Bertsularien Lagunak eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteak urteko batzarrak ospatu dituzte
Bertsularien Lagunak eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteak urteko batzarrak ospatu dituzte –

Bertsularien lagunak elkartearen biltzar nagusia otsailaren 28an egin zen, Uztaritzen, Mailiarenako egoitzan. 2025ko ekimenen bilduma eta kontuak aurkeztuak eta bozkatuak izan ziren. 2026ko egitasmoa azaldu zen jarraian, proiektu berriei buruz xehetasunak eman zituzten eta 2026ko aurrekontua aho batez onartu.

Bestalde, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen batzarra iragan ostiralean egin zen, Zornotzan. Iazko eta aurtengo balantzea eta aurrekontua onartu zituzten bazkideek. Honakoa adierazi dute antolatzaileek: “18:00etan hasi da batzarra eta bertaratutakoei ondo etorria eman eta batzarraren nondik norakoak azaldu dizkie Belate Olabarria Astobiza Elkarteko lehendakariak.
Ostean, Elkartearen helburu eta proiektu nagusiak azaldu dituzte Ione Narbaiza Gallastegi Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak, Jone Larrinaga Dañobeitia hezkuntza eragileak eta Igor Menika Bengoetxea aisialdia eta gazteen plazaratzerako eragileak”.
Beñat Vidal Gurrutxaga zuzendaritza kidea ere mintzatu zitzaien bazkideei. Lan taldearen berri eman eta gero, zuzendaritzaren helburuak eta funtzionamendua azaldu zituen, eta honakoa izango da osaketa berria:
- Lehendakaria: Belate Olabarria Astobiza
- Idazkaria: Beñat Vidal Gurrutxaga
- Diruzaina: Aissa Intxausti Aburruza
- Bokalak: Ainhoa Markinez Arruza, Asier Galarza Garai, Eneko Abasolo Txabarri, Idoia Anzorandia Kareaga, Unai Iturriaga Zugaza-Artaza.
Paule Loizaga Legarrak zuzendaritza utzi du, eta egindako lana eskertu zioten kideek.
Amaitzeko, bihar bertan ospatuko da Gipuzkoako batzarra. Hurrengo asteburuan Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen batzarra egingo da, Abadiñon.

