Xalbadorren heriotza

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2026-01-15

Xalbadorren heriotza –

Hoja del lunes de San Sebastián eta Unidad egunkariak izan ziren berria zabaldu zutenak: Hoja del lunes de San Sebastián, 1976/XI/08, “Falleció el bertsolari Xalbador / Durante el homenaje que se le tributaba en Urepel / Estaba considerado como un gran poeta”, Gorka, Reizabal; Unidad, 1976/XI/08, “Ha muerto Xalbador”.

Igandean jazo zen berria, eta egunkari gehienak ez ziren argitaratzen astelehenetan. Bi egun geroago lehertu zen kioskoetan zorigaiztoko ezbeharra. La Voz de Españak azalean zekarren, argazki eta guzti (“Trágica muerte del bertsolari Xalbador”), gertakariaren kronika Maria Francisca Fernandez-Vallesek sinatzen zuen, (“El domingo, en Urepel / Xalbador murió de emoción / Mientras bertsolaris de Vizcaya, Guipúzcoa y Laburdi le cantaban en su homenaje”), eta Basarrik nahiz Santiago Aizarnak ere testu bana eskaini zioten (“Ha muerto el gran Xalbador” lehenengoak, eta “En la muerte de Xalbador” bigarrenak). El Diario Vascok “Ha muerto Xalbador” zekarren eta  Diario de Navarrak “En el día de su homenaje: El domingo murió en su casa de Urepel el bertsolari Xalbador”.

Zazpi orduko omenaldian, adiskide guztiek besarkatu zuten, bertsolari lagunek hainbat bertso eskaini zizkioten, Odolaren mintzoa liburuaren aurkezpena egin zen, euskaltzain urgazle izendatu zuten… Urepelekoaren bihotzak, oraindik 57 urte baino ez zituen arren, ezin izan zion emozio uholde hari aurre egin. Fernandez Vallesen testuak ongi islatzen du egun hartan bizitakoaren tragikotasuna:

“Cada bersolari le dedicó un verso, menos ‘Mattin’ que le dedicó unos ocho. Xalbador escuchaba, seguía todo desde el estrado montado en el frontón y se reía mucho cuando los versos eran muy jocosos […]. El reloj va a dar las cinco de la tarde y Xalbador abandona el estrado […]. Hacía media hora que Xalbador se había retirado del estrado y sin embargo, el festival seguía normal. De pronto, todo el auditorio escuchó la voz de Xalbador cantando dos versos, pero no estaba en el escenario. La gente, así como su mujer Leoni, miraba a ver, si cantaba desde el público. Nadie se había dado cuenta de que se trataba de una cinta grabada […].

Mientras Xalbador agonizaba a pocos metros del estrado donde le dedicaban versos entrañables […]. Las últimas palabras de Xalbador a su mujer fueron ‘Ez ditut jendiak eskertzen ahal’ […]”

Xalbadorren heriotza
Fernando Aire Xalbador bere emazte Leoni Etxebarrenekin eta Manuel Lasarterekin. Iturria: Sendoa

Ordura arteko bertsolaritzaren historian oihartzun mediatiko handiena izan duen gertakaria da Xalbadorren heriotzarena. Hurrengo egunetan La Voz de Españak, El Diario Vascok, Diario de Navarrak, Hoja del Lunes de San Sebastianek, Anaitasunak, Garaiak (hiru orri eskaintzen dizkio), Herriak, Goiz-Argik, Zeruko Argiak (beste hiru orri heriotza gertatu eta bi astera ere), Punto y Horak, Aranzazuk, Unidadek, Príncipe de Vianak eta Veteresek hainbat testu eskaini zizkioten. Hiletaren eta ehorzketaren berri eman zen, hainbat herritan bere aldeko mezak izan zirela kontatu zen, argitaratu berria zen bere Odolaren mintzoaren lehen iruzkinak egin ziren, bere figurari buruzko testuak argitaratu ziren bata bestearen atzetik…[1]

Punta-puntako bertsolaria zen Xalbador. Hernandorenak antolatutako hainbat txapelketa irabazi zituen: 1948an Saran, 1949an Luhuson (Mattinekin batera), 1951n Baigorrin (Basarrirekin batera), 1953an Baigorrin, 1959an Heletan, 1960an Saran, 1960an Parisen eta 1968an Saran (taldeka). 1968an Onena sariketa garrantzitsua ere irabazi zuen, Basarrirekin batera. Eta Txapelketa Nagusian ere, txapelik irabazi ez arren beti puntan ibili zen: lau txapelketetan finalera ez ezik finaleko arratsaldeko saiora pasatzea lortu zuen, eta 1967koan buruz burukora.

Punta-puntakoa ez ezik, bere ibilbidearen gailurrean aurkitzen zena. Argitaratu berri zen Odolaren mintzoa Auspoa saileko eta garaiko euskal kulturaren baitako lan ikoniko bihurtu zen gutxira. Uztapideren Lengo egunak gogoanen oso bestelako lana izanagatik, kontakizunerako gaitasunean ez baizik lirismoan oinarritua, hura bezainbesteko salmenta arrakasta izatea lortu zuen.

Ikusgarria da prentsaren bidez azken agur bat luzatu nahi izan zioten lagunen zerrenda: Basarri (“Au biotz-miña”), Emile Larre (“Agur, Xalbador”), Juan San Martin (“Xalbador”), Juan Mari Lekuona (“Xalbadorren ekarriaz”), Antonio Zavala (“Xalbador”), Jose Mari Satrustegi (“Ez adiorik!”), Joxe Mari Aranalde (“Haundia!!!”), Xabier Artzelus (“Agur Xalbador, Euskal Herrian”), Abel Muniategi (“Xalbador bertsolaria”), Aingeru Irigarai (“Xalbador, agur”), Andoni Lekuona (“Herriaren erraietan”), Mariano Izeta (“Xalbador”), Alfontso Irigoien (“Xalbador, Nafarroa Behereko txori euskalduna”)… Tartean, azaroaren 22an, eskerrak eman nahi izan zituen familiak, Mixel Aire semeak Zeruko Argian argitaratutako testu baten bidez: “Xalbadorrenekoak esker onez”.

Bertsolari oso maitatua ere bazen Urepelekoa. 1967ko finalean jazotako itsusikeriaren ondoren zorretan sentitu zen bertso-mundua berekin, eta hurrengo urteetan maitasun olde bat iritsi zitzaion ordainetan. 1976koaren aurretik hainbat omenaldi jasoa zen: Uztapiderekin batera finalaren protagonista bezala handik gutxira egin zitzaiona; 1967 bukaeran egin zitzaion bigarrena; 1969an, bigarren Bertso Egunean, egin zitzaiona…

Garaiak bizi zuen giro nahasi eta gaiztotuaren erdian, tarte baterako behintzat barealdia ekarri zuen Urepelekoaren doluak, bertso-mundua eta inguruak zorigaiztoko zirrara hark erabat batu bait zituen.

Bere ekarpenagatik eta bere ibilbideagatik bertsolaritzaren historiako ziklo hau gehien markatu zuen figuretako bat izan zen Xalbadorrena.


[1] Gertakariak hartutako dimentsioaren adierazgarri, Sud-Ouest egunkariak ziklo guztian bertsolaritzari buruzko testu bakarra 1976ko azaroaren 9an argitaratu zuen: “A Urepel / La mort de Xalbador/ a bauleversé le foule rassanblée pour lui rendre hommage”.

Deigarria suertatzen da, baita, ireki berria zen Madrilgo El País egunkariak ere, hainbat hamarkadatan Espainiako egunkari garrantzitsuena izango zenak, azaroaren 10ean albistearen berri ematea, Jesus Ceberiok sinaturik: “Muere el ‘bertsolari’ Xalbador” izenburua daraman testuarekin. Hor ere ez da bertsolaritzari buruz ezer gehiago argitaratuko urte askoan.

Xalbadorren heriotza  Xalbadorren heriotza  Xalbadorren heriotza  Xalbadorren heriotza