Asier –
“…beti bihotzean eramango dut
Asier zure argazkia”

Hala kantatu zuen Xabier Silveirak 1997ko Txapelketa Nagusian, Argazkia hitza gai gisa jarri ziotenean. Ez, Asier hura ez zinen zu, (hura Lukanbio zen, ez Saragueta) baina bukaera horrek balioko liguke kasu honetan ere.
Urte zaharreko baserriz baserriko kopla-jirari eskeini nion hedabide honetako azken zutabea. Bertan aipamenik egin niezazuken baina tamalez, joan zinenerako lantxoa igorria eta Bertsolari aldizkariko web orrian programatua zegoen. Sekula ez omen da berandu eta hala! Urtarrilekoa zuretzat izanen da oso osorik.
Abenduaren 11an joan zinen. Azken hilabeteetan gure etxean bizitzen ari garen momentu konplikatua tarteko ez nuen zuri agur erratera joateko aukerarik izan. Abenduaren 14 hartan Zizkuitzen egon nahi nuen, zuri merezitako bertsoa botatzen, baina, azken aldiko bertze hitzordu aunitzekin egin behar izan dudan gisan, hura ere bazter batera utzi behar izan nuen. Beraz, hain duina ez bada ere, zutabetxo hau izan dadila zu agurtzeko modu bat.
2007an, helduen bertso eskolen bomm betean eman zenuen izena Berako helduen bertso eskolan. Egiari zor, zure pilotarako gaitasunak eta futbolekoak ezagutzen nituen: bertsotarako zaletasun eta gaitasunen berririk ez nuen. Sorpresa polita hartu nuen! Tira, ez zurekin bakarrik, baita bertze aunitzekin ere: Matxako, Azkarraga, Lertxundi, Elexpuru, Matxiarenatarrak… talde polita biltzen ginen Iamotenean. Nik hartu nuen taldearen gidaritza. Ta zer nahi duzu erratea: zuen jarrerarekin eta gogoekin erreza izan zen dena. Gogoan ditut lesakarren eta saratarren kontra egin genituen desafioak, bai eta artean Fleuryn zen Josebari idatzi genizkion bertsoak ere. Joan den egunean etxeko ordenagailuko dokumentazio zentroan topatu nituen.Hortxe, zurea;
Berako bertso eskolatikan
Beratikan Parisera
Gure txokoako txokotikan
Fleuri_aldeko espetxera
Gure doinuak ailegatzeko
saiatutzen ari gera
gure soinu, zapore ta_usaiak
heldu daitezen zurera
Hitzetik Hortzeratik ere iritsi zen proposamena: “Bideo motzak edo esketxak nahi ditugu. Animatuko zarete?”. Ezetzik erraten jakin ez eta hortxe ibili ginen han eta hemen esketxak grabatu eta grabatu: Gure Txokoako sukaldean, Etxalarren, Azkarragaren baserrian… garai ederrak!
Gero, abokatu lanak utzi eta herritik ospa egin zenuen, irakasle lanak probatzera, baina bertsoa alde batera utzi gabe. Terreren Dream Teamean adoptatu zintuzten. Ez zuten fitxaje txarra egin! Elkarren kontra aritzeko aukera izan genuen, Koronabirusak eten zuen Bardoak hartan. Kontra idatzi dut, lehiaketa zelako baina elkarrekin litzateke hitz egokiena. Bertze behin ere anfitrioi lan bikaina egin zenuten Zaldiko Maldikoko saio hartan Terrek, Zarralukik, Uberetagoenak, Saenz de Acedok eta konpainiak.
Azken urteetan gure urteko saioa urte zaharretakoa izaten zen. Baserriz baserriko kopla-jiran egiten genuena. Gogoan dut lehen semea sortu berritan ere ez zenutela hutsik egin. Hortxe agertu zineten Aitziber eta biek, aste gutitako umea kanguroan. Geroztik ederki kozkortu, bai eta kide berriak etorri ere! Ongi etorriak bitez belaunaldi berriak!
Ez dakit noizpait aipatu ote nizun (seguru aski ez) baina koadroan sartua dut, gelako apal batean, 1995eko Lore Jokoetan, zure gurasoen etxeko lehio batetik kantatu nueneko argazkia; Goiko argazkilari handiak ateri eta zuri-beltzean errebelaturikoa. Hamabortz urteko mukizua baserritarrez jantzia bertsoa kantari. Kariño berezia diodan argazkia da. Hemendik aitzinera are kariño bereziagoa izanen diot, hura begiratu aldiro zutaz oroituko bainaiz.
Tira, Asier, nere gisara aunitz ariko zaizkizu beren oroimenetik solasean eta ez zaitut gehiago molestatu nahi. Azaroan, joan aintzinetik bidaia on bat opa nizun… espero dut hala izan dela eta ongi egonen zarela.
Zauden lekuan zaudela, besarkada bat Asier!

