June Aiestaran
June Aiestaran

2025-11-24

Atso festa

Atso festa –

Atso festa
Arg: Tima Miroshnichenko

WhatsAppez 2 minutuko audio baten ondotik bidaltzen diren mezuek ez didate, normalean, konfiantza handirik ematen. Txatean sartu eta bekainak dantzatu beste uzkurtzen ditut ezpainak, lehenik; gero, audioari sakatu eta hasperentxo bat irteten zait: ea zer dugun oraingoan. Egun hartan ez zen, ordea, hala izan. “Emakume eta genero disidenteentzako trebatze saioak” irakurri, eta bekainak altxatuta eta ezpainak belarrietaraino zabalduta idatzi nituen nire izen-abizenak inprimakian.

2026an jokatuko den Gipuzkoako Herriartekoa aitzakia hartuta sortu dira, aurten, aipatutako trebatze saio hauek, eta guk ere jarri genituen horretarako eguna, ordua eta lekua: inprimaki bat, WhatsApp talde bat, bost bat data biltzen zituen inkesta bat, eta voilà!, mahai handi-handi baten bueltan ginen, ohartzerako, igande goiz hartan elkar entzuteko, ezagutzeko, norbere barne-korapiloak mahaigaineratzeko, kritikatzeko, barre, negar egiteko eta goiz batez mundua mahai-buelta hartara mugatzeko gogoz esnatu ziren hamaika lagun.

Aspaldikoka, besarkada estuekin hasi genuen saioa. Mahai bueltan eseri, eta elkarri begira geratu ginen: ezezagunak zitzaizkigun aurpegiei irribarre txiki bat eskaintzen genien; ezagunei ere bai. Dinamizatzaile eta pauta behar handirik gabe hasi genuen, nahiko nahi gabean, errondatxoa: bertsoarekin izandako harremanaz, horrek eragindako ezinegonez, beldurrez, traumez, anekdota eroez, motxilez eta pozez aritu ginen hizketan, txandan-txandan. Txandan-txandan, bai, baina mahaiaren alde bateko istoriotxoetan agertzen zen beste aldean zegoenaren izena, eta tartekoak ere izaten zuen besteei ahaztutakorik kontatzeko. Zaharrenetik gazteenera hasi genuen errondatxoa (ez hain nahi gabean). Ipurdia aulkian atzeraino eramanda, baina gorputz-enborra aurreratuta entzun nituen beraien kontu guzti-guztiak. Zoragarria zen haietako bakoitzaren hizketari adi-adi erreparatu, eta ikustea nola barre algara batek eteten zuen, momentu batez, kontatzen ari zena; zoragarria, nola hurrengoari emozioak ahotsa hausten zion, eta nola gainontzekooi ere igotzen zitzaizkigun biriketatik eztarriraino hari korapilatu batzuk, zuhaitz baten sustraiak bailiran. Listua irentsi eta hizketan jarraitzen genuen.

Ondoan eserita neukan lagunari begiratzen nion, tarteka, eta guk kontatzeko hainbeste kontu izango ote genituen galdegiten genion elkarri, begiradarekin. Txanda heldu zitzaidanean, niri
ere ipini zitzaidan ahotsa hauskor, bigun, eta irentsi nuen listua hizketan segi nezan. Mahaiaren inguruan, gorputz-enborrak niregana hurreratuta sentitzen nituen, eta hizketan jarraitzeko eskatzen zidaten beraien begiradek. Nioena inporta zitzaiela sentitzen nuen begirada mahaitik altxatzen nuenero; nioena inporta zitzaiela eta, benetan, niregandik gehiago entzun nahi zutela sentitzen nuen. Elkar sinesten zuten gu guztion begiek, elkar besarkatzen, begiradek.

Aurreikuspenetan ordu bat iraun behar zuen ezagutza errondan joan zitzaizkigun lau, konturatzerako, eta “Aspaldiko!” artean hasi zen saioa, beste bost bat data biltzen zituen WhatsAppeko inkesta batean amaitu zen, telefonoa eta tragoa esku banatan.

Etxera bueltan, lagun bati dei egin eta kontatu nion super-super-super polita izan zela eta super-super-super pozik nengoela: barre pila bat egin genuela, hunkitu ginela, elkarri adarra jo geniola eta atso festa ederra sortu genuela gelatxo hartan. Zoragarria izan zen zuek ezagutu, burbuilatxo hura sortu, eta, goiz batez, (bertso-)munduko errealitatea hori zela sinestea. Mila esker!

Atso festa  Atso festa