Milia berdea bidegorri –
Badira jada aste batzuk Txapelketen udazken honetan sartu ginenetik. Bizkaikoa abiatu zen, Nafarroakoa ere eta Xilaba ere aurkeztu berria da. Bertsozale txapelketeroek kexatzeko arrazoirik ez dute izanen datozen aste eta hilabeteetan.
Bertzelakoa izanen da parte hartzaileen panorama: hilabeteak antolaketa lanetan daramatzatenena, gaiak prestatzen eta jartzen diardutenena, saioz saio epaitzen ari direnena, eta nola ez, bertsolariena.
Nik, momentuz, azken ikuspuntu honetatik bizi dut txapelketa. Hala bizi izan dut XX. mendeko azken txapelketa hartatik, baina ez beti modu berean.
Hogeitasei urte badira lehen aldiz parte hartu nuenetik eta, hau idazten ari naizela, hogeigarren txapelketara bidean nagoen honetan (irakurtzerako agian iada hogeigarrena ere egina eta amaitua izanen dut, baina), gibelera begira jarri eta garai batean eta orain txapelketa bizitzeko modua nola aldatu zaidan konturatu naiz. Konturatu eta neure buruari eskertu ere.
Bertsolari aunitzek aipatu izan dute, txapelketak duen alderdi politena prestaketa fasea dela. Hau da, bertso eskolara joan, lagunekin elkartu, bertsoaldiak aipatu… Nik orain ere hala pentsatzen dut, eta aurten ere izena eman baldin badut, horregatik izan da (tira, gezurrik ez dut erranen… eta hogeigarrenarekin borobiltzeko baita ere). Plazarik ezean, bertsotan egiteko motiboak bilatu behar eta txapelketarena aukera ona izaten da.
Hau ez da beti horrela izan, ordea. Bere garaian niretzat sufrikario bihurtu zen txapelketa. Nafarroan urtero egiten zen txapelketa eta artean plaza batzuk egiten nituela eta haiek galtzeko beldurrez, izena ere urtero ematen nuen. Nire burua hortara derrigortzen nuen. Orduan, txapelketak urteroko oposaketatzat nituen. Nire pentsamenduak hala ziren: “Julen, ez bazara aurkezten eta gainera gero ez bazara finalera pasatzen, akabo zure saioak eta akabo dena”.
Egia erran, orain, orduko Julen harekin topo egingo banu, belarrondoko bat ez… lau emanen nizkioke. Baina orduan hala zen.

Ondorioz, prestaketa aroa ere ez zen aro gozoa izaten. Duela hogeiren bat urte, La Milla Verde filma ikusi nuen. Frank Darabont frantziar zinema zuzendariaren 1999ko espetxe drama filma da aipaturikoa, Stephen King idazlearen The Green Mile eleberrian oinarritua.
Ameriketako Estatu Batuetako Louisiana estatuko Cold Mountain espetxeko “heriotzaren pasabidean” dago kokaturik istorioa. Thom Hanksek interpretaturiko Paul Edgecomb izeneko espetxe zuzendaria eta Michael Clarke Duncanek interpretaturiko John Coffey presoa dira protagonistak. Coffey aulki elektrikora kondenaturik dago, bi haur hil izanagatik.
Filmean zehar, egun beltzerako prestaketa gisa (ez dakigu kartzelako arduradunengatik edo exekutatu behar dutenarengatik izanen den) baina exekuziorako simulakroak egitera eramaten dute maiz Coffey: espetxetik atera, korridorean barna aulki elektrikoa dagoen gelara eraman, aulkian eseri arazi eta exekuzioa nola izanen den irudikatzen dute bertan.
Ba, garai haietan hagitz identifikatua sentitu nintzen irudi horiekin. Arranora joan, kafesne bat hartu, eskailerak goitu, gelan sartu eta kondena eguna burutan, txapelketako saioa simulatzea, aulki elektrikora kondenatu zuten Cofreyren simulazio saio hoiekin konparatzen nuen. Konparatu eta antzekotasun aunitz topatu ere! Erran dudan bezala, gaur egungo Julenek lau belarrondoko emanen lizkioke Julen hari. Eta motz geldituko litzateke.
Zorionez, urteak eta txapelketak pasa ahala, txapelketa bizitzeko eta ikusteko modua aldatu dut. Zorionez diot, garai hura ez zelako batere ona izan, ez nire osasun mentalerako ezta fisikorako ere.
Gaur egun, erran bezala, bertze patxada batekin hartzen dut bi urtean behingo hitzordua. Milia berde hura, neurri batean bidegorri bihurtu da. Hilabetetako bide luze eta nekagarri hura baino motzagoa eta gozagarriagoa.
Edizio batzuk badira belaunaldi berriak hemen daudela eta normala den bezala, beteranoei bazter batera egitea tokatzen zaigu, bere garaian orduko beteranoek gu agertzean egin zuten gisan. Kasu gehienetan eurak dira gu bazterrera igortzen gaituztenak eta hori Nafarroako bertsolaritzarentzat hagitz seinale ona da!
Hala, bere garaian Kondena egun gisa definitzen nuen hura, saioari nere ekarpentxoa egiten saiatzeko egun gisa hartzen saiatzen naiz. Ailegatuko da txapelketa osoa entzule gisa bizitzen hastekoa ere… baina hortarako bi urteko gogoetaldia dut aintzinetik.
Ea nola doan aurtengoa! Hau hasi bertzerik ez da egin: Irurita, Los Arcos, Agoitz, Leitza, Tafalla, Nafarroa Arenako finala, txapela, Euskal Herriko txapelketarako zazpi txartel jokoan…
Oholtzatik edo entzuleen aulkitik, berdin du: itxura ederra du datorrenak! Hala izan dadila!