Enkarguak –
Duela pare bat hilabete estreinatu zuen hedabide honek “ABD–Bertsolaritzaren alfabetoa” izenburuko Podcasta. Bertan, abezedarioko letra bakoitzarekin loturiko gai bat jorratzen dute Mikele Arizkorretak eta hilero gonbidatzen duten bertsolari batek.

A letrarekin, Ahotsa izan zen Maddalen Arzallus protagonista izan zuen lehen argitalpenean landuriko gaia. B letrarekin, Berandu kontzeptua oinarri aritu ziren Arizkorreta eta Andoni Rekondo. D letrarekin loturik, Dirua izan da azken argitalpeneko gai nagusia. Plazaz plaza ibilbide luzea, esperientzia eta eskarmentua duen Aitor Sarriegik bapateko bertso saio baten harira, bertsolarien eta antolatzaileen arteko harremana nola ematen den azaltzen du bertzeak bertze. Zinez elkarrizketa interesgarria. Bertsolari aldizkariaren Youtubeko atarian duzue ikusgai. Gomendatzen dizuet.
Aitor, bat-bateko saio baten, hau da, ikusten den jarduera batean ondotik jasotzen denari edo ez denari buruz ari zela, E letrarekin, hurrengo podcasterako egokia izan zitekeen gaia etorri zitzaidan burura: Enkarguak.
Bertsolariek denetariko enkarguak jasotzen ditugu eta egiari zor, enkargu bakoitza mundu bat da. Nik behintzat, hainbat faktoreren arabera, aldarte batekin edo bertzearekin hartzen dut konpromezua; nork eskatzen duen, zein modutan, motiboa, lanaren luzera, egiteko epea,… eta noski, lan horrengatik jasoko dudana. Batzuetan sosa, bertzetan esker onak…. eta aunitzetan hori ere ez. Edo are okerrago: egindakoarekin gustora gelditu eta hurrengoan ere berriz ere niregana jotzea bertze enkargu batekin.
Ni nire esperientziatik ariko naiz, baina imajinatzen dut (edo imajinatu nahi dut) bertsolari aunitz identifikatuak sentituko direla. Erran bezala, eskaera bakoitza mundu bat da. Adibidez, musika taldeentzako hitzak egin izan ditudanetan gehienetan aintzinetik adostu izan dugu prezioa. Horrelakoetan gustora egiten da lana. Izan da mesedea eskatu, egin eta ondotik eskerrik ere eman ez duenik baina tira; horiek, zorionez, gutiengoa dira.
Badira, herri mailako enkarguak, hau da, herri mailan eskaturikoak: kirol talde bateko ereserkirako hitzak, herriko abesbatzak edo dantza taldeak eskaturiko bertsoak… Hor jaso izan dudana, gehienetan, edo beti, esker ona da eta herriaren alde zerbait egin izanaren poz ttiki hori. Ez dut gehiago eskatzen. Kirolariak debalde ari dira, herriko kultur taldeetako kideak baita ere. Ba nik ere hitzak sortzeko lana debalde eginen dut. Gainera, tarteka ilusioa egiten duten enkarguak izan dira, gerora, ni hemen ez nagoenean ere hor geldituko direnak. Beraz, herriari zerbait emateko modu bat dira zenbait lan.
Badira ordea halako nagikeria sorrarazten didaten enkarguak, batez ere jasoko (ez) dudana zer den susmatzen dudalako: urtebetetzeak, ezkontzak, ezkontza-ezteiak eta abar. Gehienetan, eskatzailea pertsona ezezaguna izaten da edo behintzat, harremanik ez duzuna. Karrikan agurtu ez eta dozena-erditik goitiko sorta bat eskatu izan didanik ere izan da, pentsa! Kasu gehienetan eskatzailearen modus operandia bera da: eskatu, zorionduaren edo omenduaren datuak eman, pare bat egunetara bertsoak jaso, eskerrik asko eta agur. Guti dira “zenbat da?” galdetzen dutenak. Gehienek, “honek bertsoak txurroak bezala egiten ditu eta minutu pare batean egingo dit” pentsatuko dute. Kasu horietan konturatzen naiz, jendeak ez duela sortzailearen lana baloratzen.
Norbaiti, lore sorta bat oparitu nahi badiogu bi aukera ditugu: norbera mendira joan, loreak bildu eta sorta eder bat sortzea, edo loradendara joan, lore sorta bat eskatu eta, logikoa den bezala, dendariari egin duen lanarengatik eta loreengatik ordaintzea.
Bertsoekin ere bi aukera daude: norberak egitea edo inguruan bertsoak egiten dakien bati eskatzea. Bi kasuetan gehienetan eskatzailearentzat kostu bera du. Hantza, bertsoak egiten pasatzen dugun denbora luzeak (ze, ez, enkarguzko bertsoak ez dira bi minututan egiten) ez du deus balio.
Badago pasarte bat, ez dakit non leitu nuena: elektrikari bat joan omen zen behin etxe batera konponketa bat egitera. Iritsi, bere gauzak lurrean utzi, koadro elektrikoa ireki, botoi bati eman eta tan-tata-txan! Arazoa konpondua. 150 eurokoa izan omen zen irteeraren faktura. Etxekoa kexu:”150 euro botoi bati emateagatik??!! Eta elektrikariaren erantzuna: “Niri ez didate botoi bati emateagatik ordaintzen, ze botoiari eman behar zaion jakiteagatik baizik”. To, arrazoia!
Ba tira, bistan denez, bertsotan jakiteak, eta jakintza hori lantzen pasatutako urteek ere, antza ez dute baliorik.
Egia da, eta aunitz aspaldi hala pentsatzen ariko zarete, badagoela fustrazioa ekiditeko nere esku dagoen aukera bat. Baina atal honen lehenbiziko artikuluan garbi utzi nuen: ez dakit ezetzik erraten. Hori ere noizbait ikasi beharko dut.

