Eli Zaldua Barquin

2026-01-22

Beste bat gabonei... hurrengo urtera arte!

Beste bat gabonei –

Doinua: Gure herrian ligatzea / Calle melancolía

Gabonak hurbildu eta
ze irrika, ze goreste!
Niniak argitzen dira
herriko kaleak beste,
ordea, horren harira,
zintzoak izan gaitezke:
batzuk pozten dira eta
beste batzuk ez hainbeste.

 

Familia elkartzea,
askoren ilusioa;
ez ausartu baztertzera
gure instituzioa!
Urtean behin ikusita,
zein da bere funtzioa?
Fokuak piztu ta benga,
has dadila funtzioa!

 

Elkartu ziren kuadrillan
noizbait hamar bat klaseko,
baina denborak ahalmena
du bizitzak aldatzeko:
bata bestearenean
dago gaur egun paseko…
Gabonek batzen dituzte
soilik eguneratzeko.

 

Saltokietan ilarak,
turroia, cava, piparrak
Opari guztientzako
ezin harturik oharrak.
Azken momentuetako
estresak eta negarrak
ez ote dute esan nahi
direla betebeharrak.

 

Zaila bada janaria
kontrolatzeari uztea,
gabonen oturuntzei
zailago bizirautea;
errua ta ordainaren
artean zein da trukea?
Opari gisa heltzen da
autosuntsipen buklea.

 

Batzuentzat dira urte
berriko atalasea,
oporrak soilik edota
bizi berrira pasea.
Nahiz ta arintzailea den
guzti hortaz kexatzea,
gogorra izan da ere
lanetara bueltatzea.

 

Beste bat gabonei
Arg: Jonathan Borba
Beste bat gabonei