Patxi Iriart eta Karlos Aizpurua: «Astero lagunarteko une bat partekatzen dugu. Bitxia da 27 urte eta gero elkarrekin segitzea»
Larunbatean, hilaren 17an, Bardozeko Xilabako saioan kantatuko dute Patxi Iriart Hiribarren eta Karlos Aizpurua Etxartek, baina beren harremana lehenagotik dator: Iriart haurra zela Aizpurua bere irakaslea izan zen, eta egun, 27 urteren ondotik, elkarrekin segitzen dute bertsotan.
Astero lagunarteko une bat partekatzen dugu –
Oier Iriarte Arrondo, Kazetan.

Azaroan abiatu zen Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketa, eta hiru lurraldeetan barrena ibili da geroztik, asteburuz asteburu aretoak jende andanaz betez. Beste hainbesteren artean, oholtza gainean izan dira Karlos Aizpurua Etxarte (Oiartzun, 1971) eta Patxi Iriart Hiribarren (Hiriburu, 1988). Lehen bi faseak arrakastaz gainditu ondotik, larunbatean, hilaren 17an, dute finalerako tokia borrokatzeko hitzordua bi bertsolariek.
Dena dela, Xilaba hasi baino askoz lehenagotik ezagutzen dute elkar. Izan ere, duela 27 urte hasi zen Aizpurua Iriarti bertso eskolak ematen, eta lizeoa bukatu arte segitu zuten ikasle-irakasle izaten. Haatik, Iriart 18 urte bete ondotik bertso eskolarik gabe gelditu zen eta haien harremana tarte baterako eten zen, urte batzuk barru, beste ikasle ohi batzuekin batera, helduen bertso eskola bat sortzeko berriz bildu ziren arte.
KAZETAri azaldu diotenez, bertso eskola hori da beren heldulekua, ez txapelketa. Alta, Ipar Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoa ezaguturik, nahiz eta beren buruari «gauza guti» ekarri, garrantzitsua iruditzen zaie Xilaban parte hartzea: «Proiektu kolektibo bat da, ekosistema sozial eta linguistiko bat. Gure ekosistema, guk bizi nahi dugun modu hori, biziarazteko bertan parte hartu behar dugu». Gauzak horrela, ezinbestekotzat jotzen dute euskaraz aritzeko guneak izatea: bertsolaritza, libertimendua eta abar.
Karlos, 1998-1999 ikasturtea izan zenuen lehena Ipar Euskal Herrian bertso eskolak ematen.
Karlos Aizpurua Etxarte: Hendaiako bertso eskola desagertu eta Amets [Arzallus] eta Miren [Artetxe] Oiartzungo bertso eskolan hasi zirela izan zen aurrekaria. Ni han nintzen irakasle, eta orduan elkar ezagutu genuen; haiek biziki gustura ziren. Niri handik bi urtera proposatu zidaten [Ipar Euskal Herrira] jiteko.
Hemen ez zen bertso eskolarik, salbu Baionako Biltxokon. Hor biltzen ziren helduak. Gero hasi zen berriz Hendaiako bertso eskola eta hor ziren Sustrai [Colina], Amets, Miren eta Xumai Murua. Kostaldeko lau ikastoletan —Biarritz, Baiona, Donibane Lohizune eta Hendaian— ikastorduen barnean bertsolaritza ematen hasi nintzen gero.

Handik gutira, bertso eskola berriak sortu genituen. Horietako batean, Baionakoan, Patxik [Iriart] eman zuen izena. Ernest Alkhat aritzen zen barnealdean, baina utzi egin zuen, eta Iparraldeko ikastola pila bat gelditu zitzaizkidan. Sistema bera zen: ikastoletara joan, bertsolaritzaren oinarria zer zen pixka bat erakutsi, eta ahalaz bertso eskola sortu. Hor bertso eskola berri anitz sortu ziren: Odei Barroso, Maddalen Arzallus, Lukutarrak… gero batzuek utzi zuten, baina horiek guztiak hortik atera dira.
Patxi, zu orduan ikastolan zinen.
Patxi Iriart Hiribarren: 5.mailan ginen, hamar urte nituen, 11 egiteko. Gu urte erditsuan hasi ginen bertso eskolan.
Karlos Aizpurua Etxarte: Bai, nik uste Eguberriren ondotik izan zela, lehen hiruhilekoa eta gero.
Aski azkar sortu zenuten bertso eskola.
Iriart Hiribarren: Klaseak lehentxeago hasi ziren, eta gero bertso eskola sortu zen. Karlosek dio izena eman nuela, baina egiari zor, nire amak eman zidan izena. Bera ere irakasle zen.
Talde gotor bat muntatu zen. Ni oroit naiz urte hartan bi taldetan ginela jada, eta talde bakoitzean bost eta hamar artean izanen ginen. Beraz, horrek erran nahi du multzo bat bazela. Ama eta beste batzuk jendea konbentzitzen ibili ziren: bertso eskolak zer zentzu zuen, zer garrantzi zuen. Baionaz ari gara, ez da baitezpada zonalde biziki euskalduna. Garai hartan 15-20 bat jendek eman zuten izena. Polita izan zen.
Berehala kolegiora pasatu ginen, Xalbadorrera. Han ere hasi zen bertso eskola, eta hor hasi ginen gurutzatzen gaur beti kantatzen dugun horiekin, gaurko egunean gure bertso eskolan diren Mizel Mateo eta Gilen Iribarrenekin. Egia da Ekhi Erremundegi oraino Baionako ikastolan zela, urte bat gutiago baitu.
Aizpurua Etxarte: Egun ikusita iduri du bertso eskolak beti hor izan direla, baina ez da horrela. Patxik ongi azaldu duen bezala, lehen maila horietan kostaldean ibili ginen, baina horiek ikastolatik joaten ziren orduko [Seaskaren] kolegio bakarrera, Kanbora, Xalbadorrera. Hor biltzen ziren lehen mailako bertso eskola ezberdinetakoak, edo aitzinetik bertsotan ibili gabe hasi nahi zutenak, zeren barnealdean ez zen bertso eskolarik. Adibidez, Mizel eta Gilen hortik heldu ziren. Horrela muntatu zen sarea: lehenik lehen mailan, gero kolegioan, eta ondotik lizeoan.
Langile bakarra nintzen, sobera lan zen. Gero Arantxa Oxandabaratz hasi zen hezkuntza arautuan, eta ni bertso eskolez okupatzen nintzen. Baina horrez gain, bertso eskolen inguruan ekintza anitz sortzen ziren. Iparraldeko eskolarteko txapelketa gelditua zegoen, ez zelako bertsolari gazterik, eta orduan hasi ginen berriz. Oroitzen naiz lehendabizikoan parte hartu zutela Eneritz Zabaletak, Xumaik, Mirenek, Sustraik eta Ametsek.
Patxi-eta hurrengo urtean hasi ziren ttipien eskolartekoan. Bertso udalekuak eta topaketak ere egiten genituen, eta gero hasi ginen bertso saioak lehen mailetan egiten, zekiten guti hori erakusteko eta bertzeei gogoa emateko. Bazen dinamika handi bat.
Bertso eskolak hedapen fasean ziren.
Aizpurua Etxarte: Sortze, hedatze eta egonkortze fasean ere bai. Ni ohartzen naiz garaiko irakasleak harrituak zirela serioski hartzen genuelako bertsolaritza eta haren transmisioa, ez zelako bakarrik «Kantatu bertso zahar batzuk» eta kito. Serioski hartzen genuen, programa batekin, ikasmateriala sortu genuen. Gainera, ikusten zuten bertsotan ari zirela, eta ongi ari zirela; orduan, uste dut Patxiren amak-eta ikusi zuela posible dela.
Iriart Hiribarren: Pentsatzen dut beraiek hasi zirelarik ez zutela hori gogoan: haientzat euskaraz egiten den aisialdi bat zen, eta gerora bertsoa eginen zuten edo ez. Ni oroit naiz ttipiak ginelarik Euskal Telebistan bertso saioak jartzen zizkigutela, eta hortxe gelditzen ginen asperturik. Beraz, gustu bat, gogo bat, bazen.
Anekdota bat: Baionan bertso eskola sortu zelarik [Bernat Etxepare] lizeoa eta Baionako ikastola leku berean ziren, orain [Estitxu Robles] kolegioa den lekuan. Memento berean bi klase ziren: Karlosek talde bat zuen, eta bestea Amets eta Sustraik ematen zuten, orduan lizeoko ikasle baitziren. Haiek hor hasi ziren pixka bat plazetan eta Nafarroako txapelketan-eta, beste garai bat zen.
Karlos, zuk Patxi eta bere belaunaldikoak lehenik ikastolan ezagutu zenituen, eta heldutu arte beren bertso irakasle izan zinen. Ikasle-irakasle izatetik oholtzan elkarrekin eta txapelketan bata bestearen aurka egotera iragan zineten. Nola bizi izan zenuen aldaketa?
Aizpurua Etxarte: Oro har, ez dut bizi norbaiten aurka ari naizela, eta gutiago hauekin, edo gertatzen bazait, alabarekin. Gainera, batera egin behar da, elkarrekin. Aurka egiten baduzu da dialogoa sortzeko komeni delako. Momentu horretan pentsatzen hasiko banintz segur aski hunkituko nintzateke, eta ez da komeni hunkitzea momentu horretan; baina nik biziki pozik bizi dut.
Bertsolaritzak gauza on anitz eman dizkit, pertsona on anitz ezagutzeko parada eman dit. Egia da bitxia izan dela, hauek handitu dira, ni zahartu egin naiz, baina iruditzen zait oraino atxikitzen dugula hasierako giro kokin hori, adar jotze, umore, konplizitate, hori.

Badira urteak nik ez dudala ikusten nire burua hauei zerbait erakusteko, eta are gutiago haiek baino gehiago bezala. Astero lagunarte bat partekatzeko momentu bezala bizi dut nik, eta segurraz ere hori da segitzeko arrazoiaren erdia. Orain pixka bat seriosago egiten dugu Xilaba delako, baina bestela ez dugu hain serioski egiten. Elkartu, momentu goxo bat pasatu trago batekin, eta zerbait jan.
Bitxia da 27 urte eta gero oraino elkarrekin segitzea. Tarteka, gainera, egiten ditugu ateraldi batzuk: bazkari, afari edo bestaren bat-edo. Padelean ere aritu izan gara.
Patxi, zuretzat aurkakoa izan zen. Zure irakasle izan zenarekin oholtza partekatzen aurkitu zenuen zure burua. Nolakoa izan zen aldaketa?
Iriart Hiribarren: Karlosek zioen bezala, elkarrekin ari gara. Uste dut bertsotan baditugula afinitateak, zuk izanen duzu afinitate bat batekin eta bestearekin, denak ez gara lagunak, hori errealitate bat da. Baina bertsotan ongi ibili nahi baduzu komeni zaizu zure ondokoak ere ongi egitea, ongi ateratzen da biak ongi ari baldin badira; bietako bat bakarrik ongi ari baldin bada… erdizka aterako da.
Faseak izan dira. Gu ikasleak ginen, 11 urtetik 18 urte arte beti izan dugu bertso eskolako bide klasiko hori. Bazen bertso eskola, baina hortik kanpo ere Karlos anitz inplikatu da: bertso saio bat Oiartzunen afari batekin? Gu umeak ginen, baina han ginen. Aita-amei galdegin behar genien, baina autoan sartu eta bagindoazen afari batera. Txapelketa bat ez-dakit-non? Asteburuetan autoan hartzen gintuen eta eramaten gintuen. Gero, heldutzen hasi ginelarik, sagarnotegira joaten ere hasi ginen. Horrek beste dimentsio bat zuen, beste besta bat zen.
Gero bakoitza gure aldetik ikastera joan zen. Helduen bertso eskolarik ez zen existitzen orduan: Mizel Bordelera, Gilen Arrasatera, nik urte batzuk egin nituen Baionan, baina gero Bordelera… Hor bukatu zen bertso eskola.
Harreman pixka bat atxikitzen genuen, baina urtean behin-edo ikusten genuen elkar. Hiru urtez urtean behin, ez gehiago. Gero suertatu zen Gilen eta hirurok hasi ginela elkarri galdetzen: «Zer, hasiko al gara bertso eskolan berriro?».
Aizpurua Etxarte: Aitzinetik hilabetean behin gelditu eta Errekaldera —Berako ostatua— joaten ginen. Hantxe, txoko batean egin izan dugu librean, eta jendea guri so.
Iriart Hiribarren: Ez ginen hain fin ari, e! [barrez]. Muskulurik gabe ari ginen. Orain, 2017tik, badira bederatzi urte asteazkenero biltzen garela, eta gure mementoa da hori. Hein batean bada gure arteko engaiamendua: hitzordua hor dugu, eta egun hori bertsotarako atxikitzen dugu.
Gero, nik mirakuluz diot, Mizelekin hasi ginen. Baziren hamar urte harremana pixka bat galdua genuela. Egun batean sartu zitzaion berriz bertsotan aritzeko gogoa, eta galdetu zigun «Juntatzen ahal naiz?», eta guk baietz. Iruditzen zait aste batez errekuperatu genuela betiko harreman hori, beti hor izan balitz bezala. Ekhi ere sartu zen berantago, eta horrela segitzen dugu.
Aizpurua Etxarte: Txapelketan parte hartu izan dugu, baina ez beti; bizitzako momentuaren arabera egiten dugu, horrek ere engaiamendu bat galdetzen duelako. Baina txapelketa izan edo ez guk biltzen segitzen dugu, maite dugulako. Txapelketatik kanpo badira beste plaza batzuk ere, batez ere Patxik eta Mizelek, libertimenduetan, bertso afariren bat edo beste…
Iriart Hiribarren: Ditugun plaza guti horiek segurtatzen ditugu. Donibane Garaziko libertimenduetan hasi ginelarik egia da lehen urtean ez, baina aski fite sartu ginela. 15-16 urte izanen genituen.
«Gazteei 18 urtera heltzen direnenean bertsotan segitzeko parada eman nahi badiegu helduen bertso eskolak beharko dira, bestela ez da martxan»
Lizeoa bukatu ondotik bertso eskolarik gabe gelditu zineten, eta hortik urte batzuetara berriz biltzen hasi zineten. Oroitzen duzue zein unetan erabaki zenuten berriro hasiko zinetela?
Aizpurua Etxarte: Bazen berriz biltzeko gogo bat, baina ez da erraza: Patxi Hiriburun bizi da, ni Saran, Gilen Itsasun, Mizel Bordelen zen, eta Ekhi Baionan, baina ez zen oraino lotua. Beran elkartzen ginen hilabetean behin eta honakoa egiten genuen: plater konbinatu bat afaldu, pixka bat edan, eta bertsotan librean. Hamar bat bertso.
Gero, 2016ko Xilaban «Tira, elkartuko gara?» galdetu genion elkarri, eta hor hasi ginen. Gilenen etxean hasi ginen, orduan etxea egin berri-edo. Orain ez gara Gilenen etxean biltzen, orain elkartearen lokal batean elkartzen gara, Itsasun.
Iriart Hiribarren: Gu 18 urtera heltzean, gure hautuak eginik ere, izan balitz helduen bertso eskola bat Baionan naturaltasunez emanen genukeen izena. Nik eman nahi nuen izena, baina ez zen. Beraz, zer gertatzen da? Naturan zaude, bakarrik. Guk badugu xantza zeren nahikari hori birsortu zen eta berriz taldean funtzionatzen dugu. Harreman bat dugu.

Bada talde bat ere Xiberoan, bada talde bat Amikuzen… Baina bertsolari batzuek ba ote dute talderik? Badakit txapelketa hurbiltzen delarik harat-honat ibiltzen direla. Zaila da, ez baldin baduzu talderik linboan zaude bakarrik. Gazteei 18 urtera heltzen direnenean bertsotan segitzeko eta hobetzeko parada eman nahi badiegu helduen bertso eskolak beharko dira, bestela ez da martxan.
Aizpurua Etxarte: Baionako helduen bertso eskola hartan baziren Ellande Alfaro, Aitor Sarasua, Xanti Iparragirre, Iraun Zabaleta… Bazen jende gehiago ere, baina haurrekin eta gazteekin lan zama handitu zitzaidan eta ez nintzen denera iristen, eta lehenetsi zen bertso eskola bigarren gazte talde bati ematea, Biltxokokoei ordez. Gero, adibidez, Xiberoan baziren Joanes Etxeberria, Ramuntxo Christy, Xan Alkhat, Erik Etxart… Hori nik egiten nuen nire aldetik, erran nahi baita, nire lan orduetatik kanpo. Lagunartean egiten genuen, baina serios, e! Klaseak, eskola prestatuak… Hori bizpahiru urtez egin nuen. Donibane Garazin Joana Itzaina eta Jenofa Berhokoirigoinekin ere egiten genuen.
Nik beti erraten nuen helduen bertso eskola atera behar zela. 18 urterekin oraino bada zer landu eta garrantzitsua da norbaitek klaseak prestatu eta dinamika bat segurtatzea.
«Norbaitek gogoa badu 22 urterekin [bertsotan] hasteko beharbada ez du eginen plazara ateratzeko, baina agian gai emaile izanen da, edo epaile»
Gainera, hortik landa ere izaten ahal dira helduen bertso eskolak. Adibidez, norbaitek gogoa badu 22 urterekin hasteko beharbada ez du eginen plazara ateratzeko, beharbada ez du nahiko, gainera. Baina bertsogintzan sakondu dezake eta gero agian gai emaile izanen da, edo epaile, edo bere auzo edo ikastolan bertso afari bat antolatuko du. Nik hor atzematen dut diferentzia Gipuzkoa eta Iparraldearen artean: publikoan bertsogintzaren nolako ezagutza maila baden, baina segurraz ere helduek ere lantzen dutelako bertsolaritza.
Lizeo arteko bertso eskola arautua da, akademia da, baina helduen arteko bertso eskolak ez hainbeste. Zuen kasuan, nola neurtzen duzue oreka? Nola funtzionatzen duzue?
Aizpurua Etxarte: Oso ezberdina da. 18 urte artekoekin, ni ibili izan naizenean behintzat, irakasle bezala baduzu ardura bat, edukiak prestatzen dituzu. Batetik, zaletu nahi dituzu, «Zer ongi pasatzen dugun!» pentsarazi nahi diezu; eta bestetik, irakasle bezala, arduradun bezala, zure ikasleak teknikoki-eta hobe daitezen nahi duzu.
Guk gurea bertso eskola deitzen dugu, baina momentu goxo bat pasatzen dugu hizketan, egiten duguna da aritu. Ez gara hasten hau eta bestea analizatzen, ez dugulako norbait heltzen zaiguna hori lantzeko. Egin genezake, baina elkarteak ez du langile bat bidaltzen irakasle rolarekin, eta gutako bakoitzak ere ez du ardura hori hartzen, ez dugulako lan gehiagorik nahi. Gaiak-eta prestatzeko aldizka ibiltzen gara.
Zuen bertso eskola Xilaba prestatzeko ez dela aipatu duzue, baina Xilaba egon badago. Bertso eskolan bertan ez baldin bada ere, zuen aldetik nolabait prestatzen ari zarete? Nola kudeatzen duzue Xilaba garaia?
Aizpurua Etxarte: Ni bertso eskola gehiagotara joaten naiz. Itsasun eta Jaizubian (Hondarribia) ibiltzen naiz, eta etxean alabarekin [Haira Aizpurua] —etortzen delarik— eta semearekin ere [Unax Aizpurua]. Unaxekin astero egiten dut, zeren orain biok bakarrik gaude. Lehen nik betetzen nuen irakasle rol hori etxean, eta orain biok gara, beraz, librean egiten dugu.
Horrez gain, nire lanarengatik bertso anitz entzutea egokitzen zait [Bertsozale Elkartean egiten du lan], beharbada astero hiru saio entzuten ditut, lau ere batzuetan. Orduan, bertso anitz entzuten ditut, bertso onak, zeren nire lana da gero hautaketa bat egitea antologia bat egiteko eta abar. Orduan, bertso eskolara normalki doinu berriak eramaten dituena ni naiz.
Iriart Hiribarren: Sekula eramaten ez dituena ni naiz [barrez].
Aizpurua Etxarte: Bestalde, arreta gehiago jartzen dut: bertsoa.eus gehiago begiratuz, aktualitatea gehiago jarraituz… Azkenean, nahiz eta Saran bizi, hanka eta erdi Hegoaldean dut, beraz, hemengo errealitatea ez dut hainbeste segitzen. Orduan, orain ongi segitu behar dut, zeren segun eta zer gai jartzen didaten…
Iriart Hiribarren: Nik ere bertso gehiago entzuten ditut. Gainera, memento ona da: Nafarroako eta Bizkaiko txapelketak izan dira. Gero, bestelako lanak… badut nire ofizioa, haur ttipi bat, etxeko obrak… Aski lan. Zuri dagokizu zure buruari zarena baino gehiago ez exijitzea.
Niri prentsa-eta gustatzen zait, irakurtzen dut nire egunerokoan. Argia eta Berria leitzen ditut, baina hori maite dudalako egiten dut.

