Maddi Agirre
Maddi Agirre

2025-11-27

Aita Santuak Telebistan

Aita Santuak Telebistan –

Aita Santuak Telebistan
Arg: Nothing Ahead

Azkoitiko amamaren etxean errusiar entsalada jan ohi dugu igandetan, eta nik, kozinatzeko iaiotasun gutxi dudanez gero, eginbehar zehatz batean laguntzen diot: patata egosi eta mahonesa nahaskiloari olibak jartzen, hain zuzen ere. Lan erraza dirudi, eta bada, baina objektuen simetriarekin dudan obsesio gaizbera dela medio, behar baino denbora gehiago ematen dut sarri oliba guztiak elkarrekiko distantzia berdinera kokatzen.

Tarte horretan, amama ondora etorri eta kontuak kontatzen dizkit, batzuetan berriak eta gehienetan errepikatuak. Hala, aurreko igandean zera esan zidan, aita santu berria telebistan gutxi azaltzen dela lehengoaren aldean. Nik barre egin nuen, alde batetik, amamak telebista dionean ETB1 esan nahi duelako, eta bestetik, arrazoi osoa zuelako.

Izan ere, amamak beti daki oso ondo nor agertzen den telebistan asko eta nor gutxi, nork aurkezten duen teleberria, nor aritzen den korrespontsal lanetan, eguraldiko June Ansoleagak zein koloretako prakak jantzi zituen atzo, Andoni Aizpuruk oporrak noiz hartzen dituen, bitartean nork ordezkatzen duen, eta abar handi bat.

Hitzetik Hortzera ere kontrolatua du. Amamak dio beti berdinak azaltzen direla kantuan, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina, eta benetan onak izango direla. Ni noiz azalduko naizen ere galdetu ohi dit tarteka, bere biloba pantailan ikusteko irrikaz, eta nik erantzuten diot egunen batean suertatzen bada abisua pasako diodala, baina ez egoteko horren esperoan.

Dena den, gu ez gara jada bertso udalekuetan koplak abesten dituzten edo herriko festetako bertso saioan Aitor Mendiluzeri sinadura eskatzera doazen haurrak. Hazi egin gara. Pila bat. Orain, larunbat gau batzuetan amamaren ondoan eseri, atzamarraz telebista seinalatu eta esaten diot “begira, horko hori nirekin egon zen udalekuetan” edo “begira, beste hori ni baino urtebete nagusiagoa da soilik”.

Aurreko igandean, adibidez, esan nion “Amama, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalera pasa den Eki hori nire laguna da”, eta berak ez dakit, baina nik behintzat sekulako poza hartu nuen.
Honekin esan nahi dudana da denbora oso azkar igarotzen dela, eta nire adin inguruko gazteak hasi direla gutxinaka-gutxinaka mokoa sartzen, zertan oso ondo ez dakidan arren. Eta nork daki, agian laster gure adin ingurukoren bat aita santua baino gehiago azalduko da telebistan, eta amamak esango dit bertsolari ona izan beharko dela derrigor.

Aita Santuak Telebistan