Bertan behera utzi dute 2026ko Bertso Eguna
Bertan behera utzi dute 2026ko Bertso Eguna –

Otsailaren 28an ospatu behar zen urteroko hitzordua, baina “agenda kontuak direla eta” ekimena bertan behera uztea erabaki du Bertsozale Elkarteak. Hori bai, 2027an “indartsuago bueltatzeko”.
Honako oharra zabaldu du elkarteak:
“Bertso agenda betea daukagu, eta, udazkenetik hasita, txapelketak ere batu zaizkio dagoeneko ondo betea dagoen agendari. 2025ean ez ezik, 2026an ere izango ditugu txapelketak: Xilabakoa urtea hastearekin amaituko da, ondotik etorriko da Arabakoa, eta udako oporraldiaren ostean 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Hori gutxi ez, eta Gipuzkoako Herriartekoa edo arestian aipatutako Eskolartekoa ere izango dira.
Bertsoa plazetan bizi ikustea eta txapelketak ere bertsolaritza sustatzeko ekinbidean ikustea poztekoa da, baina leku gutxi uzten du agenda. Hori horrela, 2026ko Bertso Eguna bertan behera geratuko da, hori bai, indartsuago bueltatzeko.
Beraz, urte amaiera honetan eta 2026an, ditugun hitzordu horiei guztiei ondo erantzuteko lanean arituko gara buru-belarri, eta 2027koa mimoz prestatzen. Gainontzeko saio, emanaldi, txapelketa eta sariketatan elkar ikusten jarraituko dugu!”

