Usaia Usaina –
Doinua: Goizian goizik jeiki ninduzun I
Beti haserre, erdi utzia
edota mozkorkerian
ibili ohi den agure zahar bat
naiz zuen ikuspegian.
Urteak pasa eta ohartu
naiz ene utzikerian
bizi naizela ilargiaren
ezkutuko aurpegian.
Zabarki nabil eta hizketan
ez dut asmatzen formetan;
eta badakit gehiegi dela
gizarte honen normetan
eskatzen badut ene larrua
jantz dezazuen soinetan
zuen larrua jartzearekin
aski duzuen honetan.
Sei edo zazpi urte nituen,
oraindik kakanarrua.
Hitz goxoenak bihurtu ziren
apaizaren amarrua
ikasi nezan zer zen eliza,
bekatua, deabrua,
egia, hutsa, mina, morala,
salbazioa, errua.
Haren begiko nintzela eta
han utzi ninduen amak
eta buruan iltzatu zaizkik
erakutsi zizkidanak.
Beltz ajatua zuen ileak,
beltz-beltza haren sotanak,
zuri edo beltz, orduz geroztik,
zulo beltza nik daramat.
Gogoan daukat eskutik heldu
eta nola ninderaman
bere aurrean arropak kendu
nitzan zion, banan-banan.
Bere eskuen usain likitsa
iltzatu da ene zaman
munduko alkohol guziak ezin
izan duena eraman.
Gaur goizean da haren izena
egunkarian azaldu
laurogeita hamar urte beteta
nonbait du bizia galdu.
Bekaturik ez du ametitu
baina behingoz gizagaldu
haren hilotza eta arima
infernuak janen ahal du!
