Hitz hutsak utz itzak –
Doinua: Euskal Herriko lur maite hartan
Heldu orduko eguerdiko
laneko parentesira,
kafearekin, gutariko bat
coach-ez mintzatzen hasi da;
bazuen baten bideoren bat
ikus genezan desira.
Komunera jo behar izan dut
ikusi eta gutxira.
Hitz hutsetatik promesa hutsak
eta emaitzak hauts dira.
Frogatu ezin den metodoen
erabilera birala,
zein pentsamendu absolutisten
agintzari ideala.
Une askotan sinesmen hutsa
edo izpirituala
den kontzeptua saldu ez du, ba,
psikologia bezala.
Sasi-jakintsu hauen itzalaz
norbaitek libra gaitzala!
Sharma, Robbins, zein Covey-ren hitzak
egun batez zurrupatu
eta beraiek inoiz zapaldu
duten lurra musukatu.
Hiru esaldi merke sinetsi
eta view-ak konputatu.
Coach-a horrela aritu ohi da:
erran eta ezkutatu.
Hiru liburu hasi baditu
bat bera ez du bukatu.
Hezur-haragi maiz bilakatzen
da Nartzisoren mitoa.
Hiru faseko errituala
izaten da tipikoa,
ondoren, soilik errepikatu:
“ni eta nire xilkoa”.
Hala lortzen da, albora utziz
izpiritu kritikoa,
misoginia justifikatzen
duen gizon toxikoa.
Berri bezala salduko dute,
beharrezko den garaian,
espektatibak dezepzioa
sortzen duela usaian.
Gainerakoan, berririk ez da
Ego puztuen zelaian:
zakildun batzuk predikatzeko
desirarekin talaian
zer dugun ona, zer dugun txarra
monopolizatu nahian.
Sasi-jakintsu horrek nahi luke
gure munduan sustraitu
dibinitate aura ezarri
eta itsuak arraitu.
Hura epaitu ez dezatela
eskatzeko ohi da gaitu
eta hark dion hori egiten
ez duen oro epaitu;
kea saldu nahi duen pertsonak
sua piztu behar baitu.
