Olentzeromendi –
Badakit, badakit, guztiok ikusi ditugu kaleko argiak eta Eroskiko turroiak, Gasteizko noria eta Bilboko Olentzero eta Mari Domingi beste edozein lekutako Olentzero eta Mari Domingi baino lehenago desfi latzen. Laburki esanda, guztiok dakigu Gabonak heldu direla, eta ni ere horren inguruan bi hitz esatera nator. Ez dezala inork pentsa Gabon garaiak sekulako ilusioa egiten didanik, baina gaur goizean hamar urterekin Olentzerori idatzitako gutuna aurkitu dut eta burutik ezin kenduta nabil.
Testuinguruan kokatzeko, zazpi urterekin autoko maletategian opari batzuk ikusi eta geroago arbola azpian agertu zirenean ulertu nuen, hain zuzen ere, Olentzerok ezer gutxi zuela magikotik. Ahal izan nuen beste gorde nuen nire jakintzaren sekretu txikia, pentsatzen bainuen gurasoak ohartuz gero ez nuela berriro oparirik jasoko. Horregatik ari nintzen ia hamaika urterekin Olentzerori gutunak idazten, dena ondo zehaztutako estrategia baten parte zen.
“Kaixo, tripontzi, buruhandi, ilusioen sortzaile eta hainbat eta hainbat ametsen nabigatzaile hori”. Horrela hasten da gutuna, estilo ezin pinpirinagoan, eta segidan datorrena ez da askoz hobea. Labur aipatzen dut nire ustez nahiko ondo portatu naizela, eta ondoren eskakizunak datoz, horien artean, mugikorrerako txartela, Princesas del Reino de la Fantasía bildumako bi liburu eta hamar euro. Kapitalismo basatia.
Noski, opari guztiak zerrendatu eta gero Errege Magoei bat edo beste uzteko gogorarazten diot, eta sorpresaren bat edukiko balu lasai ekartzeko. Hala ere, gutunaren amaiera da onena, emandako lan guztia eta gero gaizki sentitu eta konpentsatzeko bertso bat idatzi bainion. Orduan lau hilabete soilik neramatzan bertso-eskolan, baina lotsarik gabe eta letraz letra transkribatuko dut, akats eta guzti, bertsolarien bloga baita hau:
Tripontzi edo ta buruhandi
alai eta bihotzbera
hatzo ta gaur gure opariak
sortzen dituen berbera
zure zain egoten gara asko
noiz etorriko etxera
ta niretzako betidanikan
idoloa izan zera
Bertsoaren azpian, eskuinean, Izenik gabeko doinua idatzi eta lasai geratu nintzen. Gainera, esango nuke “betidanikan” eta “zera” horiek idaztean jarri nuela zalantzan lehenengo aldiz nire arabartasuna.
Amaitzeko, sinatu, papera gutun-azalean sartu, eta aitak esan bezala, Olentzeromendi auzora bidali nuen, zenbaki gabeko portalera.


