Nazioarteko prentsa, irratia eta telebistaren arreta
Nazioarteko prentsa irratia eta telebistaren arreta –
Aipatu da Hernandorena 1965ean Parisko final honi buruzko hainbat xehetasun argitaratzera jarri bazen, norbaitek 1960ko hamarkadako txapelketa nagusiak Iparraldean gauzak hobeto egiteko eredu gisa jarri zizkiolako izan zela. Zizurkildarrak ez du zalantzarik egiten, txapelketa hura bai izan zela eredugarri. Eta alderaketak egiteari ekiten dio, telebistaren presentzia azpimarratuz eta final hark izan zuen estaldura mediatiko osoaren garrantzia azalduz:
“Konparazioneak on dira noizian bein […] Donosti’ko Anoeta pilota tokian 4.000 entzule-ikusle zituztela pertsulariak. Paris’en aldiz miliunka eta miliunka Frantziako telebisiuan bitartez. Donostiako Anoetan bizpahiru dozena radio-entzule zituzten pertsulariek. Parisen aldiz, ehunka edo miliunka kontatu bear ziran radio frantsesa, radio inglesa, alemana eta española entzun zutenak pertsolarien txapelketa aipatzen. Gainera radio ingelesak oren laurdeneko galde-erantzunak izan zitun Eskualtzaleen Biltzarreko presidenta Dassance jaunarekin. Jakingarri da ere Pariseko eta Frantziako Eskual-Herriko eta Madrideko egunkariak txapelketa horren berri eman zutela.”
RTVEk 1967ko finalari buruz Caro Barojaren dokumentala eskaini baino bederatzi urte lehenago Parisko finalari buruzko irudiak eskaini zituen Frantziakoak, beraz. Eta ez da Hernandorenak soilik eskaintzen duen datu bat. Honela dio Basarrik itzuli berritan egin zioten elkarrizketan: “[…] han sido de mucha actividad, pues hemos trabajado para la Radio y la Televisión”. Eta berriro errepikatzen du egun berean argitaratu zuen zutabean: “Nosotros, simples y modestos versolaris […] Nunca nos hubiésemos imaginado que nos veriamos precisados a actuar en la capital de Francia, ni que pudiésemos pasar por los estudios de la Radio y de la Televisión francesas”. Azkenik, Uztapidek ere kontatzen du pasartea, xehetasun berriak erantsiz: “Biaramon-goizean joan giñan telebisiora ere, an kantatu bear zala eta. Baña denbora gutxi gendukan, eta guk ez genduan izan kantatu bearrik; Xalbadorrek eta Mattinek kantatu zuten, eta Basarrik eta nik ez” (1975: 228).
Bertsolaritzaren historia mediatikoan gertakari garrantzitsua da Parisekoa, ikus-entzunezko batean lehen aldiz Au Pays des Basques dokumentalean eta Hernandorenaren beraren Euzkadi filmean agertu ondoren, hemen agertuko baitira lehen aldiz telebistan. Horixe seinalatzen dute Iriondok (2004: 25) edo Aristorenak (1992: 8), eta Lasak, berebat, ideia bera azpimarratzen du, Frantziako telebista ez ezik Alemaniakoa ere interesatu zela gaineratuaz: “Frantziako Tele-Paris, Alemaniako Telebista publikoa, eta Ingalaterra eta Alemaniako irratiak. Espainiako Radio Nacionalek ere grabatutako zati bat eman zuen” (2008: 793).
Telebistarako irudi horiek ezin izan dira topatu, ezta xehetasun gehiago ere. Irrati emanaldien inguruan, ordea, aipa daiteke zerbait gehiago. Basarrik honakoa kontatzen du: “[…] toda la fase final ha sido tomada en cinta magnetofónica y será radiada el domingo, día veinticico, a través de Paris, entre las diez y once de la noche. Como es natural, los trozos más selectos” (La Voz de España, 1958/V/20, “Mi Atalaya Montañera”). Eta Iriondok gaineratzen du grabazioak Hernandorenak finalaren bigarren zatian egindako sarrera hitzaldia jaso zuela (2004:26). Finalaren grabaketa egiteko aspaldiko ezagun batzurekin jarri zen harremanetan zizurkildarra, 1947an Parisko Musée national des Arts et Traditions populaires-etik etorrita Donibane Garaziko saioa grabatu zuten Claudie Marcel-Dubois eta Marie-Margerite Pichonnet-Andral[1].
Azkenik, Madrilgo egunkariak ere aipatzen ditu Hernandorenak, eta pista gehiago ere ematen ditu, egunkari horietako baten despistea agerian utziz:
[…] txapelketa ori dala eta, Madrideko eta Bartzelonako izparringi aundienek eman zuten berria […] oiek ez dituzte ba gure bertsolariak biolin jozaliakin nastu…? Ikusten al dezute Uztapide bioliña kokoz azpian estutu ta, begiak zuri zuri zeru aldera biurturik, Guridiren edo Usandizagaren musika jotzen? (El Bidasoa, 1959/I/03, “Bertsolariak eta…biolin-jozaliak”)
Ez dira Madrilgo eta Bartzelonako egunkari handi horietan argitaratutakoak topatu ahal izan, baina bai zizurkildarrak aipatzen duen testua, Efe agentziak sinatua eta Burgoseko egunkari batean jasoa, hain zuzen ere monografiko honi sarrera egiten aipu gisa erabili dena:
“Se ha celebrado el concurso internacional de violín entre representantes del país vasco, cuyo jurado estaba integrado, en su mayoría por catedráticos y profesores de la Sorbona y diversos liceos de la capital francesa […] El resultado oficial ha sido primer premio Basarri, España, y segundo, empatados a puntos los tres violinistas restantes. Dada la importancia de este concurso, la radio y la televisión francesa le han consagrado varios programas.” (Diario de Burgos, 1958/V/22, “Un español primer premio del concurso internacional de violín”, Agencia Efe)

Radio Pariseko “Bertso Festa” (1960)
Ez zen hau izan Hernandorenak bigarren aldi honetan antolatu zuen txapelketa bakarra. 1959ko maiatzaren 10ean Heletan jokatu zen sariketan Xalbador suertatu zen garaile. Eta 1960an bi urte lehenago bezala lehen kanporaketa bat Ipar Euskal Herrian (1960/IV/03, Sara) eta finala Parisen (1960/IV/24) izan zuen txapelketa antolatu zuen.
Badirudi txapelketa horrek ez zuela bi urte lehenagokoak izandako oihartzun mediatikoa izan. Hala ere, bai ematen da bi saioen berri, lehenengoan sailkatuak Xalbador, Mattin, Etxahun Iruri eta Mitxelena izan zirela eta finalean Mattinek irabazi zuela azalduaz. Jarraipen mediatikoaren inguruko daturik interesgarriena Josu Martinezek eskaintzen du. Azaltzen duenez, Jesus Insaustik hainbat urtez euskarazko irratsaio bat egin zuen Radio Parisen, eta Pariseko finalari ere eskaini zitzaion tartea “Bertso festa” izendatu zen saioan (2012: 60). Jose Antonio Agirre lehendakari zendu berriari Mitxelenak eta Xalbadorrek eskainitako bertsoen grabazioa behintzat gordetzen omen da.
Halaber, txapelketa hauek egindako ekarpena ez zen hedabideratzearen alorrera mugatzen. Honela, lau oinak emanda egin beharreko bertsoaren ariketa bertan asmatu zen:
“[…] gure adixkide Pierre Lafitterekin bere Herria astekariko lan tokian moldatzen genizkion saioketako gai garrantzitsuenak. Egun batez guk erran: “Zer derizkiotzu ahal bezain lau itz traketsekin bertsoa moldatzeko eskatzen ba-diegu?”. Eta berak irri-parrez erantzun: “Proba liteke, ez dira ez ixilik geldituko”.
Horrela, 1958an Urruñan egindako saioketa zoragarri artan, bertsularien hixtoriaren lehen aldikotz[2], bertsulariak era berri ortan, gero ainbertze errepikatuko dan eran kantatu zenduten Urruñan. Eta hala bearrez, lerroan lehena hintzalakotz, hi izandu hintzan lehena kantatzen nik emandako hitz horiekin: beldur… gezur… elur… ezur…” (Deia, 1978/III/18, “Agur Mattin”, Hernandorena)[3]
Beste berrikuntza bat 1960an Saran jokatu zen kanporaketan entzuleak epaile lanetan jartzearena izan zen. Horretarako Hernandorenak irizpide batzuk eskaini zituen saioaren aurretik “Pertsulariak Sara’n. Ondo epaitu edo jujatzeko konseiluak” izenburuaz Herrian argitaratu zituen bi artikulutan. Artikulu horietan hainbat kontu interesgarri jorratzen zituen, esaterako, epaitu beharreko zazpi alor bereiziaz: gaiaren erabilera, ondo neurtua egotea, euskara, denbora, zirtoak, gai seriosekin moldatzeko gaitasuna eta bukaera.
Indartsu zebilen, bada, zizurkildarra bere eragiletzan, eta Pariseko bigarren finalaren ondoren, 1960an bertan, kanporaketa saio berri bat antolatu zuen Luhuson. Bilera batera deitu zuten, ordea, Monzonek, Labegeriek eta De la Sotak. Saioen antolakuntzarekin dirua ateratzen ari ote den eman zioten aditzera, eta aurrerantzean antolakuntza oro Euskaltzaleen Biltzarraren esku gelditzen zela. Bost urte geroago honela kontatzen zuen Hernandorenak berak antolatutako azken saio hartaz gogoratzen zuena:
“[…] Egun ortan bi pertsulari oieri [Xalbador eta Mattin] egin zitzaioten Amerika’ra juan aintzineko agurra. Agur orrek osperik aundiena izan zezan, Louhoso’n batu ziran […] Gipuzkoa’tik Uztapide, Lazkao-Txiki, Mitxelena eta Garmendia. Bizkai’tik etorri ziran Azpillaga eta Mugartegi […] Lekuona D. Manuel jaunak egin zigun itzaldi balios bat pertsularitzaz […].” (Herria, 1965/VII/22, “Pertsulariak. Azken zeaztasunak”, Hernandorena)
Eta honela adierazten zuen bere sumindura: “Bertze gauza bat ere agertu nahi genduke bukatzeko: Bilkura ura izandu zela guk azkeneko parte artu dugun bilkura. Ez gure borondatez eta bai bortxaz”.
[1] Bertsularien Lagunen webgunean daude egun entzungai hainbat audio, honako helbidean: https://www.bilketa.eus/ikuskatu/dokumentu-ohargarriak/1958ko-bertsulari-lehiaketa-Parisen#Section3 [2025/04/24ean egindako kontsulta]
[2] Basarrik berresten du alderdi hau: “[…] Beste ekinaldi bat Frantzia aldean bakarrik egiten dana: juradoak izendatu bertsolariei lau puntuak, eta bat batetan bertsolariak modatu bear bertsoa nai ta nai ez puntu oiekin bukatuaz” (Aranzazu, 1958/VII/15, “Euskal-Bertsolariak Paris’en”, Basarri)
[3] Mattinek osatutako bertsoa ere badakar artikuluak: “‘Nere oroitian ezbide/ du ein oinbertze elur./ Olakorik izanen zela/ nior etzen ez beldur./ Menditar oiek ez dute/ erranen untaz ainiz gezur/ Alimaliak egongo/ zirela an larru eta ezur’”. Baita datu interesgarria ere: “Ango oiu marru eta txaloak bertsoa entzutean! Larre adixkideak bere magnetophonoan izango dizkik bertso horiek.”

