Iñaki Gurrutxaga Zubimendi
Iñaki Gurrutxaga

2026-04-01

Kristino

Kristino –

Zuek oso-oso gazteak zarete, baina garai batean ETBn bazen saio bat, late-show bat, filosofo kontenplalariek beraien iritziak plazaratzen zituztena -goresmenak hemendik Markos Zapiaini-. Han izan genuen guk Kristinoren berri.

Kristino
“Guía vinicola de España” liburuaren azalera. Iberlibro

Kontua garaiko Erromako Aita Santuaren adierazpenen ondoren hasi zen. Agidanean, Ratzinger papisimoak uso mezularirik nahi ez, eta izpiritu santua atzera-aurrera erabili ordez, Jaungoikoarekin zuzenean izaten omen zituen hizketaldiak. Orduan agertu zen Kristinoren aipamena. Bermeoko txikiteroa berau, tabernaz taberna lagun imaginarioekin ibiltzen omen zen berriketa bizian, ero-etxean sartu zuten arte. Telebistako filosofoak laster ikusi zuen Kristino eta Ratzingerren arteko analogia. Ez zuen Vaticanoko burua ero-etxean sartzeko aldarrikapenik egin: Kristinok ere Aita Santu izendatua izateko eskubidea edukitzea zen aldarrikatu zuena.

Kepa Matxainen doktorego-tesiak ere badu hortik, neurri batean. Nork izan behar du bertsolari gisara gogora dezaten eskubide eta zilegitasuna? Oso ados nago Kepak markatu dituen irizpideekin, neurri batean “beherapen” itxura izan badezakete ere. Jesus Martin-Barberoren autore “popular erreprimituak” sailekoak izan dira batzuk, eliteek ukatutakoak. Beste sail batekoak dira “popular ez-errepresentatuak”, medio nagusiek eta ildo politiko hegemonikoek bazter utzitakoak. Asko izango ziren, noski, bi sailetan batera egondakoak.

Justo eta Lonjinos bertsolaritzat hartu beharko genituzke, beraz, eta egin zuten ekarpena aitortu. Besterik da eraiki dugun eredu eta maxima estetiko-ideologiko-liturgikoetan, piramidearen zein lekutan jarriko genituzkeen, baina egunerokoan gure bertso-gosea asetzeko ere ez ditugu Michelin Izarrak bakarrik behar. Litxarrekeri merkeak eta pasaerako jakiak ere oso gustura irensten ditugu sarri-sarri. Denak jatena, baina zein dira “onak”, termino absolutuetan?

Nik, hain zuzen, arazo horixe ikusten diot honi, eta lehen ere gertatu izan da (“y fue tanto lo que se les aplaudió, que los infelices llegaron a creerse superiores al mismísimo Xenpelar” Manuel Lekuonaren 1930eko hitzetan). Zer gisatan txalotu zituzten? A posteriori har ditzakegu bertsolaritzat, baina hango entzuleentzat zer ziren haiek?

Baztangaren Pasaiko garai hartatik hona pasa dira urteak, ez ordea joerak. Azken hamarkada honetan, izugarrizko atzerakoa ematen didan “pertsonala politikoa da” esaldia hainbeste bihurritu dugu, ezen Justo eta Lonjinosek beren burua Xenpelartzat aldarrikatu zuten bezala, hainbat bertsolarik ere gauza bera egin baitute (baitugu) gehiegitan, eta Matxainen ganaderiko zezen hori behin torilotik aterata ea nola toreatzen dugun, zu bai eta zu ez. Zein bertsolari eta zein ez, zein baleko eta zein ez, zein ona eta zein ez.

Gure onberatasunean Kristino asko dauzkagu sarritan Vaticanoko atean, beraien ogi-zatia eskatuz, hala dagokielakoan. Neronek ere, atea kox-kox jo izan dut, eta ojo, tarteka ireki ere egin izan didate. Hurrengo batean hitz egin genezake ate hori pasa ondorengo inpostore-sindromeaz.

Matxainek ere hala dio, eta bat egiten dut. Iñaki Segurolaren hizketa-modua hartuta, ai gure euskal-meza honetan zein zailak diren kanonizazio prozesuak…

Kristino