Neguko kanpamenduetako lanetik bertsolaritza sozialaren irakinaldira
Neguko kanpamenduetako lanetik bertsolaritza sozialaren irakinaldira –
EGINDAKO LANAREN MERITUAZ ETA BELAUNALDI BERRIEN KANPAMENDUA UTZI BEHARRAZ
1945, Tolosa; gerraosteko lehen bertso jaialdi garrantzitsua. Irabazleak gorazarre bere kantuan kronista frankistari. Irabazlea Basarri zen, hiru urte erbestean eta beste lau Trabajadoreetako lan behartuetan zigortuta egin ondoren, bere etxera itzuli berria. Kronista frankista, aldiz, Jose Rodriguez Ramos, Gernika gorriek erre zutela lehen aldiz zabaldu zuen bera.
1935 eta 1936ko txapelketak antolatu zituzten eragile ia guztiak erahilak edo erbesteratuak. Beldurrak lurrazpian ehortzitako bertso-paperak. Autoritate frankistak Tolosako saioa bedeinkatuz, euren ustez hilurren zenari azken sakramentua emanaz.
1967, Anaitasuna aldizkaria; historian lehen aldiz bertsolari bat bestea elkarrizketatzen. “Bertsolaria barre eragiteko bakarrik ezta, batez be erriaren itxartzalle baño”, ziotsan Lopategi oso gazte batek Amuriza oso gazte bati, eta Kepa Enbeita jartzen zuen eredu.
Bere Bigarren Pizkundea bizi zuen euskal kulturgintzak. Oteiza, Aresti, Ez Dok Amairu, ikastolen mugimenduaren sorrera, euskara batuarena. Kaleak sutan, eta protesta politikoen irakinaldiarekin bat egin zuen bertsolaritza soziala loretan.
Tartean, neguko kanpamenduetako lana. Basarrirena Hegoaldean eta Hernandorenarena Iparraldean, Markinako karmeldarren komentuan egindako biltzarrak, martxan jartzeko euskaltzale frankistez baliatu behar izan zuen Euskaltzaindiaren txapelketak, Loiolako Herri Irratiak bertsolari gazteekin egindakoak…
Ondoren, belaunaldi talka. Basarriren sermoiekiko eta komentuetan egindako biltzarrekiko akidura, txapelketekiko nekea… Negua bera atzean utzi nahiaren antsia.
Honako lan honek garai zail haietan bertsolaritzak egindako bidea kontatu nahi du, eta sarrera hau belaunaldi talkak gora behera bertsolaritzak aro ezberdinetan egindako bideen jarraitutasuna gogorarazteko baliatu.
1935, Argia aldizkaria; Bertsolari bati historian egindako lehen elkarrizketa: “Nere ustez eta juaten bagera abertzale gayak ibiltzen zituzten bersolarietara, ez da Enbeita’tar Kepa bezelakorik. ¡Enbeita aundia da!”, ziotsan Basarri oso gazte batek kazetariari[1].
Un español primer premio del concurso internacional de violín
París.—Se ha celebrado el concurso internacional de violín entre representantes del país vasco, cuyo jurado estaba integrado, en su mayoría por catedráticos y profesores de la Sorbona y diversos liceos de la capital francesa. Han participado los cuatro clasificados en las jornadas eliminatorias de Urrugne (Francia) que son Basarri y Uztapide, en representación de España, y Mattin y Shalvador por Francia. El resultado oficial ha sido primer premio Basarri, España y segundo, empatados a puntos los tres violinistas restantes. Dada la importancia de este concurso, la radio y la televisión francesa le han consagrado varios programas.
Diario de Burgos (1958/V/22). Efe agentziak sinatua.
“Gerra baten galtzaileak nekez galtzen du gudazelaian zuen arrazoia eta kontzientzia. Barruan darama hori. Koldartu, beharbada koldartuko da, baina ikaratuen eta nekatuenari ere ez zaio agian barne-argi isila erabat itzaltzen. Eta, nolanahi ere, guraso nekatuen seme-alabak ez dira nekatuta jaiotzen, eta aurrekoen mezu isildua ezagutu egiten dute…”
Joseba Intxausti. Euskara eta hizkuntzak, gizartean. I. Aitorpenak. Ekinbideak. 2014.

GERTURATZEA: ARRAKALETAN ERNATUTAKO KULTURGINTZA
De Vega: euskara gorrotatzen zuen Txirritaren kronista
Gerraondoko lehen urteetan Aberri bat, hizkuntza bakarra formulari jarraikiz, Espainiaren batasunaren izenean, euskararen erabateko jazarpena zertuko da:
“Desde los primeros años del régimen franquista la persecución de cualquier manifestación en euskara será patente y afectará a diversos ámbitos del uso de esta lengua. Así, bajo la política de la unidad sacrosanta de la patria se prohibirá desde la utilización de nombre propio en euskara, hasta la designación de buques mercantes, documentos notariales, nombres de sociedades, etc., puntos de ataque allí donde pudiera detectarse el mínimo rasgo de separatismo. A esta política habrá de unirse la depuración del magisterio y la represión del euskara en las escuelas.” (Dávila, Eizagirre eta Fernandez, 1994: 88-89)
1948an biltzarra egin zuen Eusko Ikaskuntzak Biarritzen, eta bertan Jon Bilbaok sinatutako artikuluak 1936tik ordura bitartean, hamabi urtean, Espainiako estatuaren mugetan euskaraz argitaratutako testu bakarra bertso batzuk izan zirela seinalatzen zuen: “[…] el Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País […] diez estrofas debidas a la inspiración de los bertsolaris ultrapirenaicos Ochalde y Echahun.” (2003: 850)
Euskararen kontra hartutako neurri zehatzen berri hainbat lanek ematen dute, baina, neurri guztiak zerrendatzeak luze joko lukenez, neurri horiek sostengatzen zituen ideologia ilustratzen duten adierazpen batzuk jasotzera mugatuko gara, Luis Antonio de Vegak Donostiako Semana aldizkarian argitaratutakoak:
“[…] ha de ser la ciudad quien en escuela, púlpito y bando imponga a la montaña una manera ilustre de expresarse, pues, no sería admisible más que bajo una influencia separatista y masónica, como ha ocurrido los últimos meses en Vizcaya, que fuera el monte quien pretendiera imponer a la ciudad su ruda y agria expresión o, al menos, prestarle las raíces básicas para la construcción de una jerigonza como la que tenían organizada los discípulos del hombre indocto de la plaza de Albia.” (Torrealdai, 1982: 22)
Idazle eta kazetari bilbotarrak euskara mendiarekin identifikatzen zuen, hiritik, hots, modernitatetik kanpo gelditu beharko lukeen elementu gisa. Izan ere, urte luzez Semanaren zuzendaria izan zenarentzat atzerapena baino ez zekarren gure hizkuntzak:
“Ni dialectos como el catalán ni jerigonzas como el vascuence renovado. Una cosa es el acento que cada comarca pone al idioma de todos —idioma uno en la Patria una— […] y otra […] enfrentar con una manera de expresión de más de cien millones de seres humanos, una parla de orígenes no esclarecidos, pero que es a nuestro idioma lo que la rueda del carro de bueyes a la hélice del avión.” (id.: 22)
Juan Mari Torrealdaik osatutako bilduman dozenaka topa daitezke horrelakoak. Luis Antonio de Vegak euskarari zion animaleko herra beldurgarria bada, baina, zentzu honetan, deigarria ez. Deigarria suertatu bazaigu hamarkada bat lehenago La Voz egunkarian bertsolaritza aintzat hartzen zuten testuak argitaratu zituelako izan da. Bertsolariekin fikzionatzen zuten “Decir de versolari” eta “Okerra-etxea” argitaratu zituen, bertsolariekiko estimua azalduz[2], edo Txirrita gazte bati buruz topatu den pieza luze bakarra ere berea da, “Han bajado los bersolaris”.
Gerra aurreko estimua eta ondorengo gorrotoa ezkontzeko ez da oso ariketa konplikatua egin behar, ordea. “‘[…] es día de fiesta en la anteiglesia y han bajado del monte los versolaris” azalduz ekiten zion Txirrita gaztea eta Pello Errota zaharra deskribatzen zituen kronikari; alegia, bertsolariak mendian eta desagertzear zen aurremodernitateko erlikia gisa bakarrik estimatzen zituen.
[1] [1] A. Agirre (2021). Bertsolaritzaren historia soziala. Oihartzuna, eragiletza eta gakoak (1823-2018). Euskaltzaindia/EHU, Iker-43. Lan hori dute oinarrian jarraian eskaintzen diren edukiek. Bertako kapitulu batzuk uztartu, laburtu eta egokitu dira, soiltasuna irabazi nahian. Norbaitek sakon eta zabalago aritzeko tentazioa izango balu, bertara jo dezake.
Aldizkariaren beste zenbaki bat ere baliatu daiteke osagarri gisa. A. Agirre (2021). ‘Prentsa historikoko perlak’. Bertsolari, 123. zbkia., 1-392 or. Prentsako testu zaharrak dira kontatzen den historia honen iturri garrantzitsuenetako bat. ‘Perlak’ horretan daude jasota jatorrizko asko, erdarazkoak dagokien itzulpenekin eta guztiak iruzkinduta.
Bestalde, bertsolaritzaren historia sozialaren aurreko bi aldiei buruzkoak ere argitaratu dira:
- Agirre (2023). Bertsolaritzaren historia soziala: Lore Jokoak, bertsolaritza modernoa unibertsoaren Big Banga. Bertsolari, 131. zbkia., 1-202
- Agirre (2024). Bertsolaritzaren historia soziala II: Euzko Pizkundea, mugida eta suntsipena, Txirrita-Basarri ereduen talka eta gerrak errotik eraitsitako garapen ikusgarria. Bertsolari, 135. zbkia., 1-222
[2] Aldizkarian argitaratu ditugu bi ipuinak. Ik. AGIRRE, A. (2022). Bertsolaritza ipuinetan; prentsan argitaratutako aurrekarien errepaso arin bat. ‘Bertsolaritzaz fikzionatzen’, Bertsolari, 128 zbkia, 6-47.

