June Aiestaran
June Aiestaran

2025-10-20

Ezkutatzen duguna

Ezkutatzen duguna –

Ez, hau ez. Ama! Etorri, mese. Hori? Aber, ama, ez. Non daude praka granateak? Ez, ez, nirean ez. Garbitzen? Joe. Hauekin ondo? Bai? Ilunegi, agian? Ez? Seguru? Bale, eta goitik? Honekin eleganteegi, ala? Ez? Bai, bai, uf, eleganteegi. A, badakit! Honekin. Honekin, bai, bai, bai. Zer diozu, praken barrutik pixka bat sartuta, agian? Horrela? Bale, ederki. Betiko zapatila eta telazko poltsa batekin ondo, nik uste. Gainetik ezer ez, ala? Jertse fin hori, agian? Bale, poltsan eramango dut, badaezpada.

Ezkutatzen duguna
Irudia: GITB

Motots altu bat egin dut ile batzuk solte utzita. Jendeak ez dezan pentsatu ispilu aurrean hamar segundotik gora pasa ditudanik horretan. Bertsolarioi ez zaigu inporta zein outfit daramagun oholtzara. Apenas.

Ordulariari begiratu eta goizegi nenbilela konturatu naiz. Sofan eseri naiz. Telebistari begira, aho-zabalka baino ezin izan dut arnasa sakon hartu. “Zer, perezatxoa, ezta?” galdegin dit ahizpak. Ez dakit pereza, urduritasuna ala antsietate puntua izango den, baina irri egin diot, begiak zurituta eta bekainak gora eramanda; baietz, perezatxoa dela esanez bezala.

Elkartu naiz bertsokideekin agindu ziguten tabernan. Elkarren ikasketa, lan eta saioen inguruan aritu gara hizketan. Lasai-lasai zeuden guztiak. Hori zioten beraiek. Hori antzeman zitekeen kanpotik. Ni ere ez naiz urduri samar nengoela esatera ausartu, “Ondo, ondo, bai… hementxe” erantzun diot beraien “Zer moduz?” bakoitzari. Astebete koadernoan idatzita zeraman bederatziko txikiko agurra birpasatzera joan naiz komunera. Azken indar dosiaren faltan, ezpainak pintatu ditut ispiluari begira. Benga, orain bai; a tope.

“Agurrik badaukazue?”. “Uf, keba, aterako da zeozer”. Nahi gabe, hala tokatu balitzait bezala, hirugarren jarri naiz ilaran. Txalo artean hartu gaituzte oholtzan. Garrantzitsua sentitu naiz momentu batez, baina inportako ez balit bezala egin dut.

Grazia handia egiten dit neure buruari kanpotik begira jarri eta zeinen antzezle ona naizen ikusteak; are grazia handiagoa egiten dit bertsolari guztiei berdina pasako zaiela imajinatzeak. Zerbait antzezten duenak izen hori duela ulertuta hartzen dut neure buruari antzezle deitzeko lizentzia. Badaezpada diot.

Ez dakit noiz, non edo norengandik ikasi genuen mikrofono aurrean bi hanka dardarti, dudakor pausatzeko postura sendo bezain indartsua; mikrofono hori bera igo, jaitsi zein hartzeko modu guay posible bat, edo atzeko aulkietan esertzeko posturarik informal baina eleganteena. Noizbait, nonbait eta norbaitengandik ikasi genuen, lehenik, gorputz bat heltzen dela publikoarengana; bertsoa, gero. Eta orduz geroztik, geure hanketan, papar altxatuetan eta ahotsetan existitzen ez den konfiantza bat antzezteko gaitasuna garatu dugu, bertso-eskolaz bertso-eskola eta plazaz plaza.

Ez nuke neure burua ez den beste inoren izenean hitz egin nahi; are gutxiago ez dakidanik egiazkotzat jo, baina esatera ausartuko nintzateke begiek diz-diz egiten dioten eta besoak –beldurrez– gurutzatuta dituen xomorro txiki-txiki bat ezkutatzen dela praken barrutik sartutako kamiseten, ezpain gorrien eta saio aurreko irribarre zabalen atzean.

Horregatik, orain, saio bakoitzaren ondoren, etxera itzulitakoan, kamiseta aldatu, ezpainak biluztu eta hatz lodiarekin laztantzen dut nire azalaren azpian ezkutatzen den xomorrotxoa.

Ezkutatzen duguna  Ezkutatzen duguna