Julen Zelaieta
Julen Zelaieta

2025-12-15

Urtezaharra baserriz baserri

Urtezaharra baserriz baserri –

Dios te Salbe ongi etorri

gabon jainkoak dizuela,

legiarekin kunpli dezagun

urte berriaren bezpera.

 

Urtezaharra baserriz baserri
Arg: Usoa Zelaieta Elizondo

 

Badoa urtea. Bistan da abenduaren 31a, urtezahar eguna. 15:00ak aldera Kataku Ostatuan elkartu eta hortxe abiatzen ginen, gehienetan musika lagun, Suspela, Dornaku eta Zia auzoetan barna, urte zaharra kopla kantari agurtzera. Landetatxo, Illekunborda, Garatxekoborda, Bordaberri, Zigardiberea, Zigardi, Joantzenekoborda, Oainborda,Premosan berendu-afari legea egin eta  belategian barna Dornakura,… Gorostipala, Balkezenea, Aranztea, Arrotzibi… handik maldan behiti Zian ere izan zen gure bisitaz libratu ez zen etxeren bat. Ez, ez ziren guti bisitatzen genituen baserriak. Eta estimatzekoa zen denetan egiten ziguten harrera.

Bertsolari aldizkariko irakurle finenentzat ez zaizue arrotza eginen aipatzen ari naizena. Ekhine Zapiainek Berako bertso ibilbidea landu eta osatu  zuen duela ale batzuk,eta Diostesalbea, ibilbideko geldialdietako bat izan zen.

Tira, kontatzen ari nintzena: herrian elkartu, ttipi-ttapa ibilbideari ekin… Landetatxoko kafearekin hasi eta llekunbordako tortilla, Bordaberriko gasna, Zigardi-bereko sagardoa, Premosako kroketak, Gorostipaleko eta Balkezeneko pastak… itzuleran urtea agurtzeko otordu beharrik ez. Eta guk trukean zer? Ba, goiko estribilloa oinarri, denetariko koplak: batzuk ohiturazko kopla zaharrak (Mendi gainean arbola, haren onduan txabola…) eta bertze batzuk bat-batean kantaturikoak.

Hasierako baserrietan estribilloa kantatzera mugatzen zirenetako batzuk, Dornakura ailegatzerako koplak kantatzera ere animatzen ziren, tartean perla ederrak utziz. Ekhinek berak, aipatu zuen Kotto zenaren kopla gogoangarria adibide garbia:

 

Santa Barbaran otia,

loretan dago betia,

etxe hontako etxeko alaba

ederra eta potxola.

 

Urte hauetan denetariko aldaketak izan dira.Izan da hogei lagunetik goiti joan izan garenak, eta izan da zazpi lagun bertzerik joan izan garenak ere. Belaunaldi aldaketak ere izan dira. Hasi ziren haiek, bizitzak jarritako bertzelako konpromezuak tarteko, utzi eta urtetan taldea berritzen joan da. Erran bezala, batzutan gehiago, bertzetan guttiago baina pandemia urteak alde batera utzita, urtero joan izan gara. Izan da gauerdiak etxeren batean topatu izan gaituen urterik ere, bertako giro ederraren seinale. Estribilloak ere, gaur egungo gehiengo gizarte laikora egokitzeko helburuz, aldaketaren bat edo bertze ere jasan izan zuen azken urteetan, nahiz eta etxe batzuetan hala eskatuta, Dios te salbe eta guzti kantatu behar izan.

Konturatuko zinetenez, iraganean idatzi dut, izan ere duela hiruzpalau hamarkada, artean gazteak ziren Kotto zenak, Bixentek, Basiliok, Imanolek eta koadrila eder batek abian jarritako ekimenak berea eman du. Bi mila eta hogeita bian atera ginen azken aldiz. Duela bi urte, azken orduko ezbehar batek bertan behiti utzi zuen urteroko ibilaldia eta iaz, ateratzeko behar adina jenderik elkartu ez eta ofizialki amaiera eman genion ohiturari. Aurten ez dugu taldea ateratzeko saiakerarik ere eginen.

Egiari zor, etorkizun hurbil batean aurreikus zitekeen amaiera izan zen. Zergatik? Gizartea aldatu delako. Garai batean baserrian bizi eta urtezaharra, herrigunetik urrun pasatzen eta ospatzen zuten familiek gustora eskertuko zuten gazteen urteroko bisita (edo bisitetako bat). Gaur egun, haietako aunitz jada ez daude gure artean eta daudenek ere, gure gisan, adinean goiti egin dute. Horrek, denboraren joanean geldigune kopurua murriztu zuen. Eta segitzen dutenen artean ere, normala den bezala, garai bateko ilusioa, konpromezu bihurtu zen. Hala, (eta hau nere iritzia da), iaz, amaitutzat eman genuenaren berriak gehienengan poza eragin zuela erratera ausartuko nintzateke. Eta ulertzen ditut. Hobe errateko: ulertzen ditugu.

Eskertzekoa da denbora guzti honetan egindako ahalegina: dozenaka laguneko koadrilari etxeko ateak ireki, otordua prestatu (horrek eskatzen duen denbora eta gastuarekin), harrera egin… eta hori urte zaharrean! Ezin dugu ahantzi, herrigunetik kanpoko etxe berak izan ohi direla, gero inauterietako Zingar-arraultze eskean eta herriko bestetako dianetan gazteek eta musikariek bisitatu ohi dituzten etxeak eta hor ere kunplitzea tokatzen dela. Beraz, meritu ederra!

Gure aldetik ere, aitortuko dugu gero eta zailagoa izan zaigula taldea biltzea: San Silbestreko krosak, Barraskilo gazte taldeak antolaturiko goizeko ekitaldiak, herriko Diostesalbeko kalejira, afal-aintzineko poteoa, geroko otorduak… konpetentzia koxkorra!

Hala, erran bezala, Beran, baserrietan kopla kantari agurtzearen ohiturak berea eman du.

Tamalez, gurea amaitu den gisan, susmoa dut, aipatu berri ditudan bi ohiturek, inauterietako Zingar-arraultzeak eta herriko bestetako dianek, ez ote duten epe motz-ertainera patu bera izanen.

Nire susmoak bertzerik ez dira, hori denborak erranen du.

Beran, baserri giroko Santa-eskerik ez da egiten eta gure eskualde honetan ezta ere, baina Urte-zaharreko gure ohitura ohia, Santa eskekoarekin parekatu izan dut beti. Ez dakit, gureak izan duen bilakaera bera edo antzekoa izan duten azken urteetan Santa eskeko ibilerek. Jendea topatzea gero eta zailagoa ote den, etxe kopuruak mantentzen diren, bertan egiten duten harrerak betiko bera izaten segitzen duen, Hori, hortan aditua eta aritua den zutabegileren batek argitzerik? (Hortxe, hurrengo zutabetarako ideia!)

Tira, eta zuri irakurle, zutabe osoa leitzera ailegatu bazara, koplak kantatu eta sabela ederki bete ondotik, eske onez, etxekoak agurtzeko kantatzen genuen gisan:

 

“…eskerrik asko, ta urte berria

hobea izan dadila!”

Urtezaharra baserriz baserri  Urtezaharra baserriz baserri  Urtezaharra baserriz baserri