Xabat Illarregi
Xabat Illarregi

2025-12-19

Abendua

Abendua –

Doinua: Lagundurikan danoi

Azaroa dagoen
honetan zendua
begia azkenera
dugu zuzendua
zereginik ezaren
kezka aldendua
urte bat erantsia
urte bat kendua
Agenda leporaino
dator abendua

 

Euskararen egunak
aldarri ta bando
zubian jai egunak
opor eta txango
Ilunben musika ta
azokan Durango
ospakizun otordu,
hemengo ta hango
Hil baterako gehitxo
ez al da izango?

 

Hilabeteak heldu
ahala hamabira
burua jartzen zaigu
bira eta bira
Anbiziotsuenak
gogoen harira
hurrengo urterako
prest agertzen dira
Eta nostalgikoak
atzera begira

 

Txapelketa zaleak
berriz final eske
La Casillan hargatik
gozatu daitezke
jaialdi, otorduak
konta al litezke
ia egunero bat
bai, bada hainbeste
Bertsotan ere bada
asetzeko beste

 

“Zer eskatzen diozu
urte berriari?”
nork ez dio erantzun
bertso-puntu hari
batek oporrak eta
egon nahia nagi
inork lan egin gabe
dirua opari…
Ba nik, bertsoa eta
herri bat kantari

 

Zuhaitzetan argia
zeruan hodeia
inoiz deitzen ez dizun
lagunaren deia
bakoitzak bere nahia
eta bere lehia
ongi bukatu_urtea
hau azken ideia
Ea zer hobeto hasten
den hogeita seia

 

Abendua
Arg: Torsten Dettlaff
Abendua