June Aiestaran
June Aiestaran

2026-07-23

Badakit zertaz ari naizen

Badakit zertaz ari naizen –

Anoeta parean utzi gaitu autobusak. Maleta bat, beste bat, eta beste bat atera, besarkada bat, “Agur!!!!! Ondo-ondo segi”, burua maletategira, motxila bati tira, kaskarreko bat, eta lauzpabost aldiz prozesu bera. Autobusaren aurre-atze-goi eta beheak miatu, eta gurasoen aurpegietan begi, sudur, irribarre berdintsuak bilatu nahian agurtu ditut haur guztiak. Nire isla ikusi dut Anoetako kristaletan: txankleta lokaztuak, galtzerdi zulatuak, futboleko galtza batzuk, atzoko –eta atzo zenaren atzoko– kamixeta bera, motxila beso batetik zintzilik, gitarra bestetik, eta pintza kenduta ere bilduta segiko duen ile lastotua.

Kristal fin batek bana dezakeena.

Aste polit-polita pasa berri dugu Nafarroako biderik altu eta kurbatuenetan ezkutatutako aterpetxe batean: Getadarren. Bete dugu jangelako eskuin pareta kartulinaz, sortu ditugu dinamika, broma, abesti berriak, kantatu dugu behin eta berriz kanta bera, igo gara haserre bileretatik logeletara, egin ditugu antzerki pila-pila bat, egin dugu barre pila-pila-pila bat, eta, pixkanaka, joan da sortzen airezko burbuilatxo txiki bat aterpetxe inguruan.

Gu ere joan ginen bertso-udalekuetara umeagotan, eta gaur egun badakigu zertaz ari garen horietaz hitz egiten dugunean. Guk ere, bertso-udalekuetan ikasi genuen elkar besarkatzen, negar lasai egiten, beharrei, ezinegonei eta kezkei hitzak jartzen, horiek komunikatzen, ingurukoak ikusten, entzuten, kontuan hartzen eta zaintzen. Bertso-udalekuetan ikasi genuen ondo dagoela zaintzea, besarkatzea, sentitzea… eta ez dugula lotsarik sentitu behar ezer adierazteagatik.

Orain, gustatzen zait gure begirale talde mundialari begira geratu eta imajinatzea zer pentsatuko ote duten gaztetxoek gutaz; ea auzolotsa, barregura edo inbidia emango ote dien gure arteko besarkada bakoitzak; ea beraien artean erreproduzituko ote dituzten gure maitasun-keinuak, eta egunen batean esango ote duten beraiek ere bertso-udalekuetan ikasi zutela hori guztia egiten; bertso-udalekuetan ikasi zutela ondo zegoela hori guztia egitea.

Horregatik, guk, ipuinetan sinesten dugunok, garbi daukagu kristalaren zein aldetan segi nahi dugun.

Badakit zertaz ari naizen
Arg: Bertsozale Elkartea
Badakit zertaz ari naizen