Mesanotxekoak –
Doinua: Donosti alde hontan

Pinuzko hanka motzak
kajoiak irtenda,
ez du asko betetzen
altzarien denda.
Goizero itzaltzean
alarma zerrenda,
begiak zabalduta
bera ikusten da.
Lanpara argi edo
egunsenti izpi,
pozik esnatu eta
ohera bekaizti.
Zein diren egun onak,
noiz gabiltzan gaizki,
gure sekretu denak
primeran dakizki.
Kaletik logelara
iritsi osteko,
kartera, giltzak eta
klinexak uzteko,
mugikorra kargatu
derrigor usteko.
Gaina betetzeko diot
patrika husteko.
Bigarrengo kaxoia
liburuz ederki
hornitzen dut beti.
Hautsak estaltzen die
azala emeki,
urtean zehar ez dut
askotan ireki.
Billete handi eta
zentimo txakurrak
ostentzeko, koltxoiak
ez dira samurrak.
Lo gaudela sartzeko
beldurrez lapurrak,
bertan gordetzen ditut
dauzkadan apurrak.
Kanpoan tokatzen da
litera kaxkarrik,
gau guztia pasatu
ezkero itzarrik,
norberarenak badu
famatu beharrik,
baina oroitzen gara
oheaz bakarrik.
Katarroa denean
barruan ernea,
entzuten du eztula
eta aienea.
Badu musu zapiak
jartzeko gunea,
termometroa eta
tipula esnea.
Hormaren kontra bultza
alfonbrari tira,
mesanotxe gaixoen
patua hori da.
Burkoaren ertzean
errenditzen dira
besteek egindako
ametsei begira.