1950eko hamarraldiaren bigarren erdiko bulkada berria
1950eko hamarraldiaren bigarren erdiko bulkada berria –
1956: indarberriturik berrekiteko erabakia
Lehenxeago sumatu ziren frankismoak ezarritako glaziazioari aurre egiten hasiko ote zitzaionaren zantzu batzuk. 1953an, esaterako, Anaitasuna aldizkaria jarri zen martxan, eta 1954an Egan euskara hutsean hasi zen edo Zeruko Argia berragertu. Beraz, data zehatza baino gehiago, urte haietan sortzen ari den giro berria da garrantzitsua, baina hainbat egileren arabera gurutze-bide hura benetako kulturgintzarako mugimendu bihurtu zuen euskal intelligentsiaren erabaki kolektiboa 1956an gauzatu zen, Arantzazun eta Parisen antolatutako biltzar banatan.
Arantzazukoa Euskaltzaindiak antolatu zuen, irailaren 14tik 16ra bitartean, eta gerraostetik antolatzen zuen lehen biltzar irekia izan zen. Euskararen egoera larriari buelta emateko burutu beharreko modernizazio lanaren inguruko eztabaidari heldu zitzaion bertan. Garbizaletasunaren betiereko istiluak baztertu eta batasunari heldu beharra ikusten da, bestalde, honek eskolaratzea eta hedabideratzea erreztuko dituelakoan. Honenbestez, Euskaltzaindiak, oskol ahul izateari utzi, eta berriro ere euskalgintzarako aterpe garrantzitsu izateko nahia erakutsi zuen.
Parisko Biltzarra Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen, urte bereko irailaren 23tik urriaren 1era. Eta belaunaldien arteko erreleboari bide eman nahi zitzaiola azpimarratu zuen Jose Antonio Agirre lehendakariak egindako deiak. Munduan zehar erbestealdian bizi ziren hainbat norbanako eta erakunde bertaratu ziren, baita Ipar Euskal Herriko errefuxiatuak eta, neurri apalagoan, Hegoaldetik zetozen ordezkari batzuk ere. Politikari, sozioekonomiari, munduko euskaldunei eta kulturari buruz ziharduten lau sailetan banatu zen biltzarra. Aurkeztu ziren txostenen artean Federación de Entidades Vasco-Argentinas, Krutwig, Ekin, Zaitegi, edo Hernandorena aurki daitezke, besteak beste. Frankismoa nazioartean bizi zuen isolamendua gainditzea lortzen ari zenez, nazioarteko aliantza politikoen langintza baino Euskal Herrian bertan egin beharreko erresistentzia kulturala lehenestea mahaigaineratu zen:
“Francoren pean eta nor bere herritik urruti jada 20 urte, majo zimeldu dira Euskal Herri askearen esperantzak […] Franco une batetik bestera eroriko zela uste zuen hasieran diasporako jendeak, eta erorketa hori eragin nahirik zebilen kanpotik. Baina Franco ez zen erori. Aitzitik, nazioarteko onarpena lortu zuen, eta orduan kitto esperantzak. Aliatuen traizioaz mintzo da exilioa aho batez. Zer ondorio? Kanpoan barik, barruan egin behar da borroka. Politikan bakarrik ez, kulturan eta hizkuntzaren alorrean egin behar da lan. Hauxe da Parisko Mundu Biltzarrak erabaki zuena. (Torrealdai, 2000: 105)
Segura irratia 1956 hartan bertan sortu zen, baita Karmel aldizkaria ere edo Euskaltzaindiak Euskara berriro argitaratzeari ekin zion. 1957an Jakin sortu zen. Urte hartan ireki ziren Gerraosteko lehen ikastolak…
Energia berritu horrek ekarriko zuen ziklo honen gailurra, eta baita zikloaren hausturaren hazia ere:
“En 1956 comienza seguramente una de las etapas más vitales y creadoras de la historia de la cultura vasca. Conviene anotar que es precisamente ahora cuando se da el relevo generacional, si bien la ruptura generacional con el subsiguiente enfrentamiento se produce a partir de los años 60.” (Torrealdai, 1977a: 312-313)

Euskaltzaindiaren aterperako elementuak: Arrue, Zavala, Lekuona eta Irigoien
Euskaltzaindiaren sorreratik bertako zuzendari izan zen Resurreción Maria Azkue 1951n hil ondoren, 1952an Inazio Maria Etxaide izendatu zuten euskaltzainburu, garairako profil egokia zuelako ziurrenik; abertzalea izan gabe oso euskaltzalea zen.
Erakundea pixkanaka hasia zen gerraosteko tristura atzean uzten. Ildo horretan garrantzitsua izan zen 1947an euskaltzain oso izendatutako gazte baten lana. Federiko Krutwigek artean kasik nerabe bat zela egin zuen harremana ordurako 80 urteen bueltara gerturatua zen Azkuerekin, eta Kintanak (1999) kontatzen duenez lagun min egin ziren berehala. 21 urterekin euskaltzain urgazle izendatu zuen lekeitiarrak eta euskaltzain oso 26rekin, inoizko izendapenik goiztiarrenean. Berebat, Krutwig gazteak beste martxa bat eman nahi izan zion erakundeari: ordura arte bilerak erdaraz egiten baziren, berari esker euskara lan-tresna izatera pasatu zen (garai hartarako urrats garrantzitsua izan zen hori eta aurreko mentalitatearekin haustura garbia zekarren), eta euskaltzain berri batzuk izendatzea proposatu zuen, tartean frankismoak begi onez ikus zitzakeen euskaltzaleak, honela gobernuak Akademiari traba gutxiago jarriko zizkiolakoan.
Azken hauen artean, Koldo Mitxelena eta Aingeru Irigarairekin batera Egan aldizkariaren eraberritzean murgildu berria zen Antonio Arrue:
“1954an egin zuten Antonio Arrue euskaltzain, euskararen alde eginak zituen merituengatik baino gehiago egin zitzakeenengatik, besteak beste, euskarazko liburuak argitaratzeko eta biltzarrak egiteko baimenak lortzen eman zezakeen laguntzagatik; karlista tradizionalista izanik, euskaltzale gerra-galtzaileek ez zituzten adiskideak eta harremanak zituen erregimenean norbait zirenen artean, bera ere izan baitzen norbait Francoren erregimenaren baitan —Alfonso XIII.a erregeak 1926an sorturiko Meritu Zibilaren Ordenaren domina eman zioten 1964an, Espainiako estatuaren zerbitzuan egindako merituengatik, eta 1967tik 1971era, familia ordezkari izan zen Espainiako Gorte Organikoetan—.” (Sudupe, 2012: 836-837)
Gastronomiari buruzko euskarazko artikuluak argitaratzen aitzindari izan zen Arrue, euskarazko literatur kritikan ere hasia zuen bere bidea, baina zentsura frankistarekin izandako loturaren susmo orokortua ere gehitzen zitzaion bere curriculumari: “Lekuko askoren ahotan dabil Antonio Arrueren izena […] ‘Asteasuko beltza’ zuen gaitzizena. Euskal literatura ongi baino hobeto ezagutzen zuen, eta bereak dirudite txosten batzuek.” (Torrealdai, 2000: 50)
Curriculum hori gorabehera, edo curriculum horri esker, Arrue elementu garrantzitsu bat izango zen 1960ko hamarraldian Euskaltzaindiak bertsolaritzari eskaini ahal izan zion aterpean. Bere bitartekotzaz lortu ziren Auspoa liburuak argitaratzeko eta bertsolari txapelketak antolatzeko behar ziren baimenak. Epaimahaiko ere izan zen txapelketa horietan, eta Zavalaren hitzetan, ezagutza bazuen: “Asko edo gutxi bertsoa epaitzen bagenekian danok ere. Baiña Arrueren epaia etzan kamutsena izaten; alderantziz baizik. Aren iritzia zorrotza eta fiña benetan” (2008: 15-16).
Ageriko elementua izango zen gainera, agertu zalea izanik proiekzio publiko handia izan baitzuen. Horrela, 1956ko Arantzazuko Euskaltzaindiaren Biltzarrerako baimena lortzeko bitartekari garrantzitsua izan ondoren, berak eman zuen biltzarreko itxiera hitzaldia. Eta 1960ko hamarraldiko lehen hiru txapelketa nagusien finalean ere bere agurrarekin bukatu zen sari banaketa.
Bertsolaritzak topatu zuen aterpean Manuel Lekuona izan zen beste elementu garrantzitsu bat. Calahorrako erbestealdian zela izendatu zuten euskaltzain oso, 1950ean. Bertan zela apailatu zuen Euskaltzaindiak agindu zion Axularren Geroren laugarren edizioa ere, 1954an. Azkenik, ezkutuan lau urte eta erbesteraturik beste hamalau eman ondoren, 1955ean eman zioten Euskal Herrira itzultzeko aukera.
Lekuona ez zen Arrue bezain agertu zale. Izatez, 1960ko hamarraldian jokatu ziren txapelketetan ez zen inoiz epaimahaiko aritu, 1935ekoan eta 1936koan lan horiek egin zituztenetatik bizirik gelditzen zen bakarra bera izan arren. Edozelan ere, Euskaltzaindian pisu handia izan zuen oiartzuarrak, euskaltzainburu ere izan zen 1967tik 1970era, eta gerraurreko zikloan bertsolaritzak bizi izan zuen pizkundearen inspiratzaile nagusia izanik, ziklo horretan Euskaltzaindiak bertsolaritzaz arduratzeko emandako pausoan tartean behar zuen, ezinbestean. Bestalde, ahozko literatura ikertzen eta bertsolaritzaz artikuluak argitaratzen aritu zen ziklo honetan ere.
Zavalak Arantzazuko 1956ko biltzarrean ezagutu zituen Arrue eta Lekuona, eta Euskaltzaindian horiek baino geroago sartu arren, 1961ean izendatu zuten euskaltzain urgazle eta 1964an euskaltzain oso, haiek bezain garrantzitsua izan zen erakundeak bertsolaritzari eskainitako aterpean elementu. 1960an antolatu zen lehen txapelketatik epaile nahiz antolakuntza lanetan aritu zen.
Hain justu, Euskaltzaindiak bertsolaritzaren inguruan egindako lan horietatik adiskidetasun estua sortu zen Arrue eta bien artean, “Ainbestetan biltzen giñanez, lagun miñak egin giñan” dio berak (2008: 16), eta adiskidetasun horrek eskaintzen du Auspoak zentsurarekin izan zituen erraztasunen beste gako garrantzitsu Zavalak zentsore gisa beharrean zentsura gainditzeko laguntzaile gisa aurkezten du Arrue: “Arrue etzan bein ere zensura egille izan; baiña beraren esana agintariek ontzat artzen zuten” (2008: 20)[1]
Euskaltzain gehiago ere inplikatu ziren 1960ko hamarraldiko txapelketekin: Koldo Mitxelena, Jose Mari Satrustegi edo Juan San Martin, esaterako, epailetzan aurkituko ditugu, eta bakoitzak bere ekarpena egin zion bertso-munduari, artikuluak edo ikerketak argitaratuz. Guztien figura eta ekarpena hona ekartzea gehiegizkoa suertatzen denez, ordea, azken elementu bati erreparatuko zaio, Alfonso Irigoieni.
1963an izendatu zuten euskaltzain oso, baina 1950eko hamarraldiaren bigarren erdirako ardura garrantzitsuagoa zuen: Euskaltzaindiak zeukan soldatapeko bakarra zen. Erakundearen aterpeak eskain zezakeen babesaren neurri zehatza ematen du, bada, bere testigantzak:
“[Euskera aldizkariaz ari da] Euskaltzaindiaren aldizkari gisa atera zen, baina ideia eta ardura guztia nirea zen. Gogoan dut Vicente Uriguenek —euskaraz ez zekien askorik— nola esan zidan: «Yo tengo muchas amistades y te conseguiré suscriptores». Eta hasi eta bostehun edo seirehun harpidedun egin genituen. Aldizkaria harpidedunen diruz ordaintzen zen. Euskaltzaindian ez zegoen ezer. Nik lau mila pezetako soldata neukan urtean […]
—Eta orduko Euskaltzaindia zer zen, ba, edo zer egiten zuen?
—Hilean behin batzartu. Horixe zen .
—Eta eguneroko martxa?
—Hori neuk egiten nuen dena. Bizkaian neu nintzen eguneroko langile bakarra. Gipuzkoan ez zegoen ezer.” (Amuriza, 1993: 75)
Horrenbestez, berari tokatu zitzaion hurrengo hamarraldian antolatuko ziren bertsolari txapelketen antolakuntzaren ardura nagusia hartzea ere.
[1] Honela azaltzen du euren sistema: “[…] liburu bat prestatutakoan, eskutitz bat idazten nuen onelatsu esanez: ˝Habiendo leido el libro . . . . . . . . . ., no encuentro en él nada improcedente˝. Ondoren, liburugaia eta eskutitz ori Arrueren etxera eramaten nituen. Berak nik idatzitako eskutitza firmatzen zuen, liburugaia eta eskutitza zensurara bialtzen zituen, eta baimena ematen zuten. Joko ori auskalo zenbat aldiz egin genuen.” (Zavala, 2008: 20)
Eta gaineratzen du Jokoak ez zuela, ordea, autozentsura galarazten: “Era ortan zensurari tranpa egiten geniola esan det. Itxuraz bai, baiña berez etzan orrelakorik. Orrela jokatu aal izateko, izan ere, nire liburuan zer esaten nuen ongi eta zeatz neurtu bear nuen […]” (Id.: 20-21)

