Oier Etxeberria
Oier Etxeberria

2025-10-27

Konforme

Konforme –

Idazleek liburu bat argitaratu ondorengo elkarrizketetan kontatzen dute, hasierako zirriborroari jira eta buelta aritzen direla, txukundu eta zuzenketak eginaz. Azkenean, epemugak edo derrigorrak eraginda, obra bukatutzat ematen dute. Pentsa liteke, etengabe hobetu nahia maila gorena erdiesteko metodo aproposa dela. Aldaketen iterazioak emaitza bikaina emango duela enegarrenean. Bestalde, ez da aldrebesagoa perfektua onaren kontrakoa dela esatea. Juana Bixentaren ama konforme zegoen. Lurdes Iriondo ez.

Jende aurreko inprobisazioak ez du baimentzen lehenengo behin behineko bertsioa sortu eta gero patxadaz orrazterik. Datorrena, edo ekarri dena onartu beste erremediorik ez dago. Noski, ofizioaren edo saioaren ostean, kantatutakoaren araberako irakurketa baikorra edo tristea izango da. Baina, ondorioztatu genezake egilea bere sorkuntzaren gaineko konformitatera kondenatuta dagoela. Publikoari dagokionez, bi alditan erakusten du komunikazio ariketarekiko adostasuna: Aurrena entzuteko prest agertzen denean. Kantatuko duenari arreta eskaintzeko besteko interesa daukalako. Bigarrenik, emaitzari baleko iritzita ahalegina txaloz sarituko dio.

Puntuz epaitutako saioetan inor ere ez da gustura gelditzen. Irabazi duena bere buruarekin kritikoa izan ohi da. Xehetasunak eta txikikeriak gogoratuko ditu, hobetu behar lituzkeenak. Beste guztiak irabazi ez izanagatik egoten dira haserre.

Gure bailara bertsolaritzan tradizio handikoa izan arren, zalantza eragiten dit zaletasun horren osasunak. Askotan azaltzen dugu, gure inguruko entzulea elitista eta selektiboa dela. Beharbada arrazoia ez da maila erdipurdiko bertsoekin ez dela asebetetzen, baizik eta parean autore ospetsu eta kontsakraturik tokatu ezean, ez diola arretaz entzuteko nekerik ere opa. Zenbat eta entzule jakitunagoa, moko finagoa izan, orduan eta esker okerragokoa dela alegia.

Ildo berean, susmoa daukat, bertsozalearen karneta merke samar oparitzen ote dugun. Lau urtean behin eklipse bati begiratzeak astronomo egiten ez gaituen bezala, edo ikastetxean txirula jo izanak musikari bihurtzen ez gaituen modu berean, bizitzan entzundako saio bakarrak txapelketa nagusiko finalak dituenari ere, kakotx artean esleitu beharko genioke “zale” estatusa.

Elkarri ematen dizkiogun gomendio – hausnarketa sasiteorikoetan, nork bere buruari barkatzearen garrantzia azpimarratu izan dugu. Tartean bertso txarrak kantatzeko prest egotea beharrezkoa dela. Ezin litekeela beti ale ona bururatu arte egon. Beraz, aldiro bertso onak bakarrik entzun nahi dituenak ere jai du. Urtean behin, pilotari profesionalen buruz buruko finalera soilik doanari, gehiago kostako zaio partida on bat tokatzea, hilabetero promozio mailako partiduak jarraitzen dituenari baino. Pilotari onek jokatzeak, ez du partidu onik ziurtatzen.

Akaso testuinguru honetan ohikoa ez delako gelditu zitzaidan hau iltzatuta. Nafarroako herri txiki batean, udazkeneko bertso saioaren iragarkia: “Zatoz igande eguerdiko jaialdira, bertsolaririk onenak izango dira bertan!”. Publiko orokorraren partetik, bertso entzule baino, finalista zaleago izatea libre da, baina ez da dotore gelditzen karteletan esplizituki idaztea.

Eliteko kirolean, garaipen ugari lortu arren irabazteaz inoiz ez asetzea, izar handien bertute moduan hartzen da. Lehia entretenigarria izango bada, ikusleak mailarik altueneko kirolariak baizik ez ditu nahi. Gainera, jokoari parekotasuna ere eskatzen zaio; norgehiagoka azken unera arte orekatua izan dadila. Ordea bigarren posturako borrokak ez du balio emozioak pil-pilean jartzeko.

2020an Tokioko Olinpiar Jokoetan, Mutaz Essa Barshim eta Gianmarco Tamberi altuera jauziko finala lehiatzen ari ziren buruz buru. Biek altuera berbera eta saiakera kopuru berdinarekin gainditu zutenez, epaileek biei urrezko domina emateko aukera proposatu zien. Beste jauzirik egin gabe, berdinketa adostu zuten. Hiru urte beranduago, Parisko Jokoetan, Hamish Kerr eta Shelby McEwen pertika jauzilariak ere berdinduta gelditu ziren, eta biak irabazle izendatzeko aukera eskaini zitzaien hauei ere. Ordea, kasu honetan ez zuten urrea elkarbanatzea onartu, eta kitarakoa jokatuta herbeheretarra nagusitu zen.

Esaten da konformitatean baizik ezin daitekeela zorionik iritsi. Gure etxeko arta zuritzeko istorioen arabera, Kondizondoko soro zelai barrenean partitu zen inbidia, burruntzaliarekin katiluetara.

Konforme
Arg: Sebastian Mary
Konforme