Txapelaren bila doa Aitor Etxebarriazarraga

Finalaurrekoen bigarren bueltara sailkatu da Abadiñon, eta orden honetan sailkatu dira bertze bortzak: Txaber Altube, Gorka Pagonabarraga, Unai Mendiburu, Maite Sarasola eta Enare Muniategi. Heldu den igandean eginen dute lehen bueltako azken saioa.

Txapelaren bila doa Aitor Etxebarriazarraga –

Iratxe Muxika Karrion, Berrian.


Txapelaren bila doa Aitor Etxebarriazarraga
Aitor Etxebarriazarraga, gaur, Abadiñoko saioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Ilusioa dakart/ urtero antzeko/ ahal dala txapeletik/ gertu bukatzeko». Erran, eta egin. Abadiñon jokatu dute gaur Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, eta Aitor Etxebarriazarraga Gabiolak batu ditu puntu gehien: 651,5, zehazki. Txapeletik gertuxeago kokatu da, beraz, eta bigarren bueltan kantatzeko txartela lortu du; Bermeon izanen da, azaroaren 15ean. Bigarren egin du Txaber Altube Sarrionandiak, 607,5 punturekin, eta gibeletik sartu dira Gorka Pagonabarraga Agorria (604,5 puntu), Unai Mendiburu Valor (600 puntu), Maite Sarasola Isazelaia (562 puntu) eta Enare Muniategi Etxabe (552 puntu). Heldu den igandean itxiko da finalaurrekoen bigarren bueltan kantatuko duten bertsolarien zerrenda, Barakaldoko saioaren ondotik. 

Arratsaldeko bortzak jo dituztenean Igor Menika gaijartzailearen gibeletik sartu dira sei bertsolariak, eta goxo-goxo agurtu dute euren burua. Lan puntuagarriak zein izanen diren esplikatu du gidariak: hiruna bertso hamarreko txikian, hiruna bertso zortziko txikian, Iparragirre abila dela doinuan bertze hiru bertso, eta ganbara. 

Azkeneko lan puntuagarri horrek utzi ditu alerik ederrenak, baina hara bidean ere joan dira lagin politak uzten. Etxebarriazarraga eta Altube, erraterako, urte luzez kartzela berean egon diren bi preso izan dira hamarreko txikian. Etxeberriazarraga kanpoan da dagoeneko, eta kide ohia bisitatzera joan da gaur. Hala galdetu dio kartzela barrutik: «Baina zer aurkitzen da/ irteterakoan/ esperantza izpirik/ ba al dago kanpoan». Zalantzati erantzun dio Etxebarriazarragak: «Gazteak banatuta/ aberria lotan/ eta neu be nabil neu/ topatu asmotan/ ezebez ez dot egin/ hilebeteotan». 

 

Lapurrak, klasekideak eta telefonistak

Arin eta umoretsu jardun dira seirak zortziko txikian. Muniategi telefonia enpresa bateko langilea izan da, eta Mendibururi telefonoz deitu dio eskaintza baten berri emateko; Mendiburu ezin isildu ari zaio kontu kontari. «Lan hontan arratsalde/ bat be ezta berbera/ zoratu eingo nozu/ atzera aurrera/ gurozunean pasa/ zeiz movistarrera». Buelta eman dio Mendiburuk: «Nahita egin dut zabiltza/ esan eta esan/ guk zer sentitzen dugun/ ikasi zenezan». 

Txapelaren bila doa Aitor Etxebarriazarraga
Abadiñoko saioa, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Altube eta Pagonabarraga bi klasekideren ahotik aritu dira bertsotan, graduazio egunean. Txandalean joan da Altube, eta dotore-dotore Pagonabarraga. Notarekin hitz jokoa eginez, hala erran dio Pagonabarragak: «Holan egun handirik/ ezin da ospatu/ beti erdipurdiko/ ez baju ez altu/ lau urtean ez zara/ bostetik pasatu». Utzikeria dela ukatu, eta erantzun egin dio Altubek: «Arte ederretakoak/ jende fina gara/ rebotean sartuak/ gure karrera/ horregatikxe hala/ etorri naiz hala/ ez da utzikeria/ performatzea da». 

 

Norberaren harrotasuna

Eta iritsi da ganbara. Hala zioen bakarka hiru bertso osatzeko gaiak: «Azkenean lortu dozu amaitzea; oso harro zagoz zuere buruagaz». Lana josten lehena Sarasola izan da, eta abiadura bizian egin ditu lanak; bai bakarka, bai ofiziotan ere. Ama baten gorputzetik kantatu du, eta azaldu du etorkizun idiliko baten bila aritu izan dela beti. Pelikuletan kontatzen dena, baina, ez da erreala izaten gehienetan, eta horixe bera gertatu zaio Sarasolari: «Ta uste bezain super guaia/ ez denez amatasuna/ umeen zaintza nekeza/ gaixotasun ta bakuna/ nik ezin nuen gehiago/ ta sentituz erruduna/ prozesu bat hasi nuen/ hobetzeko etorkizuna/ eta talde terapian/ gaur da nire azken eguna». Lasai begiratzen dio, orain, egungo bizitzari: «Baina behingoz kendu dut ja/ nire aurpegitik maskara/ pertsona normal bat naiz ta/ larregi da beharbada/ baina honaino iristea/ harro egotekoa da». 

Mendiburuk ere talde terapian kokatu du bere burua, baina bertzelakoa zuen hor egoteko arrazoia: unibertsitatean matrikulatu arren ez zen sekula aurkeztu, eta, zenbait bide oker hartuta, ludopatia gaixotasuna garatu zuen azkenerako. «Zortean sinetsi nahian/ handian nuen amestu / nola ez nintzen egongo/ itolarrian ta estu/ etorkizuna uztean/ bola txiki baten esku». Errima fin-finez josi du bertso hori, eta esker onez ondu du bukaerako bertsoa ere: «Konponbidea baneukan/ ta gertu zen parez pare/ gertukoen bultzada ta/ osteko terapia talde/ halaxe urte hauetan/ ezer ez da joan debalde/ azkenik iritsi baita/ azkenik egin dut alde/ behin apustu egitean/ nire buruan alde». 

Muniategik eta Pagonabarragak ere antzekotasun batzuk eduki dituzte osatu duten ipuinean. Lehen aldiz hamar kilometro egin ditu Muniategik, Bilboko lasterketan. «Hasieran lerro batean jarrita/ eta pistolatxoak gora/ besteentzako igual ez baina/ hau niretzako asko da». Helmugara iritsi denean lagunak eta familia ikusi ditu bertan, eta zera pentsatu du, azkenerako: «Bizi honetan ni neure kontra/ eta besterik ez dago / maitebi neuke neure burua/ ta apurtxu bet gehiago». 

Txapelaren bila doa Aitor Etxebarriazarraga
Txaber Altube bertsotan, gaur, Abadiñon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Urrunxeago joan da Pagonabarraga: «Eta kolpean sentitu nahi dut/ amaituko dela lana/ nahiz ta bidean ahaztu lagunak/ bikotea eta ama/ hamairu ordu eta erdian/ bukatu dut Ironmana». 

Azken eta azkenaurren abestu dute Altubek eta Etxebarriazarragak, eta haiek osatu dituzte bertsoaldirik borobilenak. Bikote harreman bat irudikatu du Altubek, zeina, lau urteren ondotik, eten egin den. Zer gertatu den ez jakinagatik ere, badaki aukerarik onena zela alde egitea: «Nahiz eta utzi behar nuela/ maiz ez zaidan iruditzen/ hori tristura besterik ez da/ bere papera kunplitzen/ ta bukaera eman behar zen/ biok joan errenditzen/ ta nola min gehiegi zen/ apenas ausartu nintzen/ orain ikasi beharko dugu/ besterik ez da gelditzen/ lehen elkarrekin ikasi legez/ elkarren faltaz bizitzen». Ederki josi ditu hiru bertsoak, bai abiadurari dagokionez, bai edukiari dagokionez ere.

Hasieratik bukaeraraino asmatu du bertsotan Etxebarriazarragak, baina ganbaran jo du goia, zalantzarik gabe. Seme baten roletik kantatu du; aitarekin ongi moldatu ez eta handik ihesi joan zen amarekin batera. «Joan ginen momentuz/ aldaturik tentuz/ instiz, bizilekuz/ harremana lehertuz/ baina ez zan amaitu/ gu desagertuz». Salaketa jarri zuen aitaren kontra, eta gaur etorri zaio erantzuna: «Epaitegitan pasa/ dot urte andana/ hoba sartu baneutzo/ tripan labana/ azkenean heldu da/ epaia nigana/ lortu dot amaitzea/ gure harremana/ nahiz joan ez orbana/ badogu zor bana/ gozatzea dana/ harro nago ama/ ez dalako itzuliko/ barriz gugana». 

Txalo zaparrada artean agurtu dira bertsolariak, eta jaitsi dira oholtzatik. Hurrengo igandean ikusiko dute bertsozaleek elkar, Barakaldon. Finalaurrekoaren lehen bueltako azken sei bertsolariak arituko dira han: Ibai Amillategi Omaetxebarria, Irune Basagoiti Agirre, Lurdes Ondaro Mallea, Mikel Goiriena Larrazabal, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa. 

Txapelaren bila doa Aitor Etxebarriazarraga  Txapelaren bila doa Aitor Etxebarriazarraga  Txapelaren bila doa Aitor Etxebarriazarraga  Txapelaren bila doa Aitor Etxebarriazarraga  Txapelaren bila doa Aitor Etxebarriazarraga  Txapelaren bila doa Aitor Etxebarriazarraga  Txapelaren bila doa Aitor Etxebarriazarraga