Ziklo berri baten ateetan

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2026-01-19
Ilustrazioak: Patxi Gallego

Ziklo berri baten ateetan –

‘24 orduak euskaraz’, ‘Euskal Prentsaren Urtea’ eta ‘Euskal Egunkarien Urtea’

Giro orokorrak bezala, 1960ko hamarraldiaren bukaeratik aurrera sekulako irakinaldia bizi izan zuen Euskal Herriko kazetaritzak. Euskarazko kazetaritzak ere bai, eta garai berrien ikur gisa, diktadorea hil eta gutxira, 1976ko martxoaren 27an, Loiolako, Donostiako, Iruñeko eta Bilboko Herri Irratiek ‘24 orduak euskaraz’ izeneko ekitaldia antolatu zuten.

Egunaren 24 orduak hartuko zituen euskarazko emanaldia egitea zen ideia: Euskal Herriko 24 tokitatik egindako kronikak, euskal kulturari buruzko mahainguruak, 30 elkarrizketa, Euskaltzaindiak Donostian egingo zuen bileraren zuzeneko emanaldia, Anoetako belodromotik euskal abeslari entzutetsuenek burutuko zuten kontzertu erraldoiaren zuzenekoa… Jose Ramon Beloki kazetaria izan zen antolakuntzaren arduradun nagusia, Herri Irratietako euskarazko programazioa zeraman jendea bildu zuen lantaldeak, Jose Luis Zumetak egin zuen kartela, eta garaiko euskalgintza osoak hartu zuen parte.

Denetariko gaiak jorratu ziren egun historiko hartan: euskalduntze-alfabetatzea, ekonomia, hezkuntza edo literatura, arte plastikoak, komunikabideak… Euskarak bizitza modernorako beste ezein hizkuntzak bezala balio zezakeela, euskaraz edozein gairi buruz hitz egin zitekeela erakutsi nahi zen.

Komunikabideei dagokionez, 1976a ‘Euskal Prentsaren Urtea’ izendatu zuten Anaitasunak, Goiz Argik eta Zeruko Argiak, legez informazio orokorreko aldizkariak izateko tramiteak egitearekin bat. Komunikabideen inguruan irakurri ziren lanen artean, honako aldarria egin zuen Anaitasunako zuzendari Juan Mari Torrealdaik: “[…] kazetaritza ulertzeko eta gizartean duen eginkizuna baloratzeko kategoriak ez dira lehengoak. Dinamika berri bat bereganatu du euskal kulturan eta euskal gizartean kazetaritzak.” (Torrealdai, 1977b: 59).

Honela deskribatzen du Elixabete Garmendiak urte hartan estreinatu zen Zeruko Argiako lantaldea:

“Kontatuko dizuet nola 1976ko talde horrek ezarri zion bere buruari eginkizun larri bat: euskarazko kazetaritza modernoa garatzea. Ez zen inolako manifesturik egin hori aldarrikatzeko, baina barnean bageneraman konbentzimendu hori. Artean fraideen eta apaizen gonapetik irten gabe zeuden euskarazko aldizkariak, eta gure uniformea bakeroa zen. 1970az geroztik kalean hezitako jendea ginen, kontzientziatuak, politizatuak, askatasun haizea arnasten genuenak…” (2009: 16)

Ziklo berri baten ateetan

Ustekabeko erreferentzia ere egiten dio bertsolaritzari:

“Apalagoak ginen hizkuntza kontuetan. Hor bai, jabetzen ginen gure ahuleziaz eta pairatzen genuen ezina behin eta berriz; hartaraino ze, noizbehinka gaztelaniaz emango genituen manifestuetako ahapaldi korapilatsuenak, itzultzeko gai ez-eta. Uztapideren ‘Lengo egunak gogoan’ edo ‘Sasoia joan da gero’ argitaratu berriak dastatzen genituen mirespenez, hor kazetaritzarako ere balio zezakeen kontaera bat bazegoela sumatuz, baina ez genekien hizkera hura gure kontatu beharretara egokitzen.” (Id.: 17)

Erdal prentsak ere garai gorabeheratsuak bizi zituen. Batetik, hainbat egunkari itxi ziren: Mugimendukoak ziren Unidad nahiz Hierro gobernuaren aginduz, La Voz de España bertako kazetariek jabetza hartu eta porrot egin ondoren, eta La Gaceta del Norte, El Pensamiento Navarro edo Norte Exprés, garai berriei egokitzen asmatu ez zutelako. Bestetik, berriak ere sortu ziren, eta nobedaderik handiena Deia eta Egin egunkari abertzaleek ekarri zuten. Berrogei urte ziren frankismoak egunkari abertzale guztiak itxi zituela, luzea izan zen euskal gizartearen gehiengo abertzaleak jasan behar izan zuen isilaldia, eta ilusio handia piztu zuen egunkarion irekierak. Honela, 1976ari ‘Euskal Prentsaren Urtea’ deitu zitzaion bezala, eta 1977a ‘Euskal Egunkarien Urtea’ gisa izendatu zen.

Eztanda guzti honetan berriro ere lehen lerroan topatuko ditugu bertsolariak. ’24 orduak euskaraz’ ekitaldian, esaterako, antolatu ziren hamabi mahai-inguruetako bat bertsolaritzari buruzkoa izan zen, eta egunean zehar egin ziren hemeretzi elkarrizketetatik hiruk (Pierre Bordazarre Etxahun Irurikoa bertsolaria, Manuel Lekuona eta Pierre Lafitte) zerikusia izan zuten bertsolaritzarekin. Bertso-saioak ere eskaini ziren gainera; garrantzitsuena, Anoetako belodromoan 12.000 lagunen aurrean gaueko bederatzietatik aurrera antolatu zen jaialdi erraldoian eskainitakoa. Lazkano, Xalbador, Lazkao Txiki, Amuriza, Lopategi, Gorrotxategi, Igartzabal, Azpillaga eta Joxe Agirre aritu ziren bertsotan, guztiek garai berriei abestuz.

Euskarazko aldizkarien eraberritzean ere ez zaio protagonismorik faltako bertsolaritzari, eta egunkari abertzaleen sorreran ere eman zen bertsolarien parte hartzea.  Esaterako, Xabier Amuriza Eginen hasi zen lanean: “[…] titulurik gabe baina kazetari lana egiten nuen. Herrietako orrialdeak zeuden nire kargu” (elkarrizketa pertsonala). Amurizak 1980an eta 1982an irabazitako Euskal Herriko bi txapelketa nagusiak izango ziren, hain justu, bertsolaritzaren historian hurrengo zikloa leherraraziko zutenak. 

Ziklo berri baten ateetan

Ziklo berri baten ateetan  Ziklo berri baten ateetan  Ziklo berri baten ateetan