June Aiestaran
June Aiestaran

2026-02-18

Oroitzapen baten trauma

Oroitzapen baten trauma –

Oroitzapen baten trauma
Arg: June Aiestaran

Demagun WhatsAppetik batere zaindu gabeko mezu bat bidali dizula telefono ezezagun batek. Demagun bertso-saio batean kantatzeko dela. Demagun hiru mezu solte lehor bezain gogogabe direla eta zu ere ez zaituztela bereziki motibatzen mezu horiek. Demagun zure barruan bizi den ahotsik exijenteenak esaten dizula ezin diozula saio bati ezetz esan, baldin eta beste saio batengatik ez bada. Demagun baietz erantzuten diozula mezu jator eta super-eskertu batekin.

Datorkizunaren excel mental bat egin nahian, agendako orriei aurrera egin eta aste horretara iritsi zaren aldiro egin duzu topo karratu potolo batean sartu zenuen bertso saio horrekin. Aldi horietan guztietan xurgatu dizu zeozerk bularreko arnas guztia, aspiragailuak hautsa nola, eta itxi duzu agenda kolpe batez.

Demagun iritsi zarela saioa duzun herrira eta ez dakizula nora joan behar duzun. Demagun zuk erabaki duzula saioa baino 45 minutu lehenago joatea, ez zenekielako noizko joan behar zenuen. Demagun antolatzaileak behar den informazioa eman ez dizulako ez zenekiela hori guztia.

Gaur ere txontxongilo lanetara joan zarela sentitu duzu. Iristean, irribarre super-super jator bat eskaini diezu antolatzaileei, eta bigarren galderari “baiiiii, oso gogotsu, egia esan!!!!!!!” erantzun (lehenengo galdera ea lekua erraz bilatu duzun izan da. Zuk, burua gora eta behera mugitu duzu, listua irentsi bitartean).

Demagun oholtzaratu zaretela eta saioko neska gaztea izatea nahikoa ez balitz gisan, sentitzen duzula, berez-berez, inork ez zaituela entzun nahi. Demagun irudipena duzula saioko ofizio ez-mamitsu, -grazioso eta -interesgarrienak jarri dizkizutela. Demagun ez dela zure irudipena bakarrik. Demagun, saioa aurrera joan ahala, sortzen ari zaizula deserosotasun puntu bat. Demagun ez dela puntu bat bakarrik. Demagun badakizula ez dela zerorrek eragindako deserosotasuna eta badakizula pertsona bakarra ari zaizula hori sorrarazten; badakizula ez dela publikoa horretan ari dena; oholtzan dagoela pertsona hori, eta ez dela bertsolarietako bat. Demagun saio ondorengo bere hitz bakoitza ere izan zaizula belarritik eztarrirainoko arantza zorrotz bezain mingarri bat, eta iritsi zarela pentsatzera zeure errua izan ote den sentsazio itogarri hori. Demagun etxera bueltan negarra atera zaizula ahotik; bai, ahotik; demagun gaurkoan ez dela begietatik ezpainetarainoko negarra izan; demagun gaur hasperenetan hustu duzula barrena.

“Demagun” bakoitzak ezkutatzen du atzean egia bat –demagun, kasu honetan, egun eta leku jakin bat direla–, eta, egia esan, ni ere lasaiago biziko naiz gaurtik aurrera, oroitzapen bat trauma eta “demagun” bat ezkutu, esatera ausartzen ez naizena zehar-esaten.

Oroitzapen baten trauma