari harrobi.

Izan ere, Tolosako bertsolaritza eta euskalgintza, ezin dira ulertu Tolosaldea gabe. Tolosaldeko herritarrek mantendu dute bizirik, neurri handi batean, euskara eta bertsozaletasuna eskualdeburuan. Asko zor dio gure herriak eskualdeari.

Bertsoek, nolanahi ere, garrantzi handia izan dute, eta dute, gure herrian, nahiz eta bertsolari gutxi eman dituen. Baina ibilbide bat osatzeko, ez da geltokirik falta. Has dezagun Tolosabira!

 

 

01 GELTOKIA: GAZTELAKO ATEA

Bertso ibilbidea Tolosa

Tolosan ezagutzen den euskarazko lehen testua 1619an idatzitako kopla satiriko batzuk dira, eta kopla horietan idatzita azaltzen den lehen hitza adarrak da.

Iruñeko katedraleko artxiboan jasotako auzi batean agertu ziren bertso horiek. Jose Maria Satrustegik ikertutakoaren arabera, Juan Otazu Leaburuko apaizak idatzi zituen. Bera eta beste lagun batzuk, irailaren 27ko gauean, Tolosako kaleetan bertsoak kantatuz ibili omen ziren eta Gaztelako atean itsatsi omen zituzten bertsoak idatzita zeramatzaten paskinak. Bertsootan, Antonio Olazabal Tolosako eskribaua kritikatzen zuten, Maria Lopez de Vidaror emazteari adarrak jarri zizkiolako.

Tolosan ezagutzen den euskarazko lehen testu literarioa, beraz, adarkadaka idatzitako adar jartzeen inguruko adar jotzea da. Ez da hasiera txarra, inondik ere!

Guztira 12 kopla dira, baina segidan sei esanguratsuenak eskainiko ditugu:

 

ADARRAK EMAITEN DIRA MIRABALLESEN (Anonimoa, 1619)

 

Adarrak emaiten dira Miraballesen,

Dozena milla florinen.

Ceruetaric etorri da Moissen

Eguia esatera Errazquinen.

 

Adarrac emaiten dira eche orretan

Nori bere diruetan, arrasshetan.

Argaitic oi davil puñalchoa paseaetan,

Pordoechoa duela escuetan.

 

Mirabal[l]esco jaunarenean

Adarrac ematen dira gotaric eztuanean;

Gota duen orduan buru chipia oy daduca choruan,

Echecoac lar[r]i oi da[. .] corruan.

 

Eleberri edo film historiko bat egiteko elementu ugari dauzkagu: adar kontuak, laban txikiak eta bordoiak, gotak erasandako protagonista, diru-ordainketak… Garai hartako tolosarrak ez ziren aspertzen, eta ez ziren txantxetan ibiltzen, nonbait!

 

Consolatu oy da Profetissarequin,

Escuren duela Alferiz Machin,

Ascotan sartu oy çaca Abbadesaquin;

Andre ederroc orduan danzatu oi dira vesterequin.

 

Receta esque oy abil galdua.

Gotac on eztic galuoa;

Educac gueldiric porrua

Eta jan eguic sagar eldua.

 

Uztec gueldiric vesterenari,

Celestinac esanagatic vai.

Iracurri eçac ondo a hai

Edo eguingo dec oean ai.

 

“Edukak geldirik porrua eta jan egik sagar heldua”. Euskal literatura erotikoaren hastapenak ditugu hemen. Eta protagonista-zerrenda ere ez da nolanahikoa: Profetisa, Matxin Alfereza, Abadesa… eta guztien buru, nor eta Celestina!

Bertso hauek irakurritakoan, lau ondorio nagusi atera ditzakegu:

  1. a) Garai hartako eta gaur egungo tolosarren afizioak ez direla horrenbeste aldatu: bertsoak eta sexua.
  2. b) Prentsa horia, sare sozialetako txutxumutxuak eta mobinga ez direla gaur goizekoak, eta Tolosan aspalditik ezagutzen ditugula.
  3. c) Koplak eta bertsoak beti izan direla zirikalariak, kritikoak, eta ez guztien gustukoak. Mozal legerik ez zegoen baina epaitegietan amaitu zuten, orduan ere.
  4. d) Paskinak, kartelak eta pintadak aspaldiko ohiturak direla gure herrian.

 

02 GELTOKIA: ANDRE MARIAREN PLAZA

Bertso ibilbidea Tolosa

Plaza honetan sortu zen bertsolaritzaren historian izan den bertso-bildumarik garrantzitsuena: Auspoa saila, alegia.

Lehen liburuek halaxe dakarte laugarren orriaren azpialdean:

            “Colección Auspoa – Plaza Santa María, 2 – Tolosa”.

Eta horrekin batera,

Ordaindu bearrak: urte betekoa: 180 peseta. Atzerrian: 275.
Ongilleak: 350. Ale bakarra: 25 peseta”
(gaur egungo 40 zentimo).

 

Antonio Zavala izan zen Auspoa bildumaren egile, sustatzaile, idazle eta kudeatzaile. 1928an jaio zen Tolosan, eta 2009an zendu zen Xabierren. Jesuita zen, baina bizitza guztia bertsoak eta euskararen ahozko ondarea jasotzen eman zuen, azken urteetan, gaztelaniazko ahozko ondarea jasotzen ere aritu zelarik. Euskal Herriko zoko, baserri eta leku gehienak miatu zituen bertso eta idazki bila. Eta horretaz gain, ahozko hizkera ongi menderatzen zuten eta zer kontatua izan zezaketen pertsonak euskaraz idaztera animatu zituen. Auspoan bildu den ahozko ondarearen balioa askotarikoa da: linguistikoa, historikoa, etnografikoa, soziolinguistikoa. Altxor bat osatu zuen Zavalak urte askotako lanaren poderioz.

Bera bakarrik aritu zen langintza erraldoi horretan. Ez zen taldean lan egitekoa, eta ez zituen bilerak maite. Gogoan dut, Tolosako Euskara Zerbitzura agertu zitzaigula behin bertoko bertso eta idatziekin liburu batzuk argitaratzeko finantziazio bila, eta harremana zuzena eta laburra izan zela. Handik sortu ziren Galtzaundiri eta Tximelari buruzko liburuak, esate baterako.

1961ean kaleratutako Auspoa saileko lehen liburua, Sagardoaren graziya eta beste bertso asko, Ramon Artola tolosarraren bertsoz osatua da. Halaxe dio Zavalak hitzaurrean:

“1959’garrengo Dagonillaren (Agostuaren) 9’an giro epel goxo bat zegon gabeko amabiak aldian. Tolosa zarra ixilik eta lo zegon. Alako baten, gau-pasazale batzuk kantari asi ziran “Zeru-txiki” deritzayon tabernan. Ara zer ari ziran.

 

            Goizean sartu tabernan eta

            ateratzen naiz azkena, …

 

Bertso auek eun urte dituzte, eta, guk dakigunez, iñoiz inprentatu gabeak dira. Eun urteko muga bizi bizirik igarotzeko, zenbat aldiz kantatu izan ote dira Tolosako- eta Euskalerri guztiko – taberna-zulo ta sagardotegietan?”

Tolosar batek, beste tolosar baten bertsoak argitaratu zituen bildumaren lehen zenbakian, Tolosako kaleetan parrandazale batzuk kantuan entzun ondoren. Hasiera hau ere ez zen txarra izan!

Bertsoen egile Ramon Artola Tolosan jaio zen 1832. urtean, nahiz eta gazterik joan zen Donostiara bizitzera (badira bizitzan zorte txarra dutenak!). Linterneroa eta pintorea izan zen lanbidez, eta bigarren karlistadan liberalekin ibili zen boluntario. Bost seme-alaba izan zituen eta horietatik bi (Pepe eta Rosario) bertsoak eta olerkiak idazten ere aritu ziren.

Hauexek, liburuan agertzen diren lehen bertsoak, Donostian, 1860. urtean idatziak.

 

SAGARDOARI

 

1/

Bedeinkatua izan dedilla

sagardoaren graziya,

bai eta ere kupira gabe

eraten duben guziya;

erari onek gizon askori

ematen dio biziya,

au eran gabe egotia da

neretzat penitentziya.

 

2/

Lenengo sartu tabernan eta

ateratzen naiz azkena,

egun guzian zurrutian da

etzait betetzen barrena;

au da erari maitagarri bat

arras piztutzen naubena,

Joxepa Karmen biotzekoa

bete amabigarrena.

 

3/

Gosea ez det aundiya bañon

egarriya bai ugari,

nere barrenak naitasunikan

ez diyo berriz urari:

sortzen ditudan koarto pitxarrak

ematen dizkat tripari,

nere denboran biziya kentzen

diot zenbait sagardoari.

 

4/

Gaitzik ez duben erari oni

gogoz oi diot nik ekin,

satisfazioz ez naiz arkitzen

pitxar bat eta birekin;

iru edo lau izaten ditut

arratserako nerekin,

tristura eta penak sendatzen

ditut sagardoarekin.

 

5/

Astelena det jai bat artuba

pekatu mortalekotzat,

asteartean bearrerako

gogorik egiten etzat;

asteazkena, ai nere pena,

oso pereza sartzen zat,

modu onetan aste guziya

alperkerian joaten zat.

 

6/

Bart arratsean egin det amets

len egin izan dedana,

tabernatikan irten naizela

txispatu edo edana;

pausorik txuxen egin ezinda

esaten nuben: au lana,

golpatu gabe ez nindeke juan

gaur ni andriarengana.

 

7/

Kupelan daguan sagardoak dit

ematen tentazioa,

prezisamente eran bearra

daukat persekuzioa;

milla deabruz josirikako

orain duben prezioa,

zaleak asko geran medioz

dauka estimazioa.

 

8/

Eranago ta berriz naiago

beti nago egarriyak,

begi bitarte txarrikan ez dit

egiten tabernariyak;

emeretzi len, au ogeigarren,

amar atzo zor utziyak,

markak kupelan egin, jaiean

pagatutzeko guziyak.

 

 

03 GELTOKIA: BERDURA PLAZA

Bertso ibilbidea Tolosa

Zer izango litzateke Tolosa Inauteririk gabe? Eta zer izango lirateke Inauteriak musikarik gabe? Baina, Inauterietako doinu guztiak ez dira besotik edo lepotik helduta, txarangen atzetik jauzika ibiltzekoak. Inauteriak ere baditu doinu gozoak, malenkoniatsuak, dantza egiteko edo entzuteko aproposagoak. Eta guztien gainetik Galtzaundi habanera gailentzen da, Tolosako ereserkitzat har daitekeena. Tasio filmak ere ezagun egin zuen doinua. Askotan galdetu izan diogu gure buruari nondik sortu ote zen, eta Francisco Tudurik argitu zigun 2020an Galtzaundiri buruz argitaratu zuen liburuan: garai hartan Madrilen famatua izan zen Jose Rogelen El último figurín zarzuelatik hartutako doinua da, La perdiz bezala ezaguna. Baina Tolosan, doinuak bezainbesteko garrantzia du letrak, eta hitzak, Ramos Azkarate poeta-bertsolariak idatzitakoak dira.

Tolosak eman duen idazle jori, emankor eta interesgarrienetakoa da Ramos. 1847an jaio zen eta 1904an hil. Serenoa izan zen eta baita zapataria ere Berdura plazan. Berak lan egiten zuen lekuan dauka jarrita oroigarria.

Gaztetan liberala izan bazen ere, karlista bihurtu eta foruen defendatzaile amorratua bilakatu zen. Azkarate oso euskaltzalea zen eta, bai idatzi zituen bertsoetan, bai antzerkietan, euskararen defentsa sutsua egin zuen.

 

Ez deizkiyotzu dala onra bat

euskera salbatutzia,

izkuntzarikan eztitsubena

benetan sendotutzia?

Au galdu baño obegoa da

izarrak eroritzia,

euskal erriyak sutzia,

zigaro kixkaldutzia,

laumilla bizi izan ta ere

obe da denak iltzia,

ez gure Ama Euskera ona

euskaldunok aztutzia.

 

Galtzaundiren egilea izanik pentsa liteke gizon festazalea zela, baina oso bestelako pertsona mota izan zen; xumea eta oso bizitza zaila izan zuena. Berdura plazako arkupeetan lan egin zuen zapatari gisa, sei seme-alabetatik bost umetan hil zitzaizkion eta txirotasun erabatekoan amaitu zituen bere egunak.

Idatzi zituen bertsoen artean Berdura plazan bertan lankide zuen Santos Aldasoro Galtzaundiri eskainitakoak dira, zalantzarik gabe ezagunenak. Arlote xamarra omen zen Aldasoro, eta galtza laburrak erabiltzen zituenez, goitizen hori jarri zioten. Bada, ordea, argitu gabeko misterio bat: zergatik esaten du abestiak “apellidua det Goñi”, Azkaratek oso ondo zekienean zein zen Galtzaundiren benetako abizena?

Galtzaundiri buruz ezer gutxi dakigu. Horrelako pertsonaiek aukera ederra eskaintzen dute haien inguruan historiak eraikitzeko. Horixe egin zuen Anjel Lertxundik Galtzaundirekin bezala, askotan izena besterik ez dakigun gure abesti, errefrau eta ipuinetako hamaika pertsonaiarekin Konpainia noblean liburuan. Han kontatzen du zer gertatu zen, bere ustez, Galtzaundiren hiletan. Hori ez dugu hemen argituko, baina bertsoak eskainiko ditugu.

 

BERTSO BERRIAK TOLOSA-KO GALTZAUNDIK BERE BURUARI JARRIAK

 

 Neri deritzat Galtzaundi,

apellidua det Goñi,

Aldasoro izen goitiya

deitzen dirate neroni;

iltzerikan ez nuben

lenago pensatzen,

bañan oraingotikan

ez naiz eskapatzen,

testamentu egitera

nua ni lenbailen,

nere parientiak

lasatu ditezen.

 

Aitaren Semiaren

Espiritu Santuaren,

Jaun zerukuak lagun zaidala

lan onetan neri arren;

sentimentu bakarra

dadukat barrenen,

alaba ipurtaundiya

utzitzia emen,

orra neregatikan

oyek nola dauden,

Jaunak eraman nazala

zerura lenballen.

 

Nere lengusu Pocofinori

nai diozkat bada utzi

nere eskatzeko estanteriya

bere jenero ta guzi;

bañan ango kristalik

ez dezala ausi,

bestela utziko dizkat

guziak Ramos’i,

egiten badiote

jaun oni igesi,

laister juango zaizka

danak Rodriguez’i.

 

Ni il da gero nere emaztia

penaz ilko balitzake

nere onduan enterratzia

iñola al balitz nai nuke,

eta gañian jarri

letra bat aundiya,

emen dago Galtzaundi

eta konpañiya,

poz aundi bat artu zun

Tolosako erriyak

merkatu ziralako

ordun erariyak

 

Entierrua nai det egitia

neri bigarren klasian,

lau zapatarik eramatia

gañera berriz aidian;

jota nabarra juaz

Enpero kalian,

sobrekamak balkoitan

naramatenian,

Arramele zubiyan

aizken aizkenian,

zagi bat ardo jarri

kajaren gañian.

 

Nik oraindano egin izandu

dituan testamentuak

gaur bertatikan izango dira

ayek danak borratuak;

eta orain firmatu

nere testiguak,

aditu baituzute,

gaur nere kontuak;

ixilik idukiarren

nere sekretuak,

Dametako iturriyan

eran kuartillu bat.

 

Bertso hauek Inauterietan kantatzeko aukera asko izan ohi da. Baina, iaz asteartita gauez (Ihaute asteartea, alegia), lagun talde batek lehenengo aldiz antolatu zuen “Galtzaundiren entierrua” datozen urteetan ere errepikatzeko asmoa dutenez, hortxe duzue aitzakia polita hurrengo festetan Tolosara hurbildu eta bertsook gurekin kantatzeko. Gonbidatuta zaudete!

 

04 GELTOKIA: LIZARDI ELKARTEA

Bertso ibilbidea Tolosa

Bertsolaria jaio ala egin egiten da? Ez zen txantxetakoa izan joan den mendean galdera horrek sortu zuen eztabaida bertsozaleen artean. Xabier Amurizak, erantzun baino, frogatu egin zuen nornahi izan zitekeela bertsolari, teknika ongi ikasi eta behar bezala trebatuz gero. Eta horretarako bertso eskolak sortu zituzten berak eta beste hainbat lagunek.

Giro hartan, Lizardi Elkartean biltzen hasi ziren hainbat bertsozale eta bertsolari hasiberri, tartean, Peñagarikano, Telleria, Argiñarena anaiak, Zelaia anaiak, etab. Amurizaren bisita ere jaso omen zuten behin baino gehiagotan Jexux Muruak Lizardi Elkartearen 50. urteurrenaren harira argitaratutako liburuxkan kontatzen digunez.

Gaur egungo Galtzaundi Euskara Elkartearen aitzindari izan zen Tolosaldea Birreuskalduntzeko Elkarteak egin zuen Tolosaldeko Bertso eskola sortzeko deialdia 1982. urtean. Eta ikasturte hartan bertan jarri zen martxan lehen taldea Anjelmari Peñagarikano eta Joxerra Garzia irakasle zituztela. Neu ere hasi nintzen eskola hartan, baina berehala utzi behar izan nuen. Hori dela eta, oso ona naiz lehen puntua osatzen, baina hortxe trabatzen naiz gehienetan!

1984an, aldiz, deialdia eskoletara zabaldu zen, eta bi talde sortu ziren Millan Telleria eta Jexux Muruaren gidaritzapean. Harrezkero, mende honen hasiera arte, Lizardi Elkartea izan zen Tolosako bertso eskolen habia.

Eskola horietatik pasatutako batzuk iritsi ziren oholtzan kantatzera: Olaso aiarra, Sasiain bidaniarra, Lezea berastegiarra, Esain eta Sukia oriotarrak. Baita Irazu larrauldarra eta Agirre villabonatarra ere. Baina eskola horiek, batez ere, bertsozaletasuna hedatzeko balio izan dute… gehienak garen bertsolari frustratuon artean, batez ere.

1984ko urtarrilaren 19an Algortako Bertsolari Eskolak sei bertsoko sorta bat idatzi zion Tolosako Bertso Eskolari EGIN egunkarian Tolosakoei jarriak izenburupean. Eta gogoan zertan ez badut ere, badirudi zerbaitetan huts egin nuela. Hona lehenengo hirurak eta azkena:

 

Tolosaraino zuzentzen dugu

Algortatikan protesta

nola behin baten jardun zenuten

afariaren galdezka

etorriko zinetelakoan

antolatu genun festa

guk egin dugu, hurrengo zuek

beharko duzue presta.

 

Hasieratik azaldu ginen

kontrarioak ginala

ta pakezale ez zaretela

antzeman zaizue hala

oin badakigu gauza bat dela

susmatu gendun bezala

Tolosan bertso eskola hortan

fundamenturik ez dala.

 

Nahi baduzue segi dezagun

zuek hasitako bronkan

gaurtik aurrera zuek Tolosan

eta gu hemen Algortan

behin Amonarriz gelditu jakun

telefonoz deitzekotan

matraileko bi merezi ditu

bere buru ximel hortan

 

Hara joateko oso prest gaude

ta joango gara gustura

noiz non edo zer afalduko den

ez zaigu bate ardura

baina gauza bat aklaratzeko

orain garaia heldu da:

afaria ta geroko kopak

dena da zuen kontura.

 

Pentsatuko duzuen bezala, erantzuna laster heldu zitzaien Algortako Bertso Eskolakoei, Tolosatik. 10 bertsoko sorta osoa ez dugu ekarriko, baina alerik politenak bai.

 

Algortatikan Tolosaraino

jardun zareten denori

lendabiziko erantzutea

bururatzen zaigu guri;

ezertxo ere aztu ez dadin

puntuz puntu behar ari,

ados ez gauden arrazoi batzu

nola diraden ageri,

eta al denik egokiena

zuzendu nai dugu hori.

 

Algortatikan dei bat izan zen

afaltzera joateko,

eguna ere jarri ziguten

urtarrilan zazpirako;

ura edari, ogi ugari

ta patata afaltzeko,

berriro ere horrela janda

egongo zarete flako,

egia esan ez ginen joan

afari txarra zelako.

 

Afaritxo bat prestatu dugu

ta ez txarra alajaina,

hementxe doa menu eder bat

har ezazue tamaina;

hasteko denok jango duzue

txalburu zopa bikaina,

eta ondoren asetu arte

aza gordinik nai aina,

Bilboko ura ekar zazue

ez dago eta txanpaina.

 

Galdezka dagoz hor bizkaitarrak

ba ote den afaririk,

zenbait autobus ba omen datoz

oraingoan Algortatik;

Tolosan ere izango da ta

ez egon horren beldurrik,

gure kontura afaltze horrek

ez izan arren itxurik,

guri eskatu ordaintzekoa

ez baduzue dirurik.

 

 

05 GELTOKIA: BEOTIBAR PILOTALEKUA

Bertso ibilbidea Tolosa
Arg: Bertsozale Elkartea

 

Gaztetako oroitzapenetan argazki finko gisa oroitzen dut Beotibar pilotalekua jendez mukuru beteta goiko azken ilararaino, bertsolariak entzuteko zain. 80ko eta 90eko hamarkadez ari naiz. Tolosaldeko bertsozaleen katedrala Beotibar zen urte horietan.

Hainbat bertso jaialdi antolatu zitezkeen urte batean, baina bazen egun finko bat, non urtero bertso jaialdi bat antolatzen zen: Pilarika bezpera. Amarozko Guraso Elkarteak antolatu zuen jaialdia hainbat urtez, eta gero ardura hori Tolosaldeko Bertso Eskolak hartu zuen. Jendetza biltzen zen urtero pilotalekuan. Eta Pilarika egun seinalatua denez, urtero-urtero, gaien artean, bazen xardin zaharrei erreferentzia egiten zien bat.

«Inoiz Beotibarren jende gehiena kabitu den saioa, 1991. urteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa izan zen. Urte haietan segurtasun neurriak ez ziren hain zorrotzak eta frontoia leporaino bete zen. Ez zen inor gehiago kabitzen. Beotibarreko atetik Leidor pareraino sarrerak hartzeko zain zegoen jendea. Ilara osoa pasatu behar izan nuen, jendeari sarrerak bukatu zirela esanez. Epelak aditu behar izan nituen». Halaxe gogoratzen zuen egun hura Jexux Muruak Tolosaldeko Atariak egin zion elkarrizketa batean.

Txapelketa eta jaialdi berezi asko ezagutu ditu Beotibarrek. Horien artean, gogoangarrienetako bat, 1945eko irailaren 30ean, gerra ondoren bertan antolatu zen lehen bertso lehiaketa. Parte hartu zuten bertsolariak Mitxelena, Saiburu, Ernani Txikia, Basarri, Uztapide, Kortajarena eta Zepai izan ziren. Basarrirentzat izan zen lehen saria eta Uztapiderentzat bigarrena. Mitxelena hirugarren eta laugarren Ernani Txikia. Gure aita zena bertan zen entzule, eta Uztapideren Lengo egunak gogoan liburuan egun hartako argazkia ikusten zuen bakoitzean kontatzen zuen Zepaik fusilatu zioten anaia aipatu zuela, eta epaimahaiak zigor gisa azkena sailkatu zuela.

Liburuan, han kantatutako bertso hauek dakartza Uztapidek.

 

Basarrik:

Euskaldunaren pama da beti

kristau langilliarena,

izen on orrek poza aundi bat

biotzera dakarrena;

joku ta apustuz gañezka gabiltz,

erari geitxo barrena,

nere ustetan au da errian

biziorikan txarrena.

 

Uztapidek:

Gorroto izan bear genduke

bizio txarrarentzako,

ez det esaten gose-egarriak

lanian ibillitzeko;

jokua eta erari asko

txarra da gizonentzako,

uste ez dala kalte aundiak

ekartze’itu zartzarako

 

Basarrik:

Bide onari eutsi daiogun

eta txarretik aldegin,

geren lanetan zintzo jarraitu

bertan artuaz atsegin;

gazte sasoiko geran artian

txanpon-mordoska bat egin,

gero burua zuritutzian

damurik izan ez dedin.

 

Uztapidek:

Erreparatu zazute ondo

jarriko detan puntuan,

kristau izatia nola dagon

gorputzen mobimentuan;

jokua eta erariakin

ibilli arren kontuan,

biziorikan txarrena dago

seigarren mandamentuan.

 

Azken puntua ulertzeko oharra. Irakurle gazteak ez du jakingo kristautasunean hamar zirela Jainkoak Moisesi ezagutarazitako aginduak. Horietatik seigarrena “Ez duzu ekintza lizunik egingo”. Mendeak joan, mendeak etorri, eta gai bertsuekin bueltaka! 

 

06 GELTOKIA: GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Bertsozale mugimenduak badu bere egoitza Tolosan. Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen egoitza Larramendi kalearen 7. zenbakian baitago 2003. urtetik.

Ordura arte, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Gipuzkoakoak egoitza partekatu egiten zuten Donostian. Mikel Artolak kontatu didanez, garai hartan, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen proiektua ere indartzen ari zen eta egoitzak bereiztea komeni zitzaiela erabaki zuten. Eta ez egoitzak bakarrik, erreferentzialtasunari begira, kokapena ere aldatzea erabaki zuten.

Beraz, garai hartan Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen arduradun ziren Millan Telleria eta Jokin Sorozabal Tolosako Udalarekin jarri ziren harremanetan, Antton Izagirre alkate zen garaian, eta hainbat aukera aztertu ondoren, gaur egun darabiltzan lokalak esleitu zizkioten Elkarteari.

Artolak aipatu didanez, lokala erreferentziala bihurtu da eta hasierako helburuak bete ditu. Mugimenduak Gipuzkoan hartu duen hedaduraren eta garrantziaren erakusgarri da, gaur egun, Gipuzkoako Elkarteak daukan langile-kopurua: hogei lagun!

Elkartetik egiten ari diren lanaren adibide ederrenetako bat Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa da. Iaz June Aiestaran beasaindarrak irabazi zuen txapela hirugarrenez segidan Lasturren jokatu zen finalean apirilaren 21ean.

“Orain arte ez dizu axola izan ze arropa jantzi. Baina lagunak orain adarra jotzen hasi zaizkizu”.  Aizpea Garmendiak jarritako gaiari honela erantzun zion Aiestaranek Itziarko saioan:

 

Esaten dute: June zu berez

bastante potola zara

Ta ispilura begira diot:

Bai, egi borobila da

Top motzak jantzi ohi ditut-eta

nik gaur esan diot, hara!

Bai, nahi bestetan botaidazue

sabelera begirada

Zilbor honetan kabitzen da-ta

zuen iritzien karga.

 

 

07 GELTOKIA: LEIDOR ZINEMA

Arg: Tolosaldeko Ataria

Bertsolariak leku askotan entzun izan ditugu Tolosan. Auzoetako festa eta plazetan, Inauterietako karrozetan, Zerkausian, sanjuanetan, elkarteetan, Kantabriko tabernan, zaharren egoitzetan, eskoletan… Horietako edozein leku aukeratu genezakeen azken geltoki gisa, baina hamarkada batzuk lehenago Tolosaldeko bertsozaleen katedrala Beotibar izan zela esan dugun bezala, aitortu beharra daukagu, mende honetan funtzio hori Leidor zinemak irabazi duela.

Ohiko saioetatik aparte, Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetako saio batzuen jokaleku ere izan da Leidor. Besteak beste, 1964ko eta 1967ko Gipuzkoako Txapelketetako finalak. Txapeldunak, hurrenez hurren, Lazkao Txiki eta Txomin Garmendia berrobitarra.

Eta Beotibarren, Pilarika bezperako saioa derrigorrezkoa zen bezala, azken urte hauetan Tolosaldeko Ataria egunkariak antolatzen duena bilakatu da eskualdeko bertsozaleen galdu ezinezko hitzordua. Nik uste, kantaldi erraldoietara baino lehenago iritsi zela Atariaren bertso saioetara sold out fenomenoa, maiz agortu izan baitira sarrerak saioa baino dezente egun lehenago.

Amaia Agirre izan ohi da gai-jartzailea. Beti arriskatu izan du, ohiko lanekin batera, bertsolariak ariketa berrietan jarriz, eta ezusteko egoerak planteatuz.

Aurtengo urtarrilaren 20an izan zen Leidorren Ataria bertso jaialdia. Iguaran, Mendiluze, Lujanbio, Arzallus, Uria eta Soto aritu ziren bertsotan eta Agirreren agindupean.

Lujanbiori gai hau jarri zion: Bost hauek lurtar izateari uzten diotenean, non eta nola oroituko direla uste duzu?”. Maialenek botatako bertsoak jarriko ditugu ondoren. Bertsolariek zer erantzun zioten jakin nahi izanez gero, bertsoa.eus-era sartu beharko duzue.

 

Iguarani:

Desakralizau ziran elizak

eta apaizak zokora

espazio horiek herriarentzat

hartzea da orain moda

eta Amasa den herri txiki hortan

bai Villabonatik gora

ama-birjinan figura kendu

ta Oihanana jarriko da.

 

Sotori

Bai Nafarroan ta bai Gorritin

Juliok bazuen zarata

Plaza erdian altu bat dago

berarentzako lagata

Brontzezko estatua egingo zaio

hau gogoratzeko hartan

Urrezkoa ere egin liteke

mamia gutxi dauka ta.

 

Uriari

Atze ta aurre aldatzen dute

hitz ta silaben ordena

Hari erantsi esanahi bat

ta gero errima gorena

Ondo kantatuz ateratzen da

hala bertsorik onena

Formula horri deituko zaio

Jone Urian teorema.

 

Arzallusi

Ametsek ere mereziko du

bere estatuaren bat edo

Zutik jarrita flako ta tente

tunika batekin gero

Bizar pixkat bat eta buruan

tximarik ez honez gero

Diru(r)ik ez bada rezikla al leike

edozein San Juan, San Pedro?

 

Mendiluzeri

Aitor Mendiluze in memoriam

egin litekeen gozona

pentsatu eta reserbatu da

kupelategiko zona

kupela(r)i plaka bat jarri zaio

ho(r)i beti baita gauz ona

hementxe hil zan ehun mila litro

edan zituen gizona.

 

Bertso ibilbidea Tolosa  Bertso ibilbidea Tolosa  Bertso ibilbidea Tolosa  Bertso ibilbidea Tolosa  Bertso ibilbidea Tolosa  Bertso ibilbidea Tolosa  Bertso ibilbidea Tolosa  Bertso ibilbidea Tolosa Bertso ibilbidea Tolosa  Bertso ibilbidea Tolosa  Bertso ibilbidea Tolosa  Bertso ibilbidea Tolosa  Bertso ibilbidea Tolosa  Bertso ibilbidea Tolosa  Bertso ibilbidea Tolosa