June Aiestaran
June Aiestaran

2026-04-20

Ametsen zaporea

Ametsen zaporea –

Ametsen zaporea
Hannah Montana. Arg: Wikimedia

Umetan, Hannah Montana izatearekin amesten nuen gauero-gauero. Ahizparen armairuan bizi ziren eguzkitako betaurrekorik fashionenak soinean jantzita sofara salto batez igotzen nintzen, eta you get the beeeeeest of both worlds oihu egiten nion betaurreko haien aurrean bizi zen publiko guztiari. Txalo egiten zidaten haiek eta ilea alde batera eta bestera mugitzen nuen nik. Gero, pasa ziren urteak eta ohartu nintzen Euskal Herrian ez zela hain pertsona guairik existitzen, baina bazela hain guaia sentitzeko beste bide bat.

Bertso-eskolan hasi nintzen.

Orduan, aitaren eguberrietako txapela soinean jantzita egongelako ispiluaren aurrean jartzen nintzen, eta zuen txaloak beretzat dira, nereee txapela ere baaai, eta musu bat bidaltzen nion ispilu hartan bizi zen publiko guztiari. Ohartzerako, performance horrekin amesten hasi nintzen gauero-gauero. Bertso-eskolaz bertso-eskola joan zen ugaritzen nire bertso eta doinu errepertorioa, eta, egun batetik bestera, arbelari begira geratu nintzen, eta horixe da inporta zaidan baakaarra; egun batetik bestera, bazkaritarako mahaia jartzen hasi nintzen, eta etxekoandria da nere ama; egun batetik bestera, ogia erostera joan nintzen, eta hiru letxuga regateatzen BMWan jooandaa.

Gero, pasa ziren urteak, eta ametsetako performance hura egiazko bihurtu zen (ez dio, inoiz, performace izateari utzi). Ametsak egia bihurtzen dira, eta ez dago ezinezkorik, eta Mr. Wonderfulen esaldi txatxu horiek guztiak. Ez digute, ordea, inoiz kontatu izan zein usain izaten duten ametsek barrutik. Geruzaz geruza deskubritzen diren karameluen gisan irudikatzen ditut nik ametsak: kanpotik azukrea izaten dute, baina urtzen dira, banan-banan, kanpoko azukre ale guztiak, eta iristen da hurrengo geruza. Gustu eta testura aldaketa hori arrotza ohi zaio mingainari. Baina ohitzen da, eta karameluari buelta bat, eta beste bat, eta beste bat ematen dizkio, hurrengo geruzara ihesi, berea ez den geruzan despistatuta dabilen azukre aletxoren baten bila.

Umetako ametsa (bigarrena) bete izanak sentimendu kontrajarri asko eragin ditzakeela esan nahi nuen Mr. Wonderful samar geratu zaidan metafora horrekin: jartzen zara lehen aldiz mikrofono baten aurrean, eta sentitzen zara liburuko protagonista super guaia, eta jendeak esaten dizu oso ondo ari zarela, jarraitzeko, eta iristen da astelehena eta super pozik zaude bertso-eskolara zoazelako, jarraitzen duzu mikrofono baten aurrean jartzen, eta hasieran dena da polita, baina jarraitzen duzu, pasatzen da denbora, eta egun batean iristen zara etxera triste bertso-eskola batetik, eta beste egun batean joaten zara batere gogorik gabe saio batera, eta egiten duzu negar, eta esnatzen zara gauerdian antsietateak jota, eta onartzen duzu ez zaudela batere motibatuta bertsotan, baina jarraitzen duzu hankei tiraka saioetara aurpegi onez joaten.

Sinatuta: Mr. Drama

Ez dut askoz gehiago esango, baina geruzaz geruza ametsa dastatzen daramatzagu urte batzuk, eta ongi ohartuta gaude, honezkero, erraz urtzen direla azukre aletxoak ezpain ertzetan; ongi ohartuta gaude, honezkero, ez dela despistatutako aletxorik geratu ohi karameluaren buelta osoan. Horregatik, garrantzitsua da ulertzea badela azukrez haragoko zapore gozorik, eta batzuetan nahikoa izaten dela begiak fuerte-fuerte itxi eta azukrea dastatzen ari garela imajinatzea, zaporerik garratzena ere goza dadin.

Astelehen goizero irakurriko dut azken paragrafo hau.

Ametsen zaporea  Ametsen zaporea