Anjel Martikorena bertsolaria hil da
Anjel Martikorena bertsolaria hil da –
Anjel Martikorena Basaburuan kokatzen den Igoa herrian jaio zen 1943ko martxoaren 1ean, eta iragan uztailaren 21ean hil zen, sorterrian. Nafarroako Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, “bere garaiko gehienak bezala etxeko giroan bertsozaletu zen. Gero, lagunartean trebatu zen jendaurrerako urratsa ematea erabaki zuen artean. Oñatin kantatu zuen lehen aldiz jendaurrean, 1967an, bertan egiten zen sariketa batean. 1983an hasita, hamarkada horretan 1991era arte jokatu ziren Nafarroako Txapelketa guztietan hartu zuen parte, eta baita 1986ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian ere. Garaiko bertsolari nafarrak izan zituen kantukide ohikoenak (Bautista eta Xalbador Madariaga, Joxe Miel eta Joxe Fermin Argiñarena, Josetxo Jantzi, Txomin Amorena, …), baina kantatu zuen Joxe Joakin Mitxelena, Lazkao Txiki eta Uztapiderekin ere, esate baterako. Garraiolaria izanagatik, bertsoa ere izan du 82 urte hauetan zehar bidaide”.
Xabier Euzkitzek Nikolas Segurolari buruz idatzitako artikuluan aipatu zuen Anjel: “Arantzazura heldu baino lehen, baina ordurako frantziskotarren hegalpean, Zarautzen ezagutu zuen lehen bertsokidea, dozena bat urte zituela. Anjel Martikorena igoarra, gizon motz gorri bat, gerora Nafarroako txapelketetan-eta aritua. Behin Getariara ibilaldia antolatu omen zuten. Nikolas ez zen joan, eta asmatu. Egundoko zaparrada egin omen zien joan zirenei. Puntutan eraso omen zion.
Nikolas
Getarira joan haiz
eta dena busti
Anjel
hi siestan egon haiz
abarka ta guzti
Bertso osoaz ez zen oroitzen, baina hirurogeitaka urtez gorde zuen erantzun hori gogoan. Ondoren Arantzazun jarraitu zuten zaletasuna lantzen. Gehienbat puntutan aritzen omen ziren elkarrekin, baita puntua jarrita erantzuten eta elkarri lau oinak emanda ere. Behin lau oin hauek eman bide zizkion Nikolasek Anjeli: otsua, atsua, zorritsua, putzua. Eta igoarrak:
Nikolas baldin ezkondu balitz
ta hartu balu atsua,
Matxinbentako mendi artean
hau izango zan otsua.
Lan gutxi eginda haziko zuan
familia zorritsua
ta garbitzeko beharko zuan
mila litroko putzua.”
Gaitzeko algarak egiten zituen Segurolak bertso hori gogoratutako bakoitzean”.
Doluminak senide eta lagunei.