Xabi Igoa: “Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Euskal Herriaren ulerkera bat ematen dizun leku pribilegiatua da”
Xabi Igoa –
Amets Aranguren Arrieta, ARGIAn.
Maite dut galdera bati erantzuteko denbora hartzen duen jendea; izaten da, normalean, zerbait esateko duena. Duela aste batzuk ezagutu nuen Xabi Igoa eta bere koadernoko apunteetan zer zegoen jakin nahi nuelako eskatu nion elkarrizketa. Baietz esan zidan, ze ongi! Orain badakit Aramaiotik Arrasatera zortzi kilometro besterik ez dagoela.

Xabi Igoa Eriz (Aramaio, Araba, 1992)
Herriko bertso-eskolan eman zuen izena 12 urte zituela eta horrek ireki zion, besteak beste, Araba modu batera ezagutzeko atea. Bertsolari izateaz gain, Bertsozale Elkarteko Lehendakaritzako kide ere bada; baina HUHEZIko Profesionalen Prestakuntzako zuzendari eta fakultateko komunikazio arduradunaren zereginei eskaintzen die gaur egun denbora gehien, hori baita 2020az geroztik bere ogibidea. Arabar eta debagoiendar sentitzen da Igoa, eta Aretxabaletan bizi da orain.
Nora ekarri gaituzu?
Andra Mariko ermitan gaude, Aramaion, amaren eta aitaren etxetik gertu. Sarri etorri izan naiz hona: umetan jolastera eta nagusiagotan korrika egitera, paseoan… Bertsotan ere egin izan dut hemen. Oroitzapen familiar, goxo eta gertukoekin lotzen dut lekua, baina baita parrandarekin ere: ermita bat da, baina gazte asanbladak urtero antolatzen du Eguzkierripa Rock jaialdia.
Egun Aretxabaletan bizi naizen arren, aramaioarra naiz. Aramaioarra jarraitzen dut izaten, ez ofizialki, baina bai mentalki [barreak]. Niretzako giltzarri izan da herria: nire bizitzako hainbat etapatan herriaz maitemindu izan naiz eta herria gorrotatu izan dut, baina uste dut identitatea eraikitzen lagundu didala. Eta inportantea iruditzen zitzaidan elkarrizketa Aramaion egitea, nahiz eta praktikoki errazagoa izan Aretxabaletan biltzea.
Mugako herria da Aramaio, badu berezitasun hori. Nondik dago hurbilago, Gipuzkoatik ala Arabatik?
Nik beti esan izan dut arabar sentitzen naizela, baina baita debagoiendar ere. Uste dut inertziek asko eramaten gaituztela Debagoiena bailarara. Esaterako, 12 urte nituenetik ikasi izan dut Arrasaten. Aldiz, bertsotan Aramaion hasi nintzen. Bertsoak eman dit beste ikuspegi bat, beste norantza bat eta Araba deskubritzeko modu bat izan da. Arabar sentitzeko modu bat izan da niretzat bertsoa bere horretan. 36 mutil hasi ginen kolpez 12 urterekin bertso eskolan. Manex Agirrek ematen zigun bertsolaritza hezkuntza arautuan eta hortik batu ginen bertso eskolara bi-hiru belaunalditako mutil guztiak. Urtebete iraun genuen, hurrengo ikasturterako ni bakarrik nengoen.
Horrek eraman ninduen urte batzuetan bertso eskola Legution eta Gasteizen egitera. Familiaren babes osoarekin, taxista-lanak egiten zituztelako, baina horrek eman zidan beste jende batekin harremana egin eta bertsotan aritzeko aukera. Beste ikuspegi bat eman zidan. Bizitza lotura horretan pasa izan dut: sarritan izan naiz Araban bertsolari giputza eta Gipuzkoan arabarra.
“Iruditzen zait bertso saio musikatuekin edo Señora Sariketarekin eta abar sortu direla oso plaza interesgarriak”
Aramaiok herri arabar gisa duen berezitasun geografiko eta linguistikoa kontuan izanda, uste duzu hizkuntza aldetik “bentaja” duzuela bertsotarako?
Esan izan digute edo esan gabe ere sentiarazi izan digute hori. Ez naiz atrebitzen esatera 12 urte nituenean zein zen egoera, ez nintzelako kontziente, baina gaur egun esango nuke bertso eskola egituratu batek herrian duen presentziak eta herrian daukan karismak, erreferentzialtasunak, identitateak… asko eragiten duela. Aramaioko haur batek bertso eskolan izena ematea guay da.
Ez dut esango gaur egun erraza denik bertso eskolan apuntatzea Aramaion, baina bertso eskolak presentzia handia dauka herrian, eta hori onuragarria da haurrek bertsotan egin dezaten eta gazteek eta nerabeek bertsotan jarraitu dezaten.

Zergatik da guay bertso eskola?
Alde batetik dago bertso eskolako irakasleek egiten duten lana, zalantzarik gabe, eta, bestetik, eskolak herrian duen presentzia. Nik bigarren horretan azpimarra dezente egiten dut edo saiatzen naiz behintzat. Bertso eskola herrian presente egon dadin, antolatzen diren gauzetan ekimena izan dezan, ekimen propioak garatu ditzan, nolabait kultur diziplina gisa herriari guretik emateko. Horrek, zeharka bada ere, ekartzen du erreferentzialtasuna.
Ekimenak anekdotikoak izan daitezke, baina adibide gisa: orain urte batzuk elizako abesbatza ateratzen zen Santa eskean, auzorik auzo. Ohitura galtzear zela, bertso eskolara etorri ziren galdezka, ea guk hartuko genukeen erreleboa. Baietz esan genien eta lehenengo urte hori elkarrekin pasa genuen. Gaur da eguna hirurogei pertsonatik gora elkartzen garena eta ez dugula izaten bazkaltzeko nahi edo behar beste leku. Eta bertan jasotzen dugun diruarekin –hori ere baldintzatzat jarri genuen bertso eskolan– hori nolabait herriari itzultzea da asmoa, betiere gure diziplinatik, bertsotik.
Horrelako ekimenek urtez urte marka uzten dute herrian, familiengan, gazteengan, haurrengan… Gaur egun eskean atera eta haurrek abesten dute helduok baino gehiago.
Traizioa da aramaioar bat Aretxabaletara bizitzera joan izana?
Galdera zaila da. Kontu praktiko bat dago funtsean: askoz erosoagoa da Aretxabaletan bizitzea, zerbitzu aldetik. Niri Aretxabaletara joan izanak min txiki bat egiten dit. Ez dakit traizioa den, baina herriko jaiotza tasa oso-oso baxua da azken urteotan. Eskola eskola txiki izatera pasa da eta eskola txiki horren azkeneko haur taldeak oso txikiak dira. Ez dut uste nigan hartu behar dudanik horren pisua, inondik inora, baina zer pentsatua ematen du hori ikusteak. Herri txiki batean geratzea politikoki guztiz koherentea eta ederra iruditzen zait, gero koherentzia hori praktikara eramatea kostatzen da. Eta Aretxabaletan oso pozik bizi naiz, beti sentitu izan naiz eroso herrian.
Arabako bertso mundua gainontzeko probintzietakoekiko diferentea dela komentatu izan da maiz. Zein puntutaraino da hori egia?
Etsai batzuk irabaziko ditut erantzunarekin. Iruditzen zait desberdina izan badela, baina desberdintasun hori artikulatu eta erabili izan dela, bere alde on eta txarrekin.
Araban, lehen kuadrilla arteko txapelketek oso eragin positiboa izan zuten hainbat eskualdetan bertso eskolak biziberritzeko edo sortzeko. Bertsolariarenetik haratago dauden bestelako agente batzuk sortzeko; izan epaile, gai-jartzaile, antolatzaile… Bai, desberdinak gara, baina denok gara elkarrekiko desberdinak. Denok batera osatzen dugu mugimendu bat eta gu [arabarrak] ere horren parte gara.
“Bizitza lotura horretan pasa izan dut: sarritan izan naiz Araban bertsolari giputza eta Gipuzkoan arabarra”
Iruditzen zait batzuetan proiektu komunetik at geratzeko inertziak ere planteatu izan direla desberdintasunaren izenean, eta horrekin, adibidez, ez nago guztiz ados.
Non daude txapelketatik pasa ez diren bertsolariak?
Bada orain txapelketan ez dagoen jende bat plazan dagoena, baina ez dakit txapelketatik pasa gabekorik ba ote dagoen. Iruditzen zait bertso saio musikatuekin edo Señora Sariketarekin eta abar sortu direla oso plaza interesgarriak, beste helduleku batzuk dituztenak eta beste modu batzuetan bertsolaritza presente egoteko ekarpena egiten dutenak. Oxala horrelako ekimen gehiago egongo balira!
Ez dago agian erabat lotuta zuzenean galderarekin, baina nik Arabako txapelketan abestu ez dudanetik, plaza gutxiago ditut. Hor gauza gehiago gurutzatzen dira e, nire adina, nire ideologia politikoa, esateko dudana eta ez dudana, jendeak entzun nahi duena… Hori ere badago, hori errealitate bat da.

Bertsozale Elkarteko Lehendakaritzako kide ere bazara. Ongi bizi duzu bertso munduan bi rol desberdinetatik parte hartzea?
Ez. [Tartea hartu du pentsatzeko] Lehendakaritza taldea hartu genuenetik Euskal Herriko bi txapelketa egin dira eta bietan erabaki zen txapelketa garaian parte-hartzaileak lehendakaritzatik at egotea. Ez delako erraza. Erakusleihoan gaude plazan gaudenean eta Elkartetik bermatu behar den gauza garrantzitsuenetakoa da txapelketan protagonismoa zerk eta nork duen argi izatea: bertsolaritzak eta bertsoak. Diziplina artistikoak, jardun artistikoak eta jardun kulturalak. Eta beste dena da hori barnebiltzeko egitura.
Joaten zarenean kantura norabait eta aurretik eta ostetik edo bitartean esaten eta entzuten dituzun denak nondik ari zaren entzuten… beti ibili behar duzu filtrotik pasatzen. Zorionez edo zoritxarrez, nik ez ditut plaza pila bat [barreak], baina beti kokatu behar duzu nondik ari zaren hizketan. Eta askotan kontrol hori paranoia propioa izango da, baina…
Nondik bizi duzu lehendakaritzako kide izatearen lana?
Arduratik, alde batetik, baina nik beti esan izan dut niretzako ikaste prozesu etengabe eta super interesgarria dela. Ni pribilegiatua sentitzen naiz Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kide izateagatik. Denbora asko eskaini diot, ez dut esango “kendu dit” [barreak]. Harreman eta ikaspen piloa eman dizkit eta ez naiz damutzen.
Oso gogoan daukat proposatu zidaten eguna, momentua, lekua, zeintzuk zeuden… Pertsonalki eta profesionalki asko eman didan espazioa da. Iruditzen zait elkartea dela erakunde bat gogoetarako, pentsatzeko, Euskal Herriaren ulerkera bat ematen dizun leku pribilegiatua.
Eta zergatik zu?
Hori besteren batek erantzun beharko luke [barreak]. Bere egunean ideia zen talde polibalente, multi-ikuspegiduna sortzea, askotarikoa. Ulertuta bertsolaritza mugimendu plurala dela eta, nolabait, bakoitzak beretik emanda eraiki genezakeela talde bat hobeto erantzungo diona mugimenduari. Bideak erakutsi digu askotarikoa eta efektiboa batzuetan ez direla ondo ezkontzen [barreak] eta hortik heldu zen aurretik zegoen taldea murriztea eta bigarren hau eratzea. Ni beti ahalegindu izan naiz ekarpena niretik egiten: nire lanak, ikasketek, bertsolari gisa egin dudan ibilbideak… eskaini didaten ikuspegitik. Inoren ordezkari izan gabe, hori ere uste dut inportantea dela, bestela eroriko ginateke kupoen kontuan berriz. Eta lan boluntarioan. Hor ere, oreka batzuk zailak dira betetzen.
Zein izan da zure orain arteko ikaskuntza eta lan ibilbidea?
Arrasateko institutuan ikasi nuen. Ondoren, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua egin nuen Mondragon Unibertsitatean. Gerora, urte batzuz AZK komunikazio agentzian aritu nintzen lanean eta 2020an, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatera pasa nintzen lanera. Bertan lanean hasteaz batera, Ikaskuntza Errazten eta Berrikuntza Unibertsitate Masterra egin nuen. Gaur egun doktore programa batean izena emanda nago.
“Topiko bat da, baina iruditzen zait erronka konplexuek eskatzen duten gakoetako bat dela desberdinen arteko elkar-ulertzea eta elkarlana”
Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza. Ez da oso ohiko gradua, ezta?
Ni oso harro nago nire ikasketa hautuaz. Aukera eman zidalako lan egiteko modu desberdinak, jende desberdina eta herrialde desberdinak ezagutzeko. Eta ikasketa prozesuaren protagonista izateko, hein handi batean. LEINN [Liderazgo Emprendedor e Innovación] graduan ikasleari ardura hartze bat eskatzen zaio eta iruditzen zait oso irakaspen interesgarria dela hori bere osotasunean.
Segur aski aurreiritzi batzuk egongo dira jende baten burutan, konnotazio negatiboak izan ditzakeelako gizartean enpresari izateak, arketipo edo karikatura zehatz batekin lotzen dugulako. Baina uste dut gauza bat izateko modu asko daudela. Niretzat ez dira gauza bera enpresari kooperatibista bat edo enpresari bat zeinak bilatzen duen magnifikatzea bere diru-poltsa.
Taldeari eta taldetasunari dagokienez, zein minimo behar da zuretzat ongi funtzionatzeko?
Zintzotasuna. Elkarrekiko konfiantza eraikitzeko zintzotasuna erabat gako da. Horrela bizi dut nagoen taldeetan. Uste dut hori dela oinarrietako bat baldin eta helburu komunak badaude, elkarri laguntzeko prestutasuna badago… Zintzotasuna oinarria da heldu nahi den lekuetara heltzeko. Horrek ahalbidetzen du jakitea non eta zer emateko prest zauden, zerk ematen dizun min, zer interesatzen zaizun…
HUHEZIko [Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatea] komunikazio arduraduna eta Profesionalen Prestakuntzako zuzendaria zara. Zein da zure eguneroko lana?
Bat fakultateko komunikazio ardura da, lantalde batekin batera egiten dut lan eta barne zein kanpo-mailakoa da. Bestea negozio aktibitate bateko zuzendaritza da, lan-talde eta produktu akademikoak kudeatzen ditut.
Beti esan izan dut gustatzen zaidala egiten dudan lana, pribilegio hori daukat. Esango nuke pozik noala lanera eta azken urteetan lanak –hau ez da izango segur aski gaur egungo gizartean ohikoa eta guay– zentralitate handia daukala nire bizitzan.

Lan-munduari dagokionez, zer ez zenuke inertzien esku utzi nahi?
Nik asko sinisten dut piezen, agenteen, pertsonen, taldeen eta erakunde ezberdinen arteko osagarritasunean. Topiko bat da, baina iruditzen zait erronka konplexuek eskatzen duten gakoetako bat dela desberdinen arteko elkar-ulertzea eta elkarlana. Asko ikasten da besteengandik.
Aurrekoan zera pentsatzen nuen: politikan, gaur egun, adostasuna kasik da alderdi batek besteari bozka zuria ematea. Benetan hori da ados egotea? Niretako ez. Orain euskararen auziarekin pasa da, ezta? Abstentzio bat da adostasuna adierazteko modua gure gizarte honetan? Fua, iruditzen zait oso tristea. Ez dut auzitan jartzen zer bozkatu behar zuen EH Bilduk e, inondik inora ere, baina albistea entzun nuenean hori etorri zitzaidan burura.
Nor elkarrizketatuko zenuke eta zein galdera eginen zenioke?
Xabi Igoak, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko kide gisa, Agustin Markaide elkarrizketatuko luke, Eroskiko zuzendari nagusi izan zena. Eta galdetuko nioke bere ibilbide profesionalean zein izan den bai ala bai bermatu nahi izan duen printzipio bat.
Eta Xabi Igoa bertsolariak… [denbora hartu du pentsatzeko] betikoa da, baina Maialen Lujanbio. Eta galdetuko nioke ea zeri abestu nahi dion.

