June Aiestaran
June Aiestaran

2025-09-24

Maite dut, gorroto dut...

Maite dut gorroto dut –

Orain urtebete eskas izan nuen nire lehenengo txapelketa. Bestelako sariketetan eta eskolartekoetan parte hartu izan banuen ere, oraindik txapelketako lehia eta estuasunera lehen aldiz, eta beraz, estreinakoz nindoala sinetsi nuen. Berria nintzen horretan.

Maite dut gorroto dut

Lehen aldiz sentitu nuen bertso-eskoletako ofizioen osteko itoaldia, eta lehen aldiz egin nuen bertso-eskolatik alde ordua heldu baino lehen. Lehen aldiz sentitu nuen beranduegi zela jada errimategia zabaltzen eta lantzen hasteko, eta amore eman nuen, nolabait, lehenengo aldiz. Hurrengo goizean jaiki eta pira egin nuen errimarik estuenak lantzeko; lehen aldiz hori ere.

Ni bigarren faserako kanpoan geratu banintzen ere, abendua heldu aurretik onartu nien lagunei, bertsokideei eta etxekoei -esatera ausartuko naiz- txapelketa bertantxe beste lau urterako lurpera zedin nahi nuela; saioetako airean erraz usain baitzitekeen ingurukoen begi eta belarriei zerien zorroztasuna, hasperen estuei zerien desesperazioa edo bekain altxatuei zerien tristura. Ez zen, noski, dena itsusia eta iluna izaten, halere: besoak altxatuta egindako txaloetan igar zitekeen lagunak botatako bertsoak sortutako emozioa; ondokoari egindako begirada konplize bakoitzean, poztasuna, eta saio osteko besarkadetan maitasuna, miresmena eta harrotasuna.

Gipuzkoakoa amaitu zen, halere, eta ez nuke isilik pasatzen dituen lau urteetara ere gai hori ekarri nahi.

Datorren udazkenetik negu amaieraraino beteko ditugu asteburuak -bitik bat, behintzat- Xilaba, Bizkaiko, Nafarroako eta Arabako txapelketetako saioekin. Beti izango dugu oholtzapeko aulki horietara lotuko gaituen motiboren bat: morbo hutsa izango da, batzuetan, eta zeregin hoberik eza, beste batzuetan. Gure lagunek ere kantatuko dute saio horietako batzuetan, eta astean zehar bidaliko dizkiegu puntu erantzunak, galdetuko diegu zer moduz dauden, hitz egin nahi al duten, edo outfita zein agurra prestatzen laguntzerik nahi al duten. Egunean bertan, goizetik hasiko den plana beraiek zehatz dezaten eskatuko diegu: bakarrik edo gutariko norbaitekin gosaldu nahi al duten, paseatu, palan ibili nahi al duten, lo egin nahi al duten, kotxean musikarekin, bertso-kantuan edo isilik joan nahi al duten, edo eguna bakarrik pasa nahi al duten. Saioa ongi joaten bazaie, erritual bihurtuko zaie goizetik hasi duten plana, datozen faseetan: entsalada bera bazkalduko dute, osagai berdinak gehituko dizkiete; kulero berdinak jantziko dituzte, belarritakoak ere bai (outfitarekin gaizki badoazkie, outfita bera aldatuko dute), eta eskubiko eskumuturrean eskubiko eta ezkerreko eskumuturrean ezkerreko pultserak jantziko dituzte. Guk eskatuko diegu ez daitezen superstiziosoegiak izan, eta ikus dezaten, egunean bertan, zer egin, jan eta jantzi nahi duten. Ez digute kasurik egingo, eta, guk, ulertu egingo dugu. Guk ere berdina egiten dugu.

Saio ostean poz-pozik edo burumakur aterako gara eta goratuko ditugu batzuk eta kritikatuko beste batzuk. Gure egia absolutuak afalduko ditugu ondoko tabernan, eta hurrengo egunean astelehena izango da, berriz ere. Bertso-eskolako lehen ordua osorik joango zaigu bezperako saioaz, puntuazioaz eta sailkapenaz hizketan. Azkenengoa ere bai.

Txapelketa hauek guztiak amaitutakoan, hilabete horietan guztietan giro eta inguru horrek sorrarazi digun morboa kritikatuko dugu, ziurrenik. Eta beste sei hilabete pasako ditugu, Euskal Herrikoaren zain.

Maite dut gorroto dut  Maite dut gorroto dut