Burua hutsik –
Halaxe nago. Bertsolari aldizkaren agindua da “Hilero bota hamarreko handi bat nahi duzun doinuan eta neurrian” (nahiz eta zutabe-sail honen izenak agintzen duena oximoron bat izan) (ze guaya naizen oximoron bezalako hitzak erabiliz). Eta gaur, egun osoan, bertsotan burua hutsik geratzen zitzaidanean bezala egon naiz.
Goiz erdia pasa dut slither.io-n jolasten, eta ez naizenez bi gauza egiteko gauza ‒ezta bietako bat slither.io denean ere‒, hiru ordutan ez zait etorri gairik, ez mamidunik, ez azalekorik. Eta orduan, afaldu aurretixe ‒arratsaldean ere ez dut gauza handirik egin‒ burua hutsik izan eta, nahi eta ez, bertso bat (edo gehiago) bota beharreko sentipen hura sentitu dut berriz ere. Probatu ez duenak ez daki zer den hau.
Maiz, aipatzen da bertsoaren gozamena: etorria, goitik beherakoa, ze ondo josia, txispa, gatza, sakontasuna, orijinaltasuna, errimaren aberatsa, are hoskidetasunaren musikaltasuna. Ados, ados. Nafarroa Arenan-eta dena holakoa da, okerren egiten duenak ere oso ondo batekin bukatzen du eguna.
Baina orain altxa beza eskua bertsotan jende aurrean noizbait saiatu, eta burua hutsik geratu zaionak. Bai, bai, barneratu ezazu berriz sentipen ezin desatseginago hori zure gorputzean.
Segunduak joan ‒eta badakizu ez zarela Lizaso bat, edonola baina hasi eta buka egingo duena‒ eta ez datorkizu ganorazko ideiarik. Eta denbora badoa, deserosotasun keinu bat atera zaizu nahigabe, jendea zuri begira dago, zure gorputzari. Behartutako isiltasuna luzatzen doa, eta, azkenean, halabeharrez, batez ere deserosotasuna aretoan gehiago zabaldu ez dadin, halako batean, bukaera behartu eta ez oso argi batekin buruan: hasi zara.
Lehen puntua salbatu duzu. Bigarrenean, azken aurreko errimak ihes egin dizu, eta ohartu zara. Ufa, ufa, ufa. Hau apoteosikoa izango da, jaun-andreok. Burua hutsik duzu, eta, halakoetan, ametsetan munstroarengandik ihes egiteko korrika egiten saiatzean bezala zabiltza: hankak ez dabiltza. Munstroa une hori da, jendeaurrean bertso madarikartu hori bota beharra, tranpolinetik txiribueltadun jauzia egin eta ura tripaz jotzea, igerilekuko jende guztia zuri begira dagoela.
Azkenean, bertsoak denetarik izan du: paradinha bat, bi silabako hankaluze bat, poto ez egiteko bigarrenean “gisara” eta laugarrenean “erara” errimak, eta inork ‒ezta zuk ere‒ ulertu ez duen bukaera bat, doinuak errepikatuarazi dizuna.
Bertsotara itzultzeko ameskeria dudanean, amesgaizto hori ekartzen dut gorputzera. Eta super ondo sentitzen naiz esnatzean.


			