Maite Sarasola Izazelaia
Maite Sarasola

2026-06-17

Eskolartekoa, askoren artekoa

Eskolartekoa askoren artekoa –

Eskolartekoa askoren artekoa

Bizkaiko herri eta auzo ugaritan kanporaketak egin ostean, maiatza bukaeran egin dira Aulestin idatzizko eta bat-bateko eskolarteko bertso finalak. Urduritasuna, gogoa, poza, ezjakintasuna, lehen aldiak, lehen bertsoak, sariak, ilusioa… eta gauza gehiago batu ziren ostiral eta larunbatean herriko frontoian, irudi benetan ederra. Bizkaiko txoko ezberdinetako gazteak batu ziren bertan, bestela batuko ez liratekeen testuinguru eta plan baten bueltan: bertsotan. 

Nik argi daukat Aulestin gertatu zena urtean zehar hezkuntza arautuko bertsolaritzako irakasle, bertso eskoletako irakasle, bolondres, guraso euskaldun eta euskaltzale eta abar guztiek egindako lanaren emaitza dela, lan nekeza baina emankorra benetan. Inoiz ere ez da erraza izan euskal kultura eta sorkuntzari lekutxo bat egitea, baina oraindik badaude horretan sinesten duten eta dugun haur eta gazteak, kantari ibili nahi dugunok Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Eta Aulestin irudi eder hori jasotzea ilusio horren transmisioan bete-betean asmatu izanaren seinale da, beraz, zorionak denoi, zoragarri ari dira, zarete, gara. 

Bestalde, bat-bateko finalean ikusi ziren zenbait kontu aipatu nahiko nituzke, hauek ere badirelako transmisio eta bide honen emaitza. Hasteko, nahiko adierazgarria iruditzen zait 8 finalistetatik gizonezko bakarra egotea. Ez dut esan nahi honek beti horrela izan behar duenik, baina kontuan hartuta alderantzizko egoera batetik gatozela, uste dut ospatzekoa dela emakumeak gehiengoa diren final bat egon izana. Jarraitzeko, egon ziren bertsolarietatik agian ezagunak bai baina denak ez ziren elkarren lagun, eta hala ere taldetasuna, elkar zaintza eta babesa ziren nabari lehiaren gainetik. Amaitzeko, diskurtsiboki ere nabarmena zen gazte horiek zuten freskura, berritasuna eta mezu apurtzailea. Eskolartekoa jada ez da “zu irakaslea zara eta zu ikaslea, eta gaurko azterketan ikaslea harrapatu duzu txuleta egiten” bezalako gaiei erantzuteko lekua, taldean hausnartu, errespetuz eztabaidatu eta elkarrengandik ikasteko espazioa baizik.

Bertan ibili zen Amaiur ere, Bilboko Kafe Antzokiko bertso eskolako gaztea. Bera ibili zen kantuan, baina beheko aulkietan bertso eskolako kide guztiok egon ginen animatzen eta mimoak ematen. Pare bat egun aurretik pankarta egin genion, eta argi utzi genion “gu beti zure alde” egongo garela, eta beti izango garela “zure fan handienak”. Txapel batek definitzen du nor den finaleko txapelduna, baina niretzat garaipen handia da bertso eskolan sortu dugun babes, lagun eta zaintza sarea. Eta nola ez Amaiur, neure sentitzen dut zu horra iritsi izana baita ere, zorionak.

Horrela bota zuen Amaiurrek amaierako agurrean:“ […] ta nire bertsokideei zuzentzea/gustatuko litzaidake. Bertso eskolak zabaldu dizkit/ bihotza ta zenbait ate. Zuekin zaila izan behar zena/bihurtu egin da bake. Ta beste mila bizitzan ere/ apuntatuko nintzake”.  Nik ere beste mila bizitzatan aukeratuko nuke honen parte izatea, zalantzarik gabe gainera. Bide ederra ireki dute gazteek, eta denon esku dago hortan jarraitzea, hau baita askok nahi dugun bertsolaritza, denona eta gozagarria.

Eskolartekoa askoren artekoa