Zero koma zero –
Doinua: Zer buruzbide bihotz gabe
Azken boladan gogor jo digu
oldarraldien haizeak
Epaitegian aldrebestuta
gure aurre ta atzeak
Hausnartu nahi dut irentsi bainau
protestarako goseak
Zer suposatzen duen A eredu
baten euskara klaseak
Eta merezi duten bezala
zero bat ateratzeak.
Ez dira kapaz euskara hutsean
esaldi bat osatzeko
Ez dago euskaraz dakien norbait
behintzat bakar bat klaseko
Euskal kultura sentitzen dute
inexistente antzeko
Ta ez dira gai erreferente
kultural bat aipatzeko
Eta hala ere ausardia dute
nota erreklamatzeko.
Deklarazio saiakeretan
ibili izan dira zenbait
Nik ez, norbaitek ulertu al du
kontatu nahi duten zerbait?
Horrela aipatu duten bezala
bertako bi ikasle guaik.
Mezu argi bat zuen mailara
egokituta nolabait:
Duzuen lotsa falta larri hau
oso txarra iruditzen zait.
Beraien kezkak zein diren berriz
aipatu nahiko nituzke
Notak sortu du haien karreran
ta nahikoa desajuste
Uni pribatu batera joan
behar dira ze papar-puzte
Baina ze jende den ikusita
nire duda nire uste
EHU-ren siglen hitz ho(r)iek
ulertuko al dituzte?
Nahiko lan dugu egon beharraz
arauen kontrakarrean
Gertakizunak ipini gaitu
asko umore txarrean
Gazte euskaldunok argi daukagu
nahiz ibili marmarrean
Parkatu baina kanpusetan ez
gaude zuen beharrean
Karrera euskaraz ta publikoa
den espazio bakarrean.
Ikusi hondoren ba zein den gure
hizkuntzaren osazuna
Nahiz gure kontra egin nahi duten
haien modura jarduna
Guk segi daigun gure bidean
egiten ahal duguna
Gozagarria, parekidea
publikoa ta euskalduna
izango baita euskal hezkuntza
sisteman etorkizuna!


