Presentzia mediatikoa biderkatzeko apustua

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2026-01-21

Presentzia mediatikoa biderkatzeko apustua –

Azaldu den gisan, frankismoa ez zen testuinguru samurra izan euskarazko kazetaritzarentzat. Ezta euskal gaien hedabideratzeko ere. Bertsolaritzaren sustatzaileek, ordea, tinko eutsi zioten bertsolaritza hedabideen bitartez sustatu eta zabaltzeko apustuari. Horrela, aipatu berri diren funtsezko hiru eragileak, Basarri, Hernandorena eta Zavala, garai honetan bertsolaritzaz prentsan gehien argitaratutako sinaduren artean aurkitzen dira: zarauztarrak beteko du, hain justu, lehen tokia, 447 testurekin, bigarrena Zavala izango da 127rekin, eta Hernandorena laugarrena, 102rekin. Hirugarren sinadura joriena, 115 testurekin, Mariano Izeta litzateke, Nafarroako bertsolaritzaren eragiletzan lan handia egindakoa baita ere.

Lore Jokoen zikloan gaiaz prentsan gehien argitaratu zuen sinadurak, Becerro de Bengoak, 24 testu argitaratu zituela kontuan hartzen badugu, edo Euzko Pizkundearen zikloan lehen postuan aurkitzen den Zubimendik 33 sinatu zituela, argi ikusten da ziklo berriko apustua aurretik lortu zen presentziari eustea baino presentzia hori biderkatzea izan zela.

Basarri, ziklo honetako bertsolari erreferentziala, kazetaria zen bertsolaria bezainbeste. Hori izan zen, hain zuzen ere, ziklo honetan hedabideratzeak ekarri zuen berritasun nagusietako bat: bertsolariak bere ahotsa (bertsolaritzaren inguruko bizipenak, iritziak, gogoetak) kazetarien bitartekotzarik gabe hedabidetzeari ekin zion, hasia zen bere posizio subalternoa atzean uzten.

Basarrirena izan zen gehien zabaldu zen ahotsa, baina ez bakarra. Pixkanaka bertsolariei eginiko elkarrizketak ugarituz joan ziren, batetik, eta, bestetik, Zavalak hainbat bertsolari jarri zituen beren esperientziak kontatzen Auspoa sailean. Zikloaren amaiera aldera Amuriza ere azaldu zen, kazetari lanetan murgildutako bigarren bertsolari gisa. Eta bertsolari batek besteari eginiko lehen elkarrizketa ere argitaratu zen, Amurizak Lopategiri eginikoa.

Bertsolaritzak prentsan duen presentzia mediatikoak bere hazkundearekin jarraitu zuen, bada, ziklo honetan, eta bertsolaritzari buruzko aldizkari baten proiektua zirriborratzera ere iritsi ziren Markinan bertsolariek urtero egiten duten batzarretan.

Joxe Mari Iriondok Loiolako Herri Irratian bertsolaritzari eskaini zizkion emanaldiek formatu honen eskaintza kontsolidatu bat dakarte. Aurretik Basarri bera aritzen zen bertsolaritzaz La Voz de Guipuzcoan irrati esatari gisa, baina Iriondoren ekarpenak beste dimentsio bat hartu zuen: Euskal Herriko txapelketak zuzenean eskaini ziren, hamarkada bat iraun zuen irrati bidezko bertsolari gazteen lehiaketa bat antolatu zen, entzuleei bertsolariei ariketak proposatzeko aukera eskaini zitzaien, eta abar.

Azkenik, hurrengo zikloan funtsezkoa izango den formatu berria, ikus-entzunezkoa, bere lehen emaitzak ematen hasi zen 1960ko hamarralditik aurrera.

Presentzia mediatikoa biderkatzeko apustua
Azkoitia. Iriondo 1968ko bertsolari gazteen sariketan laguntzaile lanetan ari zaion Sebastian Lizaso (1958, Azpeitia) haurrarekin.

Elkartearekin bueltaka Markinako batzarretan

Aurreko zikloan bertsolari gazteak trebatzeaz eta bertsotan egiten ikasteaz ziharduten aipamen batzuk topatu dira. Frankismoko ziklo honetan bide horretatik ez zen asko aurreratu. Garaiaren ilunak eta diskurtso hegemonikoak euskal kulturaz egiten zuen irudikapen aurremodernoak ez zuen askorik lagundu. Alorrari gehien hurbildu zitzaion hizketagaia sagardotegiko bertsolariaren eta gorbatadun bertsolariaren arteko dikotomiaren ingurukoa izan zen. Horrela, 1960ko hamarkadan eskolatua izatea zen Basarriri hainbatek egozten zioten errurik larriena. Berezkoa duen bertsolari menditar analfabetoaren irudiak sekulako pisua zuen oraindik.

1960ko hamarraldi horren erdialdetik aurrera hasi zen hori aldatzen, bertsolaritza sozialarekin. Fenomenoa bizitza kaletarrean, modernotasunean, txertatu beharra aipatzen zen esplizituki. Adibidez, Amurizak Abel Muniategiri buruz egiten zuen profilean, bertsolaria ez ezik unibertsitarioa zela azpimarratzen zuen balio positibo gisa.

Bertsolari gazteen txapelketek bai izan zuten garrantzia. Asko antolatu ziren, eta oihartzun handia izan zuten hedabideetan, baina bertso eskolei apenas egin zitzaien aipamenik, eta egiten zirenak oso zeharkakoak ziren.

Bestalde, esan bezala, Markinan urtero batzarra egiteko ohitura hartu zuten bertsolariek 1962tik 1973ra. “Bertsolarien Biltzarra” jarri zioten izena. Ziklo garaikideko autoeraketatik urrun aurkitzen ziren oraindik, fraide karmeldarren bitartekotzaz burutzen baitziren batzar hauek, eta ohikoan hizlariak ez baitziren bertsolariak, baina bada aurrerapauso bat. Bertsolari elkarte bat sortzeko ideia hainbatetan jorratu zuten, gainera, ideia gauzatzera iritsi ez baziren ere.

 

Oihartzun mediatikoa datutan

1945 eta 1979 artean prentsan bertsolaritzaren inguruan topatutako testuak guztira: 2529.

Hamarkadaka: 50eko hamarkadan 278; 60ko hamarkadan 911; 70ekoan 1205.

Urtean bataz beste 74,38 testu.

Testu hauetako hizkuntza hautua: euskera 1547 testutan; gaztelania 917; frantsesa 31.

Protagonista nagusiak:

  1. Fernando Aire Xalbador———————–289 testutan da protagonista
  2. Manuel Olaizola Uztapide———————153
  3. Iñaki Eizmendi Basarri————————–144
  4. Mattin Treku————————————–135
  5. Joxe Mari Iparragirre—————————135
  6. Manuel Lasarte————————————96
  7. Joxe Migel Iztueta Lazkao-Txiki—————-73
  8. Indalezio Bizkarrondo Bilintx——————-72
  9. Joxe Manuel Lujanbio Txirrita——————69
  10. Mikel Arozamena———————————-69
  11. Pierre Topet Etxahun—————————–66
  12. Frantzisko Petriarena Xenpelar—————-63
  13. Jon Azpillaga—————————————-40
  14. Joxe Joakin Mitxelena—————————-32
  15. Fernando Bengoetxea Amezketarra———-32
  16. Jon Lopategi—————————————–29
  17. Pedro Joxe Elizegi Pello Errota——————29
  18. Pedro Mari Otaño———————————-24
  19. Pierre Bordazarre Etxahun Iruri—————–22
  20. Akilino Izagirre Zepai——————————-18

Bertsolaritzari buruzko testuetako gai nagusiak:

  1. Bertso saio arrunta———————————–307 testutan gai nagusia da
  2. Txapelketa nagusia———————————–266
  3. Bertsolari garaikideari omenaldia—————-255
  4. Azalpen/gogoetak bertsolaritzaz—————–227
  5. Bertsolari klasikoen urteurren/omenaldia—–167
  6. Herrialdeetako txapelketak————————155
  7. Auspoa liburu bilduma——————————144
  8. Hernandorenaren txapelketak——————–142
  9. Bertso jarrien inguruko azalpenak—————128
  10. Bertsolaritzaren inguruko polemikak————-68
  11. Xalbadorren heriotza———————————66
  12. Auspoaz kanpoko liburuak————————–58
  13. Medioek antolatutako txapelketak—————58
  14. Bertsolari gazteen sariketak————————55
  15. Pasadizo eta ateraldiak——————————39
  16. Bertso munduko eragilea—————————-32
  17. Bertsolaritzaz hitzaldia——————————-22
  18. Bertsoa historia jorratzeko bide——————-18
  19. Onena sariketa—————————————–17
  20. Markinako Bertsolarien Biltzarra——————14

Gaiaz gehien argitaratu zuten hedabideak:

  1. Zeruko Argia—————-468 testu
  2. El Diario Vasco————-378
  3. La Voz de España———-342
  4. Diario de Navarra———263
  5. Herria———————–212
  6. Príncipe de Viana——–164
  7. Goiz-Argi——————-103
  8. Aranzazu——————–86
  9. Gure Herria—————–63
  10. Anaitasuna—————–57

Gaiaz gehien argitaratu zuten sinadurak:

  1. Iñaki Eizmendi Basarri——–451
  2. Antonio Zavala—————–127
  3. Mariano Izeta——————-117
  4. Teodoro Hernandorena——103
  5. Pedro Díez de Ulzurrun——–92
  6. Mikel Atxaga———————92
  7. Pierre Lafitte———————38
  8. Juan Garmendia—————–27
  9. Juan San Martin—————–26
  10. Javier Aranburu——————25
  11. Jesus Lete————————-21
  12. Jon Etxaide———————–20
  13. Santi Onaindia——————-20
  14. Santiago Aizarna—————-19
  15. Joxe Mari Aranalde————-14
Presentzia mediatikoa biderkatzeko apustua  Presentzia mediatikoa biderkatzeko apustua  Presentzia mediatikoa biderkatzeko apustua