Julen Zelaieta
Julen Zelaieta

2025-06-09

Belaten goiti (h)egan

Azken aldi honetan, gauza batengatik ez bada, bertzearengatik, nahi baino joan-etorri gehiago egin behar izan ditut Iruñera. Baztan-Bidasoan, aski ongi dakigu Mugairen hasten dela Belateko malda. Ez, ez digu Xabier Letek gogorarazi beharrik.

Belaten goiti (h)egan –

Letek Gizon arruntaren koplak bertso-sorta idatzi eta 74.ean Kantatzera noazu diskan argitaratu zuenean, artean Almandozko eta Belateko tunelak eraiki gabeak zeuden. Orduan, Mugairen abiatzen zen malda, belateko bide zaharretik, bihurgunez bihurgune egin beharreko bidai luze baten hasiera zen: eta kamioi bat antzinean tokatu ezkero are luzeagoa oraindik!

Gaur egun ere, errepidea 2+1 bihurtzeko lanengatik, hamaika aldiz desbideratzen dute trafikoa bide zaharretik. Baina, bide zaharretik zein berritik joan, aldatzen ez dena abiapuntua da, Letek kantatu zuen gisan Mugairen hasten baita Belateko malda.

Nik aitortuko dizuet, sorta ez nuela Leteren ahotsean ezagutu, Xabier Saldiasen ahotsean baizik. Eganek 90.ean argitaratu zuen Erromerian diskan sartu zuen kantaren bertsio animatua. Gurasoen Ford Orioneko Irrati-Kasete auto-reversedunean hamaika buelta eman zituen aipaturiko diskak! Artean, 10 urteko mukizu-inuzente-ezjakina ni, Eganek egindako kanta zela pentsatu nuen.

Gerora nerabezaroa heldutasunean sartzear zela jakin nuen Letek idatzitako sorta zela.

Belaten goiti (h)egan
Arg: Jabier Garaialde

Hau, lehen kolpea bertzerik ez zen izan. Koskortzen joan ahala, eta bidenabar, kantugintzan jakintza guti batzuk barneratzen, Eganen kantutzat nituen haiek, denak ez bada, gehienak bertsioak zirela konturatzen joan nintzen. Ardo gorri naparra, Neil Diamonden  Red Red Winen bertsioa zela,Guk nahi degu rockanroll zion kanta Queenen We Will Rock You zela edo Behin batian Loiolanen hitzak Bilintxenak zirela eta doinua Johnn Denverren Annie`s Song kantutik hartua.

Azken honetan gainera, bukaerako  Jai-jaia, Bai bai  batengatik aldatuz, Bilintxek jasotako kalabaza, ezkon-aurreko eskaera eder bat izatera pasatu zen. Hori bai, txoria baino ere arinago dantzan ari zen neskaren baiezkoa baino ederragoa izan zen Saldiasek bukaeran egindako potoa. Ederra, hitzaren zentzu negatiboan, noski:

 

Ezkon gaitezen biok!
Esan zaidazu: BAI!
-Ni zurekin ezkondu?
Ni zurekin? BAI BAI!

 

Erran bezala, sekulako potoa!

Hala, nire baitan hegan zebilen mitoa piskanaka erortzen joan zen.

Baina goazen harira; gizon arruntaren koplekin ari ginen. Garai hartako bertze sorta eta kantu aunitzekin gertatu izan zaidan gisan, hitzak zaharkituak gelditu direla iruditzen zait. Generoari dagokionez, zer erran? Bertsoak gizon arruntei jarriak, semiak semeen semetatik datozela, Don Pepito, Don Alfontso,… emakumea, (kasu honetan andria) otordu-kide gisa bertzerik ez du aipatzen.

Imajinatu nahiko nuke Lete, sorta hau, gaur egungo errealitatera egokitu nahiean,  berridazten, eta ez genero aldetik bakarrik. Hasteko, Izenburuko gizon hori kendu eta Pertsona arruntaren koplak izango litzateke izenburu berria. Antonio, Lorentxo edo Joxe Mari, Andoni, Miren, Jokin edo Ana Mari izango lirateke, adibidez. Semeen semetatik ote datoz semiak? Ba, ez dakit, hori bi ama dituzten haurrei, bikote bereko bi ama direnei, edo ama bakarrak diren amei galdetu beharko litzaieke. Batzuek arrak eta bestiak emiak? Gaur egungo genero aniztasunarekin, uste dut hater ugari azalduko litzaiokela oiartzuarrari.

Bertzalde, erosi beharreko autoa, Zitroen berriaren ordez, Audia, BMWa edo Tesla bat izango litzateke. Tolosako periyari meriturik kendu gabe, Ordizikoan edo Urriko azken asteleheneko Gernikakoan egon izanen zen. Eta komunean, periodikua letuz ilustratu beharrean, pentsatzen dut, Instagrameko edo Tik-tokeko bideoak ikusten pasako lukeela denbora… edo bizi guztian egin den bezala, txanpu-poteko propietateak irakurtzen.

Aldatuko ez lukena seguru aski hasieran erran dudana: Mugairen hasten dela Belateko malda. Ah! Eta Realak cuatro uno galtzearena!

Tira, maiatzeko kolaborazioa prestatzez bukatu nuenean, ekainekoan ez nintzela luzatuko zin egin nion nire buruari. Gaur uste dut hitza betetzen ari naizela eta nere kontzientziaren eta zuen atsedenaren mesederako, gaurkoa hemen utziko dut. Gainera pertsona okupatua gauza ederra denez, bertze gauza aunitz ditut egiteko, adibidez, lo. Beraz, orain ohera noa bihar arte aio!

Belaten goiti (h)egan  Belaten goiti (h)egan