Iñaki Viñaspre Simon: "Lasaiago joan naiz finalera, txapela beste batzuen buruan ikusten nuen"
Amari eskaini zion bigarren txapela eta amarenean uzteko asmoa dauka, irabazi dituen beste txapela guztiak bezala. Bere planetan ez zegoen final biharamunean elkarrizketak ematea, baina lasaitasun horretxek, txapela beste batzuen buruan irudikatzeak emandako patxadak ekarri dio txapela burura.
Txapela beste batzuen buruan ikusten nuen –
Amagoia Mujika, NAIZen.

Lo ordu gutxirekin (ospakizunak gehi ordu aldaketa) harrapatu dugu Arabako txapelduna finalaren biharamunean. Lasai eta pozik neurri paretsuan, bere txapelak hainbat poz ematen dio denen artean josi zuten final kolektiboak.
Ariketa guztietan oso fin aritu zinen. Zeure burua ikusten al zenuen buruz burukorako kinieletan?
Ezustekoa izan zen niretzat. Unai [Anda] oso argi ikusten nuen buruz burukoan, oso saio osoa egin zuelako. Baina gero beste batzuk ikusten nituen; Peru [Abarrategi] oso ondo ikusten nuen, Maddi [Agirre] ere oso ondo… Nire kiniela propioan behintzat ez nengoen.
Baina sartu zinen. Poza, ezta?
Poz handia izan zen. Finala ordura arte oso ondo joan zen eta saioa ondo doanean, inor erori gabe, eta zuri pasatzea egokitzen zaizunean, pozgarria da. Eta une hori Unairekin partekatzea berezia izan zen.
Izan ere, Unai zure ikasle izandakoa da.
Bai. Oholtzan zeuden batzuk nire ikasle izandakoak ziren; batzuk hezkuntza arautuan, beste batzuk bertso eskolan, udalekuetan ere bai… niretzat final berezia zen, belaunaldi aldaketa horretan ezagun asko ditudalako, eta asko maite ditudalako. Unaik txapelketa behetik gora egin du eta finala ere izugarria egin du.
Sumatu zen zure eskarmentua. Neurria hartu zenion saioari hasieratik.
Bai, beste final batzuetan agian urduriago joan naiz. Aurten gogoz joan naiz finalera. Iruditzen zait hori gakoetako bat ere izan dela. Seguruenik lasaiago joan nintzen pentsatzen nuelako txapelak beste batzuen buruan erortzeko aukera gehiago zituela. Presio gutxiago sentitzen nuen.
Bigarren txapela da. Lehenengoaren desberdina?
Bai, zentzu guztietan gainera. Aurrekoa orain dela hiru txapelketa izan zen eta gauzak asko aldatu dira Araban. Hasteko, finaleko izenak aldatu dira. Hiru finalista berri zeuden finalean eta azken hiru txapeldunak. Finala beti da desberdina; lekua, finalistak, entzuleak… Niretzat gozamena izan da seikote horretan kantatzea, asko estimatzen ditudan gazteak direlako. Adinean urrun ditudan arren, oso gertu sumatzen ditut.
Ariketa guztietan zorrotz. Seriotik aritu behar zenean serio eta umorerako tarteak baliatuta. Plazako jardunetik gertu sumatu zintugun.
Niretzat hori egon daitekeen laudorio ederrena da. Gehiago gustatzen zait plaza txapelketako jarduna baino. Beti saiatzen gara ahal denean umoretik aritzen eta uste dut asmatu genuela. Umorea beharrezkoa dugu bertso munduan, dena ezin da izan dramatik kantatzea.
Gai jartzaileen lana ere hor dago. Oso gai originalak izan ziren. Hamarreko txikian, adibidez, objektuen tokitik aritu zineten.
Ez genuen espero. Objektuak egokitu ziren eta uste dut nahiko ondo moldatu ginela. Boligrafoak, zapiak, kantuaren estribilloak eta estrofak… Uste dut asmatu genuela.
Martxoak 3 elkarteko kideek jantzi zizuten txapela. Saioan presentzia izan zuen martxoaren 3ko sarraskiak, gaia ere egokitu zitzaizun zortziko handian.
Bai. Poza sentitu nuen, baina baita ardura ere. Araban oso presente daukagun gaia da. Uste dut ondo egin genuela Peruk eta biok. Txapelak berak martxoaren 3ko sinboloa dauka eta horrek oso berezia egiten du.
Txapel emaileari txapeldunari adina txalo egin zitzaion.
Gehiago esango nuke, eta merezita. 50 urteko lan izugarria egin duen elkartea da, bertsogintzarekin harreman oso estua duena eta aitortza hori egitea ederra izan da. Bineta batean irakurri nuenez, «inprobisazioa memoria ariketa ere bada». Bertsoa momentukoa izanagatik, ezin du memoria txarrekoa izan. Aitortza hori merezia eta beharrezkoa zen.
Eskaintza, amari.
Ez nuen espero txapela eta ez nuen agurrik prestatuta. Nire izena esan zutenean, ama bertan zegoen eta burura etorri zitzaidan lehen gauza berari eskaintzea izan zen. Beti izan dut ondoan, merezita dauka.

