Bertso txiki bat botako dizut –

Eguberria badator, egiazki azaroa hasieran hasi zen atzera kontaketa inozoa kaleko argiak piztean. Erlijiosoak direla eta ez direla eta askok ez du gogoko baina espiritualtasuna uxatu dugun hontan, kontsumismoa da barruraino sartu zaigun fedea.
Gehiegizko jan-edanen nagia dutenak ere ez dira gutxi garai hauetan. Urte guztian baratxuri zopa eta eguberrietan kokotxak jan behar hau ere ez dakit bada normala den.
Familia gaindosia ere ez da askoren gustukoa. Hain gara askeak eta likidoak, familia baten parte sentitzeak ere, pertenentzia sentsazio horrek, deseroso sentiarazten gaitu. Familia itxirik ez dugu nahi, benetako beharra etortzen zaigun arte.
Egia da, halaber, gabonetako tripa-janetako elkarrizketak ez direla toreatzen errazenak. Osaba bat politikaz hasten bada, amaginarreba gaztetan eginiko bidaia kontatzen, suia bere eskolako pedagogia berriak esplikatuz hasten bada,…. jasangaitza izan daiteke kontua.
Hartu arnasa eta ez preokupatu, badaukat konponbidea: hasi bertsotan. Ez noski urdaiazpikoa eta patea jaten ari zaretela, eduki pazientzia pixka bat eta arrain-haragiak bukatu osteko barealditxo hori duzu momenturik onena.
“Bertso txiki bat botako dizut, nire osaba maitea baina trukean pixka batean isilik egon zaitea….” “ Nire amona bihotzekoak belarriak dauzka bero, txanpaina gauza ona da baina neurrian edanez gero…”
Bertsotan narratsa bazara, ez larritu. Hartu gitarra edo ahoko soinua eta eman egurra edo heldu lepotik aldamenekoa eta “isil-isilik dago…”. Goilaratxoarekin eta sardeskarekin perkusioa jotzea ere ez da hutsala. Ez utzi tarterik politikari eta elkarrizketa jasangaitzei, hasi eta segi.
Itzali telebista, ahaztu lagun izkutuak eta jarri festa. Festa ere, besteek egindakoa kontsumitzen baitugu.

