Bere begiek ikusi eben geureek ezin ebena –

7 urte nituela ezagutu nuen Lopa, Jon Lopategi, Baltza. Algortaraino etortzen zen astean behin, debalde, Fredi eta Xabi entrenatzera. Gure aitak itsasoan ematen zuen denbora gehiena eta , tira, Lopa lurreko aitatzat hartu genuen etxean. Gizon gozoa zen, irakasle fina eta pertsona maitagarria; pentsa, nire lehenbiziko bertsoa berari eskaini nion:
Erleak lorez lore,
txoriak kantari,
tximeletak mendian,
ipotxak dantzari.
Bertso ona ez dela
ez ukatu niri
eta eskaintzen diot,
ai, ai, ai, ai,
Jon Lopategiri!
Amarekin orduak ematen zituen telefonoz; txapelketa zela, bertso-saioa, Kanpantxukada.. Berarekin zuzenean egin zuen tratua bertsolariak: bera ez badator ni joango naiz. Eta horrela izan zen.
Gerora jakin nuen Lopa Bizkaia osoan zehar aritu izan zela Mary Poppinsen paperetik gertu. Adibidez, Mikel Urdangarinek “Azalaren azpian” kantuan ondo azaltzen du Lopa eta bere amaren arteko elkarrizketa:
Amak kariñoz oroitzen eban
behin hari esandako lora:
Jakizu Miren zure semea
bertsolari izango da.
Gurdi hartatik jaitsi zan mutila, baina, bere bertso idatzietan ukaezina da Loparen aztarna:
Oraindik ez da huts bilakatu
amari esandako dena.
Ozen kantatu gura neunskizu
esker onik beroena.
Zure begiek ikusi eben
neureek ezin ebena,
kantariaren azal azpian
bertsolaria nintzena.
Eskolarteko txapelketan Lopari azken agurrik eskaini ez dioten bertsolariak gutxi izango dira Bizkaian, gauza bera Txapelketa Nagusian.
Bost izen bota nahi dodaz
merezi daben neurrira:
maisu handi Amuriza
eta Lopategi, biba!
Algortan, Gernikan, Zornotzan, Bermeon, Durangon, Larrabetzun.. Bertso gosea non, Lopategi han. Bere begiek ikusi eben geureek ezin ebena. Eta horrela bihurtu ginen bertsolari eta bertsozale. Horrela ikasi genuen trasnmisioa zer zen. Horrela jakin nuen beti ez direla pertsona txiki asko behar gauza handiak egiteko.