Txokolatezkoak –

Badoa iraila aurrera. Eutsi gatzaizkio errutinari saguzarrak baserrietako teilatu azpietara bezala, eta udako oporren oroitzapenak azukre-koxkorrak dira goizeko kafetan, azkarregi disolbatzen diren horietakoak. Udazkentzen ari da mundua, estutzen, iluntzen, eta laster hego haizea laztan atsegin bat izango da azalean. Badoa iraila aurrera: txapelketa garaia dator eta ni urduritzen hasi naiz.
Gauzak ondo egin nahi izate hori ez da dirudien bezain samurra. Agurretan aurkakoa esaten tematzen garen arren, txapelketa bada neurketa bat; besteekikoa eta zeure buruarekikoa, zeure buruarekikoa eta besteekikoa (faktoreen ordena norbere kontu). Inguruari bilakaera bat izan duzula erakutsi nahi diozu, bertso eskolan igarotako orduek balio izan dutela zientifikoki frogatu. Tartean, altuera egokian jarri ezin dituzun mikroak, telazko poltsa batetik ateratako paper zatitxoak eta belarriak zanpatzen dizkizuten sintoniak.
Eta ni dinbili eta danbala, ia dirudit Dembélé. Edo hori esango luke Amets Arzallusek.
Baina zenbaki-saltsa honetan badago hala ere handi bat, alderdi on bat, bekokiraino murgiltzera bultzatzen gaituen arrazoi bat. Hasiko gara berriro ere asketako arrainak ogi-mamietara hurbiltzen diren modu bertsuan asteroko bertso eskoletara gerturatzen, gosez eta ezkatadun isatsak dantzan. Txapelketa badatorrela, txapelketa badatorrela, eta gure elkartzeko premia inoiz baino handiagoa da orain.
Ezagutzen dudan batek txokolatezko cookie-ak ekarriko ditu, cookie erraldoiak, ikasle pisu bateko labe herdoilduan maitasun handiz eginak. Ofizio on bat egiten dugun aldiro bat jango dugu, klask-klask, eta gaizki egiten dugunean ere bai, ze demontre. Ezagutzen dudan beste batek argazki ederrak aterako dizkigu abestu bitartean, eta apur bat editatu, faltan dugun konfiantza gehiegi nabaritu ez dadin.
Kanporaketak edo final zortzirenak edo dena delakoak hurbildu ahala, bertso eskola hasierako elkarrizketak murrizten joango dira eta bertsoaldiak luzatzen. Errimak ere finduko dira agian. Koadernoa edo zeure buruarekin daukazun whatsapp taldea ohi baino azkarrago beteko da, eta behin doinu batzuei lotuz gero, ez ditugu erraz askatuko. Azken finean, inguruari bilakaera bat izan duzula erakutsi nahi diozu, bertso eskolan igarotako orduek balio izan dutela zientifikoki frogatu.
Baina bertso eskolan ez daude altuera egokian jarri ezin dituzun mikroak, telazko poltsa batetik ateratako paper zatitxoak edo belarriak zanpatzen dizkizuten sintoniak. Txokolatezko cookie-ak eta lagunarte eder bat besterik ez.