Euskaltzaindiak lau txapelketa nagusi zazpi urtean
Euskaltzaindiak lau txapelketa nagusi zazpi urtean –
Alfonso Irigoien, bat-batekoan moldatzen zen akademikoa (1929-1996)
Gerraostean hamalau urterekin lanean jarri behar izan zuen osabaren okindegian, baina lanetik Matematika eta Fisika ikastera joan ohi zen akademia batera. Kontabilitatea ere horrela ikasi zuen, eta hamazortzi urterekin okindegiko lanari fabrika bateko kontable postuari zegozkionak gehitu. Hizkuntzalaritza gehiago interesatzen zitzaion, ordea, eta Euskaltzaindira jotzen zuen geroz eta sarriago. Horrela, bertan lan egiteko hartu zuten 1955ean, eta euskaltzain urgazle izendatu 1957an.
Euskera aldizkaria zuzendu zuen 1956an berrargitaratzen hasi zenetik, eta Nazario Oleaga idazkariari ere laguntzen zion. Hura hiltzearekin, idazkari kargua hartu zuen 1963tik 1966ra. Euskaltzaindiaren egoitzan euskal eskolak ere ematen zituen Xabier Peña eta Eusebio Erkiagarekin batera, eta gerraostean Bizkaian irekitako lehen ikastolaren bultzatzaile ere izan zen.
1950eko hamarraldiaren bigarren erditik aurrera hizkuntzalaritzari lotutako hainbat ikerketa argitaratzeari ekin zion. Eta Euskaltzaindiaren baitan garbizalekeriaren aurka posizionatzea ere tokatu zitzaion: “[…] Irigoienek, korrontearen kontra abiatuz, Villasante eta Mitxelenarekin batera, purismoaren aurkako eta euskal lexiko tradizionalaren aldeko adierazpen famatuaren alde jokatu zuen 1959ean, erdal jatorriko euskal lexikoa patrimonialtzat aldarrikatuz” (Krutwig eta Kintana, 1997: 402). Bistan denez, bazuen nahikoa lan bestela ere, baina Euskaltzaindiak bertsolari txapelketak antolatzeari ekin zionean gogotsu hartu zuen erronka berria. 58ko Bizkaiko txapelketa izan zen lehen pausoa.
Nafarroakoa etorri zen jarraian. Iruñeko euskaltzale multzo baten eskariari erantzunez, Diputazioak Euskararen aldeko Saila deitua sortua zuen 1957an Príncipe de Viana kultur erakundearen barnean. Eta sail horren buru zen Pedro Díez de Ulzurrun mediku gazte euskaltzalea Irigoienekin harremanetan jarri zen.
Gipuzkoakoa antolatu zuten gero, eta, herrialdeko hiru txapelketa horiek sailkapen fase gisa hartuaz, 1960ko Euskal Herriko txapelketa nagusia jarraian. Horiek izandako arrakastaren ondotik hiru txapelketa nagusi gehiago eta herrialdeko beste hainbeste txapelketa etorri ziren.
Nafarroan Princípe de Vianako Euskara Sailak aurreratzen zituen hainbat lan. Díez de Ulzurrun buru ibiliagatik talde zabal bat izaten zuen laguntzaile, eta tartean zen medikuaren izen eta abizen berak zituen apez zaharra. Aristorenak xehetasun kuriosoa ematen du pertsonaia honen inguruan: “Ez zen gainera nornahi Irañetan sortutako apeza Pedro. 1936an Goizuetan zegoen koadjutore Txirrita bertsolaria bertara kantatzera zihoalarik gaizkitu zenean. Diez de Ulzurrunek igurtzi zuen olio sainduz Txirrita eta Elizakoak eman” (1992: 28).
Beste herrialdeetan ere izango zuen laguntzailerik, baina Irigoienek egiten zuen guztien arteko lotura. Honela gogoratzen ditu, esaterako, Nafarroako txapelketarako aurkezle gisa egindako joan-etorriak:
“Bezperan autobusa hartu eta Iruñera joaten nintzen. Han Ulzurrunek itxoin eta hotelera eramaten ninduen. Biharamonean berak autoz eramaten ninduen behar zen lekura. Gauean berriz hotelera eta biharamonean autobusa hartu eta Bilbora. Han gainera milako bat-edo ematen zidaten eta pozik. Bizkaikoetan ez nuen ezer kobratzen.” (Amuriza, 1993: 76)
Hamarkada hartako txapelketetako saiorik gehienetan aurkezle ez ezin bera izaten zen gai-jartzaile:
“—Eta gaiak eta abar nork egiten zituen?
—Ah, bai. Neuk, jakina! Dena neuk egiten nuen. Gaiak asmatzea ez zen hain zaila, edozer ipinita ere, dena berria bait zen. Orduan alde horretatik ez zegoen oraingo koskarik. Orduan dena zen berria eta dena onartua […] Gero, batez ere Gipuzkoako finalean eta Euskal Herrikoan, epaimahaikoak ere jarri genituen lanean, gaiak asmatzen […].” (Id.: 75-76)
Zabalkundeaz ere bera arduratzen zen; nahiko modu oinarrizkoan, izatez:
“Hori ere ez zen hain zaila. Telefono gidan, herrietan ‘Bar’ ipintzen zuten guztietara sobre bat bidaltzen nuen, eta gero eurek jartzen zuten tabernan. Jendea oso ondo enteratzen zen. Batzuren batzuk sobreari muzin egingo zioten, baina gehienek pozik jartzen zituzten kartelak […]” (Id.: 75).
Saltsa honen guztiaren erdian 1961ean, 32 urterekin, batxilergoa ateratzeari ekin zion, eta jarraian Salamancako unibertsitatean Filologia Klasikoen titulua atera zuen. 1963an izendatu zuten euskaltzain oso. Bertsolaritzaren eragile garrantzitsuenekin gertatu ohi denez, ez zen geldirik egoteko gizona, eta txapelketen ziklo hau igarota, 1970etik 1978ra Euskaltzaindiko liburutegiaren arduradun ere izango zen. Edo Deustuko Euskal Filologiako katedraren arduradun ere izan zen hainbat hamarkadatan, artikulu eta liburu errenkada argitaratuaz. Edo Poesia, pintura eta eskultura ere jorratu zituen urte luzez.
Bertsolaritzaren historiari egiten zaizkion errepasoetan bere ekarpena azpimarratzen dute Garziak (2000a: 443) edo Etxezarretak (1993: 148), esaterako. Bere biografiek, bestalde, bere bertsozaletasuna azpimarratu ohi dute, eta baita bat-batean aritzeko zeukan gaitasuna ere. Krutwig eta Kintanak, adibidez: “[…] umorez zegoenean, bera ere bertsotan hasten zen, eta orduan bere ohiko ironia zerion” (1997: 405). Edo baita Amurizak berak ere: “Niretzat Alfontsok bertsotan nahiko zuzen eta korrektu egiten zuen, eta bere grazia ere bazeukan. Nahiko temosoa zen gainera. Inor hasten bazen, berak segi, eta inor hasten ez bazen, bera denak tentatzen […]. (1993: 45)

Gailur berria Anoeta pilotalekuan
I. Mundu Gerra amaieran nazioartean erabat isolaturik eta planteamendu ekonomiko autarkikoetan harrapaturik gelditu zen frankismoa gutxika hautsitako zubiak berreraikiz joan zen 1950eko hamarkadan[1], eta hamarraldi berrian, Opus Dei-ko teknokratek ekonomiaren gidaritza hartzean, Bigarren Frankismoa deritzon aldiari ekin zitzaion, nazioarteko harremanak eta atzerriko inbertsioak normalizatuaz. Torrealdaik azaltzen duenez irekitze horrek bere isla izan zuen euskal kulturari eskaintzen zaion tratuan ere (1982: 10-11). Aldaketa hori, berebat, bertsolaritzaren eragiletzaren planora dakar Lekuonak: “60an aurkitzen dugun egoera sozio-kulturala zerbait bestelakoa da jadanik. Zentsura eta errepresio-giroa zerbait lasaitu da […] eta horrela ulertzen da zergatik Gobernadoreak onartzen duen bertso-txapelketa bat [txapelketa nagusi bat] berriro antolatzea” (Dorronsoro eta J.M. Lekuona, 1987: 16).
Bestalde, hainbat urtean egindako lanaren fruituak ere hasi dira bistaratzen, bertsolari on mordoa aurkezten da txapelketara: Basarri, Uztapide, Mattin, Xalbador, Lazkao Txiki, Lasarte, Lizaso, Agirre, Mitxelena, Garmendia… Edo gazteagoak Lazkano, Azpillaga edo Lopategi, azken bi hauek postu onak lortuaz.
Testuinguru hobea eta urteetako lana uztarturik zikloaren gailurra etorriko da, bada, Euskaltzaindiak antolaturiko txapelketekin: “[…] 35etik zetorren uhin berri hura orduantxe dago sasoi bete-betean, berrogei urte inguruan, onenean daude eta hamarkada honetan bultzada izugarria emango diote bertsolaritzari, 60tik hasita […] 60tik 68ra plazako bertsolaritzaren gailurra eman dela esango genuke. Urre Aro antzeko bat” (id.: 17).
1960ko txapela Basarrik jantzi zuen, bere bigarrena, eta hurrengo hirurak Uztapidek irabazi zituen jarraian. Gerraurreko txapelketetan Txirritaren eta Basarriren figuren inguruan ardaztu zen bertsolari tradizionalaren eta eskolatu-modernoaren arteko tenka Uztapide-Basarri dikotomian gauzatuko da ziklo honetan. Bakoitzaren txapel kopuruari erreparatuta, Uztapide aterako da garaile, eta, aurrerago azalduko den gisan, zaletuen artean ere jarraitzaile gehiago izango ditu.
Nagusitzen den bertsolaria eskola zaharrekoa izan arren, txapelketaren berrikuntzak eta modernizazioak ez du etenik. Ariketen sofistikazioa, esaterako, geroz eta nabarmenagoa da. Txapelketa haietan probatu zen lehen aldiz “kartzelako gaia” deritzona (ganbarakoa orain): “Lehia-modu berriak behar ziren. Eta Bordari izan zen Kartzelako lana bezala ezaguna den ariketa asmatu zuena. Bakarka kantatu arazi, bertsolari bakoitzaren abildadeak eta sormen gaitasuna gehiago nabarmentzeko […]” (Ezeiza, 2002: 18). Prenda bidezko gai-jartzea ere Bordarik asmatu zuen, edo azken oina gai gisa jartzearena Jesus Lete Ibai-Ertzek: “Azken oin bezala erabili beharreko hitzaren bitartez gaia adieraztearen formula; azken txapelketetan, ezin-besteko bihurtu den ariketa hori 1962ko San Jose bezperan estrenatu zuen Tolosan Jon Azpillaga, Uztapide, Basarri eta Jose Lizaso bertsolariekin” (id.: 19).
Bestelako berrikuntzak ere aipatzen dituzte Dorronsorok eta Lekuonak: “Euskaltzaindiak gaiak denentzat berdintsu jartzen ditu; gainera, zotz egiten dira gaiak […] Konposizio aldetik ere, lehenengo bertsoan zer esan, bigarrengoan, hirugarrengoan, ikusten da bertsolariak asko begiratzen duela. Lopategi, Xalbador eta Lazkao Txikiren influentziari zor zaio hori seguruenik” (1987: 18)
Txapelketen inguruan sekulako giroa sortu zen. Honela gogoratzen du Irigoienek: “Orduan ez zegoen ez telebistarik ez ezer, eta euskaldunek bazuten halako egarri gorde bat, zerbait euskaraz jarri ezkero, jendea aisa erakartzen zen, eta bertsolaritzan bezala, txapelketa usaina izanez gero, askoz gehiago […] Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere ikaragarria izaten zen” (Amuriza, 1993: 76).
1960ko finala Victoria Eugenian jokatu zen. Milaka zale gelditu ziren sartu ezinik. 1962koa Astoriara aldatzea erabaki zen, baina arazoak bere horretan zirauen. Horrela, Lore Jokoak Hegoaldera pasatzean, kultura jaso gisa jantzi nahian saioak frontoitik antzokira aldatu baziren, alderantzizko bidea egingo da orain, eta 1965etik aurrera Anoeta pilotalekua hartuko da eszenatoki gisa. Aldaketa horrek beste dimentsio bat emango dio ekitaldiari.
1962ko txapelketatik aurrera hasiak dira irrati bidezko zuzeneko emanaldiak, eta 1967koaren irudiak telebistaz ere eman ziren. Masa kulturara gerturatzen hasia da bertsolaritza.

[1] NBEren aholkuari jarraituz, nazioarteko enbaxadoreak Madrilera itzultzen hasi ziren 1950ean, Espainiako estatuaren sarrera onartu zen UNESCOn 1952an, 1953an Vatikanoaren Konkordatua izenpetu zuen gobernu frankistak, eta urte berean Espainiako estatuak Ameriketako Estatu Batuekin laguntza-tratatua sinatu zuen… (Intxausti, 2014: 332-333).

