Bukaerako agurrak –

Gorroto ditudala esatea gehiegi izango litzateke, baina ezin ditut irentsi bukaerako agurrik gehien-gehienak. Berdin dio kantatuak, eta berdin esanak. Ez ditut aguantatzen, eta kito. Dramarik gabe.
Badira agur hotsandikoak, hanpatuak. Auzoko eguarteko aizkolari ondorengo saioxkan habanera motelean kantatzen diren horietakoak. Hiletan zendu berria historiako top-3 pertsona garrantzitsuenen artean sartzen duten diskurtsoetakoak. Bat ere axola ez dizun aspaldiko ezagun horri, despeditzerakoan, gerrara doan balizko semeari Txirritak egingo liokeenaren pareko agurrak. Badira agur inposibleak. Denekin ondo geratu nahi eta bueltan-bueltan inorekin kunplitze ez duzuneko agur-klase hori. Ahaztuko zaizu izenen bat, egon lasai, zaude ziur. Aurrez aurreko despedidetan ere gehiegi hitz egiten hasiz gero, danba, hortxe sartuko duzu hanka, ondo geratu nahi desesperatuan. Aterako duzu okerreko dataren bat, abizenen bat, gertaeraren bat. Eta orduan, danba, ordura arte irabazitako guztia eroriko zaizu behera.
Badira agur kutre eta lekuz-kanpokoak. Triunfalista kantatu eta ordean kilker-soinua baino entzuten ez duzun agur horiek. Munduko txisterik txisteena edo emoziorik emozioena plazaratu duzula uste eta trukean isiltasuna besterik jasotzen ez duzuneko agurrak. Igogailuan 3-Cko bizilagunari erantzun hiper-okurrenteren bat eman eta atzeraka-atzeraka ateratzen zarenekoa, hilketa-eremu batetik bezala. Homer Simpson zara sastraka artean ezkutatzen.
Hau guztia esanda, daitort ni neronek ere arazo bat dudala agurtu beharrarekin. Besteen ahotik entzundako agurrez ari naiz. Ez diot nire buruari emozionatzen uzten azken puntu hori iristean. Gero, behin agurrak bukatuta, estimatuko ditut, baloratuko eta askotan beti-betirako gogoratuko, baina momentuan “pss, bale” aurpegia jarri eta aurrera.
Hori, besteen agurrekin. Nik agurtu behar dudanetan are okerragoa da: ate txikitik atera, ke-bonba bota edo likidotu eta kanoi-zulotik behera desagertuko naiz, agurtu behar deneko liturgia ekiditearren. Gero damuak, batzuetan gertatzen baita agur batzuk betirako agur izatea, horrelakoetan agur ez ziren agur izanda bukatzen dutenak.
Ana Sarriak galdetzen du bere “Militantzia mistoak hiltzen nau” artikuluan: “feminismoak maskulinitatearen ezaugarriak lantzen ditu; nola irakatsia zaizuen emozioak gordetzen, indartsuarena egiten?”. Norbaitek, aurretik esan ditudanak irakurtzean pentsa lezake azken galdera horretan dagoela nire ezintasunen gakoa, eta baliteke arrazoi izatea ere. Parte inplikatua naizen aldetik, ezin dut nahiko nukeen prespektibarik gorde. Baina nago, hain zuzen, emozionalki bizirik irauteko mekanismo bat dela inoiz agurtu nahi eza, edo ahal dela espantuka aritu gabe behintzat. Ahal dela musu gutxi, besarkada gutxi, habanerarik ez, denbora neurtua. Bukatu nahi eza da agurrak ez irenstea.
Hortaz, gero arte.

