Basarriren eta Uztapideren inurri lana: bi ereduak eskutik

Ilustrazioak: Patxi Gallego

Basarriren eta Uztapideren inurri lana –

Gerraosteko lehen urteetan euskal kulturgintzak bizi izandako glaziazioaren zantzu batzuk eskaini dira dagoeneko. Bertsolaritzak ere izan zuen bere isiltasun aldia, eta panorama hori Basarri trabajadoreetatik itzultzean hasiko zen aldatzen:

“Ataño: […] gerrak ezarri zuen beldurragatik, gure etxean behintzat, denok isildu ginen.

EHBE: Garai hartan, Euskal girorik somatzen al zen zuek mugitzen zineten inguruetan?

I.Olea: Nere inguruan behintzat gutxi. Arantzazuko aldizkaria argitaratzen zen, eta Basarri han bertsoak ateratzen hasi zen. Mesede haundia egin zuen. Ordura arte, dena lo baitzegoen!” (EHBE, 1993: 97)

Tolosako jaialdian bigarren egin zuen Uztapiderekin osatuko zuen bikote artistikoa eta herriz-herri saioak eskaintzen hasiko ziren. Orduko prentsan 1940ko hamarraldi bukaera aldetik hasita jasotzen dira bi bertsolarien emanaldiak.

Profil ezberdineko bertsolariak ziren, Basarri jantziagoa literaturan eta sermoilariagoa, Uztapide herrikoia eta zirtolarigoa, baina primeran funtzionatu zuen bikoteak:.

“El bertsolarismo de Uztapide es más sencillo y popular que el de Basarri. Probablemente ajeno a las inquietudes intelectuales de Basarri, fue, sin embargo, el complemento ideal […] Los bertsolaris de más edad de nuestros días […] recuerdan que la dinámica de las actuaciones de la pareja era siempre la misma. Basarri actuaba de desbrozador, abriendo camino, decidiendo cuándo y cómo convenía tratar cada tema […] Agazapado tras la iniciativa de Basarri, Uztapide no perdía ocasión para remachar los comentarios que sobre cada tema hacía Basarri” (Garzia, 2000a: 441)[1]

Pixkanaka bertsolari gehiago hasiko zen zirkulatzen. Bizkaian Balendin Enbeita eta Iturri, eta Gipuzkoan 1950eko hamarralditik aurrera Joxe Lizaso, Lasarte, Mitxelena, Lazkao Txiki bezalako bertsolari gazteak. Uztapide eta Basarriren lana izango da, ordea, 1960ko hamarraldian emango den gailurra bidean jarriko duena: “[…] 60an txapelketa etortzen denerako, lan bat egina dago azpitik. Ibilian ibilian horiek egin dutena, katekista-lan izugarria izan da bertsolaritzarako. Jendea ikasiz joan da zer den bertsolaritza” (J.M. Lekuona, 1986: 15).

Basarriren eta Uztapideren inurri lana
Uztapide eta Basarri Zaldibian. Iturria: Sendoa

Basarri kazetari eta La Voz de Españaren txapelketak

Honela gogoratzen du Basarrik gerraostean berriro ere kazetari lanetan hasteko aukera eman ziotenekoa: “Emengo berri emaleak zun gogoa: Frantzisko Juaristik. Asi nintzan poliki-poliki, ta gero bertatik eskea, ta eguneroko sailla jarri zidaten. Mi atalaya montañera izena jarri nion, eta makiña bat urtetan bete gendun” (Zavala, 1992: 17). Zarautzen bizi izanda bere sailari izen hori jarri zionerako, bertsolariak hausnartua zuen frankistei euskara eta bertsolaritza mendian gustatzen zitzaizkiela.

La Voz de Españan 1946ko udazkenean hasi zen eta “Mi Atalaya Montañera” 1948ko ekainean abiarazi zuen. Bertsolari gisa zuen ospeak lagunduta, eta gaitegi jakin bat landuz, atalak arrakastaren bidea hartu zuen hasi eta berehala: “Pilota, zezenak, futbola, estropadak, atletismoa, boxeoa eta horrelakoak egunero aipatu ohi zituen lehendik ere aipatu egunkariak. Baina inoiz ez herri txikietako festarik, euskal giroko jairik, bertso-jaialdirik, herri-kirol, apustu eta horrelakorik. Eta hutsarte horixe beteaz lanean hasteko aukera ikusi zuen” (Iriondo, 2002: 20-21).

Atal finkoa lortu eta gutxira egunkariaren babesarekin bertsolari txapelketa bat antolatzeari ekingo zion. 1949ko urtarrilaren 29an topa daiteke txapelketa horri buruzko lehen testua: “¡Alerta los bersolaris de todo el país! En nuestro constante afán de dignificar nuestras costumbres […] venimos estudiando la celebración de un gran concurso de improvisadores […]”. Gipuzkoan bertsolari berriak topatzea zen txapelketaren helburua, aurretik sariketaren batean parte hartutakoek eragotzirik zuten izena ematea, baina zarauztarrak Euskal Herriko Txapelketa Nagusi bati bezainbesteko ikusgarritasuna eman zion: apirilaren 3an jokatu zen finala, Zarautzen, eta bi hilabetean 29 testu eskaini zizkion.

Azalean jaso zuen apirilaren 5ean La Voz de Españak finalaren berri Inazio Berasarte irabazlearen argazki eta guzti: “Con un éxito arrolador se celebró el domingo en Zarauz, la final del I Concurso de Bersolaris que ha organizado LA VOZ DE ESPAÑA. Más de cuatro mil personas de toda la región acudieron al Fronton Cinema […]”. Basarrik sinatutako barruko orriko kronikak gerora ezagunago bihurtuko ziren Joxe Lizaso eta Manuel Lasarte aipatzen zituen sailkapenaren hirugarren eta laugarren postuetan, Iparraldetik Xalbadorrekin batera gonbidatu bezala abestera etorritako Mattinen argazkia zekarren, baita Basarrirena berarena ere, honako argazki oinarekin: “‘Basarri’, alma y vida del concurso, inició con su fraseo, fácil y alegre, la jornada final del concurso de bersolaris organizado por LA VOZ DE ESPAÑA”. Azken orriak, berriz, Juan de Donostyk sinatutako testu luzea zekarren, finalaren argazki ugarirekin hornitua, baina bertsolaritzaren inguruko azalpen gisa planteatua. Titular nagusiak Basarriren xede nagusia laburbiltzen zuen: “El bersolari ha salido de las sidrerías a las plazas y los tablados”. Eta azpitituluak bertsolariaren ertzekotasuna azpimarratu: “Flor esencialmente popular crece al borde de los caminos y los senderos de nuestras montañas”.

La Voz de Españak “Por Dios, por España y por Franco” zekarren lehen orriko goiburuan egun haietan. Gerra garaian sorturiko egunkaria zen, Donostia frankistek hartu berritan irekitakoa[2], egunkari tradizionalista gisa aurkeztu arren laster falangismora lerratua, eta Mugimenduko prentsaren baitan txertaturik frankismoaren organo ofiziala bihurtu zen Donostiako Unidadekin, Bilboko Hierrorekin eta Iruñeko Arriba Españarekin batera. Autoritate frankistek, bada, zuzeneko eskua zuten egunkariaren gaitegian eta estiloan.

Ez dirudi euskal kultura jorratzeko lurrik emankorrena, baina Basarrik asmatu zuen nolabait bere egiten. 1951n bigarren bertsolari txapelketa bat antolatzen ari zen egunkaria, eta zarauztarrak beste 21 testu argitaratu zituen gaiaren inguruan.

Kazetari bokazioa zuen bertsolariak. Ikusi besterik ez dago gerraurretik, oso gaztea izan arren, zenbat hedabiderekin (Euzkadi, Argia, El Día eta Euzko-Deya) kolaboratu zuen. Prentsa bezainbat gustatzen zitzaion gainera Joseba Zubimendi eta Ander Arzelus Luzearrekin estreinatu zuen euskarazko irratia, eta La Voz de Españarekin lehen txapelketa antolatu eta gutxira alor horretako jarduna ere berreskuratu zuen: 1949ko udazkenean hasi zen Radio San Sebastianen Jose Artetxe, Maria Dolores Agirre, Milagros Bidegain, Basarri eta beste hainbatek osatutako taldea asteroko irratsaioarekin.

Bi adarretan gauzatu zuen ibilbide luze bezain oparoa. Prentsan, La Voz de Españaz gain Aránzazu, Vida Vasca, Mundo hispánico, El Diario Vasco, Zeruko Argia, Principe de Viana, Goiz-Argi eta Hoja de Lunes de San Sebastiánen argitaratu zuen bertsolaritzaz hurrengo hiru hamarkadetan. Zavalaren hitzetan “Aren egunkarietako saillak ainbat irakurle biltzen zituan idazkirik ez da bearbada gure artean izan” (2006a: 28). Irratian ere, Radio San Sebastián-eko etapa bukatuta, 1957tik La Voz de Guipúzcoan urte luzez jorratu zuten ordubeteko euskarazko irratsaioa talde bertsuarekin. Irratsaio hauen arrakasta honela seinalatzen dute Dorronsoro eta Lekuonak: “Irrati-kontuan ere Basarriren katekesia, periodikoan egiten zuenarekin batera, inportantea izan da” (1987: 19)[3].

Bertsolari gisa izandako ibilbideari hedabideetan izandako protagonismo hori gehitu zitzaionez, erabat figura erreferentziala izan zen zarauztarra frankismoak iraun zuen hainbat hamarkadatako ziklo honetan.


[1] Zestoarra gertuago egon zitekeen Txirritaren eskolatik, baina zarauztarraren proiektuarekin bat egiten asmatu zuen: “[…] bertsozale denek ez zuten ongi ikusten [Basarriren] bertsokera berri hori. Uztapidek ere ez, baina ‘oso gizon argia eta aurrerakoia zenez, ezagutu dugun bertsolari listoena’, Basarriren gurdira igo zen bakarra izan zela dio Lazkanok. Beste bertsolari kontsagratu askok, Txapel, Zepai, Lodisaletxe, Zubeltzu, Asteasuko Ondartza […] ez zuten igarri zer zetorren.” (Barandiaran, 2011: 19)

[2] Testu honekin ireki zen lehen zenbakia: “Guipúzcoa reconquistada por España. Cuarenta requetés, al mando del capitan Ureta, entre el entusiasmo delirante, rompen el silencio de la ciudad mártir con el grito de ¡Viva España!” (Anabitarte eta Lema, 1986: 76).

[3] 1970eko hamarraldiaren bukaera aldera bere zutabea La Voz de Españatik Diario Vascora aldatzea albiste bihurtu izanak ere erakusten du Basarriren lanak urte luzez hartu zuen dimentsioa. 1978ko azaroaren 30ean, aldaketaren berri eman zuen El Diario Vascok lehen orrian argazki eta guzti (“La columna diaria de ‘Basarri’ / Desde mañana, ‘Nere Bordatxotik’”) eta baita La Voz de Españak ere (“‘Basarri’ cede el puesto a Garaiko / Garaiko, nuevo titular de la sección”). Biharamunean berriro ere ongietorria egiten zion azalean El Diario Vascok (“Ongi etorri, ‘Basarri’! / ¡Bienvenido, ‘Basarri’!”).

Basarriren eta Uztapideren inurri lana  Basarriren eta Uztapideren inurri lana  Basarriren eta Uztapideren inurri lana  Basarriren eta Uztapideren inurri lana  Basarriren eta Uztapideren inurri lana  Basarriren eta Uztapideren inurri lana  Basarriren eta Uztapideren inurri lana  Basarriren eta Uztapideren inurri lana  Basarriren eta Uztapideren inurri lana  Basarriren eta Uztapideren inurri lana